Athletic Club

Zaragozak 0-Athletic Clubek 2: Merezita

Zaragozak 0-Athletic Clubek 2: Merezita

Denboraldia aurrera doan heinean Ligako bidea hobetzen ari da gure taldea eta, bide batez, zama…

Denboraldia aurrera doan heinean Ligako bidea hobetzen ari da gure taldea eta, bide batez, zama estatistikoak alde batera uzten. Zaragozan soberan merezitako garaipena erdietsi du Athletic Clubek (0-2) eta horrekin batera etxetik kanpoko lehendabiziko garaipena ere, eta golik jaso gabe, eta UEFAko partida baten ostean, eta jada badira bost garaipen azken sei partidatan, eta gero eta urrunago daude beheko tokiak… Ligako 4.000garren gola ere heldu da Ezquerroren bitartez, Bergareche (lehendabiziko gola) Iriondo (2.000.gola) eta Lizeranzurekin (3.000. gola) bat eginez. Eta eguaztenean borobildu behar da azken asteotako lana Mallorca mendean hartuz, iazko denboraldiko zenbakiekin parekotasuna lortzeko… Kopan zein UEFAn bizirik ere.

Eta horretarako gaur erakutsi diren birtute berak erakutsi beharko dituzte zurigorriek. Talde sendotasuna berreskuratzean datza gakoa, hamaikakoa bata zein bestea izan. Zaragozan hasieratik ongi ipinita irten dira Valverderen mutilak, eta Villaren jaurtiketa bat kenduta, abagune guztiak gureak izan dira: Yesteri seinalatu gabe eginiko penaltia, Etxeberen erdiraketa, Ezquerroren burukada, Yesteren jaurtiketa langara… Ez da fruiturik eskuratu eta Zaragozak hamar minutu onak izan ditu, arriskua sortuz Savio eta Movillaren bitartez.

Partida parekatua zirudienean Yesteri eginiko penaltia seinalatu du epaileak. Iraolak bota du baina Luis Garciak erraz asmatu dio jaurtiketa. Hortan ere, heldutasuna erakutsi du taldeak eta mantendu du ekimena.

Bigarren zatian are nabarmenagoa izan da Athletic Cluben nagusitasuna. Berehala egin du Ezquerrok buruz zero eta batekoa, 54. minutuan. Atzera jo beharrean, aurrera jo du Athletic Clubek eta Casasek zein Etxeberriak izan dituzte abaguneak, baina aldea txikiegia zen oraindik.

Zaragozak aldaketa erasokorrak egin ditu eta Militok eta Saviok abaguneak izan dituzte 74. eta 76. minutuetan hurrenez hurren, baina Aranzubiaren lan finarekin topo egin dute. Jarraian Orbaizen pasea aprobetxatu du Ezquerrok, Luis Garciaren irteera ekiditu du doi doi taldeko Ligako 4.000.garren gola egiteko. Etxeberriak ere izan du beste aukera bat hurrengo minutuan baina ez da gol gehiagorik egon, etxekoek azken ahaleginak egin dituzten arren.