Athletic Club

Heriotza: Eneko Arieta

Heriotza: Eneko Arieta

Eneko Arieta-Araunabeña Piedra jokalari zurigorri ohiaren heriotza dela eta, Athletic Clubek bere atsekabea adierazi nahi…

Eneko Arieta-Araunabeña Piedra jokalari zurigorri ohiaren heriotza dela eta, Athletic Clubek bere atsekabea adierazi nahi du. Lerro hauen bitartez, 50 eta 60. hamarkadetan Athletic Club-en jokalaria izandakoaren familiari eta adiskideei bere doluminik bizienak eskaini nahi dizkie.

Arieta Ia Durango jaio zen 1933. urteko abuztuaren 21ean. Herri honetan eman zituen bere lehen urratsak futbolean, lehenengoz Maristekin eta Jesuitekin, eta geroago, Taviran. Talde honetan erdiko aurrelari bezala behin betiko kokatzen da. Durangoko talde honetatik Getxora jo zuen eta hortik Athletic-era, bertan hamabost denboralditan jokatu zuelarik, 1951-52etik 1965-66ra bitartean.

Sekulako ezaugarri fisikoko aurrelaria zen eta horri esker defentsa lanetan laguntza handia ematen ohi zuen. Arieta Ia Telmo Zarraren ordezkoa izan zen eta luxozko gainera, jokatutako 295 partida ofizialetan 170 gol sartu zituelako. Datu honen arabera, Athletic-en historian zazpigarren gol egilerik onena da. Bere indar fisikoagatik “Torito” Arieta ezizenez ezagutua zen 50 hamarkadaren talde txapeldunaren jokalari honek, 1955-56 denboraldiko Liga eta 1955, 1956 eta 1958 urteetako Kopa txapelketak lortu zituen Athletic-ekin.

Athletic Club-en izan zuen oroigarririk onenetarikoa azken tituluari dagokio, hain zuzen, Real Madrilen aurka Santiago Bernabeu futbol zelaian irabazitakoa, protagonista nagusietako bat izan zelako. Izan ere, talde zurigorriak sartutako bi goletatik bat berak sartu zuen.

Athletic Club-eko ordezkaritza ofiziala, Fernando Lamikiz presidentea buru izanik, Durangoko Andra Mari elizan bere alde ospatuko den hileta-elizkizunera bihar joango da.

Azkenik, lehen taldeak Bartzelonako Espanyolen aurka jokatuko duen hurrengo Ligako partidan besoko beltza eramango duela aipatu beharra dago.