
Athletic Clubek 4-Osasunak 3: Zailena egin
Athletic Clubek 4-Osasunak 3: Zailena egin
Badakigu Athletic horrela dela eta gure klubeko historia luzean hainbat orri berezi idatzi direla. Badakigu…
Badakigu Athletic horrela dela eta gure klubeko historia luzean hainbat orri berezi idatzi direla. Badakigu ere partida hau gogoratzeko eta gogorarazteko geratuko dela ere. Erraza da oso, galtzen denean batez ere, futbola horrela dela esatea, baina berdin balio du kontrako egoeran. Esaterako aurtengo denboraldian Anoetan nola galdu zen norgehiagoka argitzen saiatzeko. Galdera bera egingo diote nafarrek une honetan euren buruari. Nola liteke?
Osasunak ederto eraman du partida lehen zatian, sendo atzean, joku zuzena eginez eta gainera 15. minutuan Pablo Garciaren gol ikusgarriari esker abantailaz markagailuan. Athletic Clubeko erantzuna azkarra izan da Llorente eta Prietoren bitartez, baina gaseosa bailitzan, berehala joan zaio indarra eta ez da ezer aipagarririk gertatu atsedenaldia baino lehen.
Bigarren zatiaren hasiera are tristeagoa izan da. Hamar minututan dena pikutara zihoala ematen zuen. Webok primeran errematatu egin du buruz partidaren azken zatian bere portaerarengatik Lezamakumea ez zirudien Expositoren erdiraketa 48. minutuan. Webok berak beste aukera bat izan du 48. minutuan eta Puñalek izugarrizko zartakoa gola bihurtu du faltaz 55. minutuan. Urtarrileko aldapa inoiz baino luzea bihurtu da bots minutuz.
Partidako 60. minutuan Yestek egin du bat eta hirukoa… eskuineko hankaz! “Gora bihotzak” pentsatu ei dute zurigorriek eta Ezquerrok izan du bigarrena egiteko aukera, baina Yestek berriro Yesterena egin du: falta jaurtiketa, hesia gainditu maisuki eta bigarrena markagailura. Une hartan Osasunak gelditu egin du partida eta are gogorragoa bihurtu da lehia txartelak eta jokua tartekatu diren bitartean.
Soropilaren egoera kaxkarrak biderkatu egin du nekea, baina bi jokalari berri zelairatu dira 80. minutuan. Bai, futbola horrela da, hamar minutu jokatzeke, Tiko eta Guerrero zelaira eta biek gola lortu dute. Tikok amaiera bikaina eman dio erasoari 84. minutuan baloia Eliarentzat harrapaezina bihurtuz. Sari potoloa zirudien berdinketa aurrez aurretik geneukana ikusita, baina onena etortzeke zegoen. Eta Julen Guerrerok eskuratu egin du 90. minutuan segundu batzuk lehenago ihes egin diona: taldeko laugarren gola eta horren eskutik zoramena, minutuak aurrera joan ahala berotzen joan den zalegoarekin batera.
Txarrena izan da Lacruzen lesioa -domekan aztertuko zaio eskuin belauna- eta Yesteren bigarren horia -ez da Valentzian egongo-. Onena, azken finean, hamabi urte beranduago Osasuna etxean gainditzea zer den eta, bide batez, jakitea talde honek berretsi egin duela historia egiten badakiela. Orain, Koparen bila.