
Athletic Club 1-Getafe 2: Aukera galdua
Athletic Club 1-Getafe 2: Aukera galdua
Europar postuetarako lehian buru belarri sartzeko aukera bota du Athletic Clubek etxetik kanpoko garaipenik ez…
Europar postuetarako lehian buru belarri sartzeko aukera bota du Athletic Clubek etxetik kanpoko garaipenik ez zuen Getaferen aurka 1-2 galdu ondoren. Lehen zatian partida erabakitzeko abaguneak izan dituen arren, Athletic Clubek bigarrenean ez du jakin irabazteko nahia sendo egotea eta freskotasun ezarekin uztartu eta espero ez zen eran, urruneko falta batean eta baloia inozokeriaz galdu ostean, eraman dute partida madrildarrek. Kezkagarria, dena den, bigarren zati osoan zurigorriek abagunerik sortu ez izana da.
Lehen zatian “normaltasun” osoz abiatu da partida: etxekoen ekimena eta presioa, bisitarien ordena eta kontraerasorako joera. Gauzak horrela, 12. minutuan epailearekin zorte larregirik izan ez duen Urzaizek abagune bikoitza izan du, baian atepean urrundu dituzte erremateak. Beste hamabi minutu beranduago, hots, 24. minutuan, are okerrago suertatu da aurrelariarentzat, gola baloigabetu baitio epaileak Nanorekin lehian ibili eta gero. Dena den, Getafek bere joku era aprobetxatzen saiatu da 33. minutuan, baina Komeren jaurtiketa desbideratu egin du Aranzubiak. Soilik bi minutu beranduago Ezquerrok talde lanaren saria eskuratu du, bat eta zerokoa ezarriz eta are hobeagoa ipini da balizko etorkizuna Belenguerrek eskuz urrundu duenean Orbaizen zartakoa. Tamalez Iraolaren penalti jaurtiketa asmatu egin du Aragonesesek eta atsedenaldira uste baino alde txikiagoa eraman dute zurigorriek.
Bigarren zatian, aldiz, inoiz baino txartoago atera dira gauzak. Alde batetik, lehen aipatu dugun legez, taldeak ez duelako aukera garbirik sortu. Getafek aldiz, aldaketa erasokorra (Michel Rivasen ordez) egin duen arren, ez du gehiegi aldatu portaera: sendo atzean, lauko bi lerro elkarrekin eta noizean behin kontraerasoa saiatu eta estrategiako jokaldiei etekin atera. Eta nola gainera. Rikik buruz errematatu egin du 52. minutuan eta Rikik berak behetik buelta erdian baina Aranzubiak gelditu egin du baloia. Athleticek nahi, bai, nahi zuen, saiatzen zen, baina sakontasunik gabe. Madrildarrek, aldiz, nahi zuten eta sakontasunik gabe bada ere, primera burutu dute estrategiako jokaldia 63. minutuan Komek bakar bakarrik errematatu baino desbideratu egin du baloia sareetara 63. minutuan.
Partida berria izango zela uste bazen ere, antzekoa segitu du, Athletic nahi eta ezin, Getafe, zain. Valverdek hainbat aldaketa egin ditu, Prieto, Tiko eta Guerrero sartuz, baina saririk potoloena Getafek eroan du 80. minutuan, Lacruzek galdu duen baloia Rikik eskuratu duenean, edo Rikik baloia lapurtu dionean Lacruzeri. Era batean ala bestean izan, emaitza tamalgarria: pasea Micheli eta honek bigarrena egin. Erreakzio falta berbera erakutsi du gure taldeak partida amaitu bitartean eta itxaropen bakarra gelditzen zaio: domekan beste aukera dago eta hor indar guztiak ipini beharko dituzte Ligako ibilbidea denborapasa bihurtu ez dadin.