Athletic Club

Athletic Clubek 3-Levantek 1: Oraingoan bai

Athletic Clubek 3-Levantek 1: Oraingoan bai

Athletic Clubek Ligako atsedenaldia aurpegi onez hartuko du Levante justizia osoz mendean hartu eta gero….

Athletic Clubek Ligako atsedenaldia aurpegi onez hartuko du Levante justizia osoz mendean hartu eta gero. Joan den eguaztenean gertatu zen legez, ondo ekin dio Athletic Clubek norgehiagokari, baina oraingo honetan abantaila hartzeaz gainera handitu egin du gero, lasaitu du partida, eta gainera erreakzio ona erakutsi du gola jaso ostean. Llorentek, hasierako hamaikakoan, bi gol egin du eta beste bat Urzaizek, ezerezean utzi dutena Juanmak valentziarrentzat gauzatu duena.

Europa lehen bezain urrun dago oraindik, bospasei puntura, baina taldeak erantzuten dakiela adierazi du garbi, astebeteko oporraldia aprobetxatzeko gogoz eta Liga zein Kopako azken txanpari gogor ekiteko asmoz.

Hasieratik bertatik partidaren bila irten da Athletic Club eta gero ere ondo neurtu du lehiaren erritmoa eta egunotan hainbeste aldiz aipatu den gabezia fisikoa baztertu egin du. Hirugarren minutuan Tikok izan du abagunea buruz, baina kanpora errematatu du. Tikok berak 10. minutuan frogatu du berriro, Etxeberriak bezala eta hasierako joku erasokorrak saria eskuratu du hamaikagarrenean, Llorenterek Lehen Mailan egiten zuen lehendabiziko golari esker (hiru darama Kopan) eskuinez, kanpoko aldearekin Prietok orpoz egindako pasea jaso eta gero. Bolada erasokorra hainbat minutuz mantendu egin du gure taldeak eta Orbaizen hanketan heldu da aukera berria.

Ezinezkoa suertatzen da normalean erritmo jokuari eustea eta Levante suspertu egin da, batez ere Sergio Garciaren eskutik. Lehen zatian berak sortu egin ditu bisitarien aukera ia guztiak, lehen biak 20 eta 24. minutuetan baina berehalakoa izan da Athleticen erantzuna, Tikok izugarrizko zartakoa bidali baitu zutabera 25. minutuan. Sergio Garciak mehatxatu du segidan, beste bitan, eta tartean Gurpegik gora bidali du ezkerrez. Lehen zatiari amaiera emateko, Camachok sortu du azken arriskua.

San Mamesen galdu diren denboraldiko hiru partidatan zurigorriak markagailuan aurrea hartu zutela kontuan hartuta, ikusteke zegoen bigarren zatiko gidoia. Zorionez, zirrikitu gutxi utzi du Athletic Clubek. Orbaizek 48. minutuan bidea markatu du eta Llorentek bikain errematatu du buruz sareetara 52. minutuan Del Hornoren erdiraketa paregabea. Bere bigarren gola Ligan jada poltsikoan.

Lasaitu ederra hartu du San Mamesek, baina ez erabatekoa, nahiz eta Gurpegik urrutitik zutabera baloia bidali duen67. minutuan. Aldaketak hasi dira talde bietan eta erdiraketa batean Sergiok falta egin dio Del Hornori eta Juanmak ederto aprobetxatu egin du aldea murrizketko oraindik hamazazpi minutu falta zirela arauzko denbora betetzeko.

Dena den, zuhurtasunez jokatu egin du Athleticek. Etxeberriak egin du aukera 78. minutuan eta 87. minutuan elgoibartarrak berak kontraerasoa maisuki gidatu du Urzaizi aukera emanez hirugarrena ezkerrez sartzeko. Hiru puntu gehiago, distantzia bera europar postuekiko baina bestelako sentzazioa. Txarrena Tikoren bosgarren txartel horia eta onena atsedenaldian indarberritzeko aukera daukatela irabazten dakitela erakutsi ostean.