Athletic Club

Athletic Clubek 0 Betisek 0: Penaltietan galdu behar

Athletic Clubek 0 Betisek 0: Penaltietan galdu behar

Husnako berdinketarekin amaitu da Kopako finalerdia San Mamesen. Penaltietan 4-5 irabazi du Betisek eta, tamalez,…

Husnako berdinketarekin amaitu da Kopako finalerdia San Mamesen. Penaltietan 4-5 irabazi du Betisek eta, tamalez, ilusiotik tristurarko bidea zein laburra den dastatzeko aukera izan dugu.

Une honetan gutxirako balio du gogoratzea merezimendu gehienak (joaneko partidan ere) gure taldeak egin dituela. Ezertarako ez du balio gogora ekartzea maltzurkeri hutsa zela epaileek Athletic Clubaren alde joko zutela esatea edota penalti jaurtiketak loteria hutsa direla. Ezin izan da eta kitto.

San Mames gainezka eta harmailetan giro aparta zela, ahal zuten guztia eta bi gehiago eman dute gure jokalariek eta une txar honetan zaleek primeran ulertu egin dute eskertzekoa zela ahalegina, azkenik antzua suertatu den arren.

Gurpegik eta Yestek izan dituzte aukerak lehendabiziko laurdenean, gauzak baretu dira eta ia atsedenaldian Tiko saiatu da urrutitik. Betisen aldetik Mellik berebiziko aukera izan du 44. minutuan baina Lafuente bikain aritu da.

Bigarren zatian are nabarmenagoa izan da Athletic Cluben nagusitasuna, baina fruiturik gabe. Taldeak gainditu behar izan du ere Etxeberriaren zauria iskiotibialetan eta era berean Del Horno sartu da Casasen ordez. Oliveiraren aukera bakarra, 77. minutuan Lafuenteren sake bat aprobetxatuz, albo batera utziz, aukera guztiak zurigorriak izan dira: penaltia seinalatu du epaileak 63. minutuan eta ezetz, kanpoan zela, esan dio laguntzaileak, Yestek eta Tikok abagune bikoitza izan dute bi minutu beranduago, Urzaizek 78. minutuan buruz eta Ezquerrok buruz aukerarik garbienetako bat 86. minutuan, baina ezin izan da luzapena ekiditu.

Bertan, Athleticen nagusitasuna azpimarratzekoa izan da. Ezquerrok aukera sortu du 103. minutuan eta Betisek ere berea, partidako argiena, Oliveira buruz errematatu baitu langara 110. minutuan. Eta argitasuna behin aipatuz gero, hona hemen epailearen ausardia falta 113. minutuan besoz moztu duenean Betiseko atzelariak Ezquerroren jaurtiketa. Ezquerrok berriro izan du aukera 114. minutuan, Gurpegik bezala eta Urzaizen ordez irten den Llorentek azkena 117. minutuan buruz.

Eta gero penaltiak, 4-4 lehendabiziko txandan eta 4-5 amaieran. Zozketa zoro horretan Del Hornok eta Ezquerrok ez dute asmatu eta Kopako finala jokatzeko txartela Betisek izango du.

0-0 Del Horno, Doblasek gelditzen du – 0-1 Assunçao, gola
1-1 Yeste, gola – 1-1 Oliveira, kanpora
2-1 Tiko, gola – 2-2 Joaquin, gola
3-2 Orbaiz, gola – 3-3 Denilson, gola
4-3 Iraola, gola – 4-4 Lembo, gola
4-4 Ezquerro, Doblasek gelditzen du – 4-5 Luis Fernandez, gola

Lau urtetan bitan malkoz bete da gure aldagela finalerdietan agur esan eta gero. Galtzean ere harrotasun puntu hori erakutsi behar eta ilusioz prestatu beharko datorrena inoiz alaitasuna nagusi izan dadila. Beti Athletic!