
Athletic Clubek 1-Ecomax Clujek 0: Intertotori agur penaltietan
Athletic Clubek 1-Ecomax Clujek 0: Intertotori agur penaltietan
Tamalez aski ezaguna den historiaren errepikapena bizi izan du berriro Athletic Clubek eta Intertoto Kopari…
Tamalez aski ezaguna den historiaren errepikapena bizi izan du berriro Athletic Clubek eta Intertoto Kopari agur esan dio penaltietan, nahiz eta partida 1-0 irabazi. Luzapenean ez da golik izan eta penaltietan hasiera hasieratik maldan gora egon da sailkapena.
Erasokor atera dira errumaniarrak, kanporaketa berehala konpondu guran edo. Urduritasuna gainditu du gure taldeak eta gauzak orekatu egin dira. Partidak ez zeukan inolako zerikusirik joaneko neurketarekin. Parekotasun bakarra izan da etxeko taldeak bere gola egin duela joan den astean bezala: lehen zatia amaitzeko hamar minutu baino gutxiago falta zirela eta buruz. Javi Gonzalezek lortu du Jonanen erdiraketari esker.
Bigarren zatian nagusitasuna zurigorria izan da, nahiz eta aukera gutxi sortu den. Argienak Clujekoek euren atearen aurka 60. minutuan egin dutena, langan jo duena, eta De Paulak minutu bat beranduago izan duena.
Denbora aurrera joan ahala indarrak agortu dira gure taldearentzat, luzapenean ekimena eramaten saiatu diren arren. Tarte horretan abagunerik argienak bi izan dira: Coroianena bata, baina Lafuentek harrapatu du baloia 99. minutuan eta, gurean, Guerrerorena 114. minutuan baina Turcasen eskuetara joan da. Eta berri gehiegirik gabe penaltierara abiatu da lehia eta hor, esan legez, aski ezaguna den historia bizi dugu berriro, hots, galtzearena.
1-0 Jula, gola; 1-0 Ustaritz, kanpora
2-0 Vlajic, gola; 2-1 Gontzal, gola
3-1 Toma, gola; 3-2 Ibon Gutiérrez, gola
4-2 Anca, gola; 4-3 Guerrero, gola
5-3 Coroian, gola
Azkenik, irakaspenik onena atera beharko dugu eta oraingo honetan jokalari gazte batzuek etorkizuna dutela esan dezakegu. Bestalde, hurrengo denboraldietarako lehiaketa berri honen nondik-norakoak, abantailak eta desabantailak, ezagunak izango dira. Orain denboraldiaurreari burubelarri ekin behar.