Athletic Club

Getafek 1-Athletic Clubek 1: Lehen puntua etxetik at

Getafek 1-Athletic Clubek 1: Lehen puntua etxetik at

Athletic Clubek bere lehendabiziko puntua urratu du etxetik kanpo Liga honetan Getaferen aurka bana egin…

Athletic Clubek bere lehendabiziko puntua urratu du etxetik kanpo Liga honetan Getaferen aurka bana egin eta gero. Güizak sartu du bat eta zerokoa 27. minutuan, jokoz kanpo ei zegoela, baloia Aranzubiaren gainetik loratuz eta Casasek bere lehendabiziko gola egin du Athletic Clubarekin buruz 40. minutuan Yesteren korner jaurtiketa errematatuz.

Madrildarrak ez dira makalak eta hasieratik presio handia egin dute Athletic Clubeko sormena ito guran. Lehen zatia parekatuagoa izan da oso eta bigarrenean aukera gehiago sortu du Getafek, zurigorrienak azken uneotan pilatu badira ere baina ezin izan dute kontraerasorik gauzatu.

Gurpegik balizko penaltia egin du partida hasi eta berehala (bigarren zatian bera izan da biktima ere korner baten jaurtiketa errematatzera zihoala) Dena den, lehen aukera Güizarena izan da 5. minutuan, Yestek erantzun badio buruz hamargarrenean, Luis Garciarekin topo eginez. Lehia zeharo parekatu da eta aipaturiko golak aparte utziz ez da inongo aukera garbirik sortu.

Bigarren zatiari ekin bezain pronto hasi da urdinen erasoa eta Aranzubiak, azkenean bera izan da atezain titularra, Belenguerren burukada desbideratu du 46. minutuan, 54. minutuan Güizak bota du gora, 61. minutuan Güizaren beraren jaurtiketa Aranzubiak gelditu du eta 64. minutuan Gavilanek izan du abagunea, baina gora jaurti du.

Une horretan Lacruz zegoen jada ezker hegalean Casasen ordez eta Schusterrek Paunovic atera du Contraren ordez. Segidan sartu da Guerrero hasieratik minduta zegoen Llorenteren ordez, etxeko taldean Craioveanu beteranoak Gavilanen tokia hartu du 78. minutuan eta Javi Gonzalezek Etxeberriarena 85. minutuan. Postu aldaketa franko ikusi dira eta baita aukera batzuk ere.

Yestek bat izan du 87. minutuan baina behartuegia errematatu du ezkerrez Iraolaen erdiraketa. Jokaldi horretan penaltia eskatu du Guerrerok. Rikik buruz errematatu du gora buruz 89. minutuan Pachoni lekua utzi baino lehen eta aukera paregabea izan du Iraolak azken uneotan, baina baloia geratu zaio atzean.

Lacruz eta Javi Gonzalez jokalariei tokatu zaie dopajearen aurkako kontrola gainditzea, Ligako lehendabizikoa gure taldearentzat.