Athletic Club

Athletic Clubek 0-Racingek 0: Saririk gabe

Athletic Clubek 0-Racingek 0: Saririk gabe

Askozaz sari potoloagoa merezi izan du Athletic Clubek, baina husnako berdinketaz baino haratago ez da…

Askozaz sari potoloagoa merezi izan du Athletic Clubek, baina husnako berdinketaz baino haratago ez da joan izan dituen aukerak bigarren zatian gauzatu ezinik ibili eta gero. Atzean ez dute inolako arriskurik pasa zurigorriek, baina, esan bezala, bigarren zatira arte ez dute benetako arriskurik sortu eta beranduegi izan da erasoan agertu ez den taldearen aurka.

Racingek helburu bakarra zeukan: partida berdintzea eta bigarren minutuan Ayozek egin duen jaurtiketa bortitza izan da abagune bakarra partida osoan, Santanderrekoek ez baitute atera jaurti ere egin. Aranzubiak kornerrera bidali du arestian aipaturiko jaurtiketa eta hor amaitu dira kezkaz gure atzeko lerroarentzat, baita egindako lan onarengatik ere.

Tamalez, batez ere lehen zatian, Racing ederto defendatzeaz gainera, Athletic Clubek ez du asmatu azken pasean eta area ingururaino hurbilketa guztiak ezerezean geratu dira. Aipagarriena izan da Joseba Etxeberriaren barnealdia 19. minutuan, baina jaurtiketa kornerrera joan da atzelari baten gorputzean jo ostean.

Bigarren zatiari begira Serrano sartu da S. Dalmaten ordez eta, harbelari erreparatuz behintzat, bazirudien erasorako saiakera egingo zutela bisitariek. Ez da horrela izan: Racingek gizonak pilatu ditu atzean eta horrekin batera txartel horiak, bost konkretuki. Aitzitik, ugariagoak izan dira etxekoen abaguneak. Hasteko Fran Yestek izan du garbiena, bere baloia zutoinean jo baitu 54. minutuan Dudu gaindituta zegoela.

Preciadok Antoñito zelairatu du J. Valleren ordez, baina ez du arrisku gehiagorik sortu. Ia era berean Iraola atzeko eskuin hegalean jokatzeko sartu da Expositoren ordez eta erasokorrago bihurtu da taldea. Ekimen berrietan epaileak ez du Gurpegiri emandako bultzakada ikusi ezta Llorenteri nola heldu dioten 70. minutuan, baina Athletic Clubek ez du etsi. Bitartean Vitolo sartu du Preciadosek Aganzoren ordez, galduta zeukan zelai erdia berreskuratzeko asmoz.

Ez du lortu eta Athletic Club behin eta berriz saiatu da. Yestek errematatu du buruz gertutik, baina baloia Casasen gorputzean jo du 78. minutuan. Bi beranduago Lacruzen burukada gelditu du Duduk. Guerrero sartu da Tikoren ordez 82. minutuan eta 83. minutuan aukera bilatu du, baina Duduk kornerrera desbideratu du lurretik eta gertutik egindako jaurtiketa. Hala eta guztiz ere hor ez dira amaitu abaguneak. Llorentek buruz errematatu egin du 84. minutuan ohikoak diren “besarkadak” gaindituz, baina Duduk berriro ere kornerrera bidali du. Eta oraindik azken aukera bat heldu da, baina Yestek bere gorputza behar zuena baino atzerago utzi du jaurtiketa egitean 93. minutuan eta baloia bezala, zerura ihes egin du garaipenak.

Ibonek eta Tarantinok dopajearen aurkako kontrola gainditu behar izan dute.