
Osasunak 3-Athletic Clubek 2: Zorterik ez
Osasunak 3-Athletic Clubek 2: Zorterik ez
Athletic Clubek ezin izan du punturik urratu Sadarreko derbian Osasunaren aurka 3-2 galdu ostean. Osasunaren…
Athletic Clubek ezin izan du punturik urratu Sadarreko derbian Osasunaren aurka 3-2 galdu ostean. Osasunaren golak Raul Garciak, Milosevicek eta Webok sartu dituzte eta Gurpegik eta Iraolak egin dituzte gureak.
Zorte askozaz hobeagoa merezi izan du Athletic Clubek. Partida ikusi eta gero, zati bakoitzaren azken uneotan puntuak galdu direla esan daiteke bildur barik. Taldeak ondo jokatu duenean ez du abantaila frankorik eskuratu eta makalago aritu denean arerioak ederto aprobetxatu du bere jokua eta baita ere gure taldearen konzentrazio eza, konpondu beharrekoa zalantza izpirik gabe, zulotik atera gura badugu behintzat.
Hasteko 1-4-4-2 erakutsi du Athletic Clubek, defentsan batez ere 1-4-1-3-2 bihurtu delarik. Lehia honetan Mikel Dañobeitiak izan du debuta mingotsa eta Urzaiz, kapitaina izanik gainera, hasierako hamaikakoan izan du tokia.
Gauzak horrela, lehendabiziko erasoak Athletic Clubekoak izan dira. Esaterako Urzaizek gora bota du 7. minutuan, baloia loratua urrutitik frogatu du Orbaizek 8. minutuan eta Tiko faltaz 14. minutuan, baina atearekin asmatu barik.
Osasunaren lehendabiziko aukera, eta ia bakarra aldi honetan, Romeok izan du buruz 15. minutuan, baina kanpora joan da gutxigatik. Zurigorrien kontrolak saria eskuratu du 26. minutuan Gurpegik Urzaizen burukada zutabe bietara aprobetxatuz eta lau minutu beranduago Dañobeitiak izan du berea, baina bere burukada gertu-gertutik kanpora irten da. Eta lehen zatia gorabehera handirik gabe amaituko zelakoan bageunden ere, zorigaiztoko minutua bilakatzen ari dena iritsi da Vila-real eta Sevillaren aurka gertatu zen bezala, hau da, arerioaren gola. Kasu honetan Raul Garciarena, baloia urruntzean gure jokalariek egindako akats batzuk aprobetxatuz urrutitik eginiko jaurtiketaren bitartez.
Minduta geratu dira gure mutilak eta gainera bigarren zatiaren hasieran Webo zein Valdoren presentzia nabaritu ere. Delportek lehendabiziko abagunea eduki du 46. minutuan eta Milosevicek baloi argia galdu egin du 60. minutuan, hortik gutxira Javier Flañoren erdiraketa bikaina gola bihurtu badu ere. Amaiera zirudien baina Athleticek bildurra sartu dio Osasunari Llorente eta Urzaiz batera egotearekin. Abagune batzuk izan ditu sartu berriak 72, 78 eta 79. minutuetan, binako berdinketa 81. minutuan jokaldi nahasi batean heldu den arren. Iraolak, azkenik, besoz, baloia barrura bultzatu du.
Norgehiagoka berdinketarekin amaituko zela uste bazen ere, Osasuna saiatu da garaipena lortu arte. Delportek ondo jaurti du baina Aranzubiak kornerrera desbideratu du 89. minutuan eta 92. minutuan galera mingotsa heldu da Ricardo atezainak arreara bidali duen baloi baten ondorioz. Galera mingotsa, Cadizekin jaso zena zerikusirik ez daukana, baina tristea oso une, modu eta ondorioengatik.
Kirol jardueraren ondoan, honako hauek aipatu, batez ere kontuan hartzeko: Osasunako zaleek duten memoria hauskorra euren ohiuak kontuan hartuta, batez ere Carlos Gurpegiri dagokionez; Osasunako VIP palkotik ganorabako batzuen portaera, palkoaren inguruko jesarlekuaren truke ordaintze soilarekin edozertarako eskumena emango balie bezala; eta bikaina nafar hiribururaino abiatu diren zale zurigorrien portaera, taldeari sostengua ematen une txar hauetan.
Horregatik, Celtaren aurkako lehia erronka erabakiorra bihurtu da lehen taldeko partaideentzat, baina baita Athletic Club osatzen dugun bazkide-zale gu guztiontzat ere. Bestelakoak garela aldarrikatzeko tenorea heldu zaigu. Harro sentiarazten gaituen filosofia defendatzen duen taldea babesteko unea heldu zaigu, erraza dena atzeko haizea jasota, baina zailagoa zalantzazko uneotan.
Lan eskerga izango da gure jokalariek bide osoa bakar bakarrik egin dezaten. Denok jokalari zein jokuaren inguruko gure iritzien zatiren bat ahaztu beharko genuke. Horregatik inoiz baino garrantzitsuagoa da taldeak San Mamesen babesa eta bultzada senti ditzala, San Mamesetik bertatik gorako bideari ekiteko.
Ildo honetan zerau aipatu amaitzeko: gure web orrialde honetatik edota Klubeko ezein argitalpenetik kritika erraza, kirol errendimendu eskasa ala uste baino bajuarengatik erakunde honen ezein kidearen lepotik barre egitea espero duen edonor tronpaturik dago oso, lojikarekin zerikusirik ez daukalako eta Athletic Club zer den ezagutzen ez duelako.
Guztion artean atera beharko dugu isatsontzi zurigorria aurrera eta horretarako lana da bide bakarra, maiuskulaz eta arlo guztietan, daukagun alderik onena indartzeko eta txarrena kanporatzeko ala, gutxienez, hobetzeko.