Athletic Club

Lorena Sanchez: ‘Izerdia bekokitik jeistea samintasunez oroitzen dut’

Lorena Sanchez: ‘Izerdia bekokitik jeistea samintasunez oroitzen dut’

Lorena Sánchez Muñozek 32 urte ditu eta emakumezkoen Athletic Club plantilaren jokalaririk beteranoena dugu. Zentzua…

Lorena Sánchez Muñozek 32 urte ditu eta emakumezkoen Athletic Club plantilaren jokalaririk beteranoena dugu. Zentzua duenez geroztik futboleko zein saskibaloiko baloiekin ibili da bere aisialdian. Egun, bere kirol ibilbidearen unerik latzenean dago, orain dela hilabete bat izandako lesioaren ondorioz. Bere eskumako belaunean triada ezaguni dauka, jokalari batentzako zauririk larrienetakoa, alegia. Beharrezko egonkortze epea igaro eta gero, ebakuntza egingo diote Gasteizen datorren azaroaren 10ean. Gerokoak gero, baina prest dago etorkizunari aurre egiteko. Athleticen eman duen maila mantentzea zaila izango dela badaki baina esfortsuarekin eta sakrifizioarekin lor daitekeelakoan dago.

Bere fitxak Barakaldokoa dela dio, Gurutzetako erietxean jaio baitzen, baina betidanik Zallan bizi da. Bertoko Udaletxearen ondoko eserleku batean ezarrita egonda, gure galderak erantzun zituen ia bi ordutan.

Orain dela hilabete bat ezusteko desatsegina jasan zenuen. Egun hura zelan gogoratzen duzu?
Irailaren 23an gertatu zen. Lan saioa amaitzeko denbora gutxi falta zen eta jokatzen ari ginen partidan ‘dribling’ bat egin eta berehala eskumako belauna apurtu nintzen. Ez nuen ohiko karraska hori entzun baina taldekide batzuk, bai. Urrunago zeudenek entzun zuten, atezainak ere bai. Lurrean nengoela hanka inork ez ikutzea erregutzen egon nintzen bi minututan. Jokalari guztiek inguratu ninduten arazoari garrantzia kenduz, ni lasaitzeko edo. Esku-ohea ekarri zuten eta sei lagunen artean eraman ninduten. Lur jota nengoen baina txantxetan esaten nien atsedena har zezatela, bestela, ez genuela iritsiko Lezamako eraikineraino. Gau horretan Derioko erresidentzian lo egin nuen, autoa gidatzerik ezin nuen eta.

Lesio larria zela hasieratik jabetu zinen, ezta?
Bai, banekien nahiko larria zela. Badakizu, inguratzen nindutenen aurpegia ikusi nien eta keinua okertua zuten. Seinale txarra zela hurrengo egunean egiaztatu zen, Juanma Santisteban osagileak triada izatearen itxura zuela zioen eta artroskopiak hala egiaztatu zuen.

Bestelako lesiorik izan duzu aurretik?
Horren modukoa ez. Bigarren denboraldiaren hasieran belaunean bihurdura izan nuen eta horregaitik ezin nuen UEFAn jokatu. Gogo-aldarte txarra izan nuen eta partida haiek jokatu gabe egoteak amorrua ematen zidan. Gernikan Neulengbachen aurkako debutaren eguna ondo gogoratzen dut. Eli Capa, beste taldekide bat eta ni neu lesionaturik geunden eta gure taldea jokatzen ikusten ari ginela negar-anpuluak atera zitzaizkigun.

Datorren 10ean ebaketa egingo dizute Gasteizen. Zer nolako errehabilitazio-lana egin duzu gaurdaino?
Izotza jarri naiz egunero lau aldiz hanturak behera egin dezan, gainera sortzen ari den likidoa gutxitu behar da, nire kasuan, gutxi izan bada ere. Compex elektroestimuladorea ere jarri didate belaunaren muskuluak atrofiatu ez daitezen eta gimnasioan bizikleta eta ariketak egin ditut gerritik gora sasoian egoteko.

Lasai zaudela dirudi eta jokalari guztientzat den mamua gurutzatu zaizula jabetuta, baina, aldi berean, aurrera egingo duzunaren konfiantzaz…
Egia esan, ondo daramat. Itsuturik ez nago eta egunez egun honi buruz dakiten aholkuak segitzeaz gain, agintzen didatena egiten dut. Ez da batere erraza izango lesionatu aurretik izan nuen mailara itzultzea, baina lanari ekinez lor daiteke. Gehien amorratzen nauena ariketak egin ahal ez izatea da. Kirola egiteko gogo handiak ditu, izerdia bekokitik jeistea samintasunez oroitzen dut.

Lesioa alde batera utziz, haurra zinen garaietara joko dugu, zure lehen ostikadak gogoratuko ditugu. Nolako oroitzapenak dituzu?
Baloi baten atzetik beti egoten nintzela oroitzen dut, nahiz eta haurra nintzenean orain bezala ez zen begi onez ikusten neskato bat futbolean aritzea. Nire etxeko beheko aldean patioa dago eta orduak eta orduak baloiari ostikoka ematen ari nintzen horma baten kontra.

Noiz hasi zinen futbola benetan hartzen?
Beranduago.Lehenengoz mutilekin areto-futbolean eta geroago, saskibaloian aritu nintzen. Zallako emakumezkoen taldea sortu zenean, orduan benetan bereganatu nuen kirol hau eta taldea desagertu zenean Leioan jokatu nuen. Zallako atezainak eta biok Sarrienara jo genuen froga egitera. Autoz gindoazela ea nora joaten ginen esaten nion, izan ere Euskadiko selekzioarekin jokatzen ari ziren eta nazioarte mailako jokalariak zituen…esaten nion: “hobe itzultzea eta ogibitarteko bat jaten eta garagardo bat edaten badugu taberna batean, eserlekuan pipak jateko Zallan hobeto jaten ditut eta”, baina berak konbentzitu ninduen. Planteamendu garbi batez aurre egin genion egoerari: hartzen bagaituzte ondo, eta bestela, ere bai, eta azkenean hartu gintuzten. Guretzat dena ezberdina zen. Jokalariak jantzi berdinarekin zihoazten, Zallan bakoitzak bere jantzia eramaten zuen bitartean. Biok hamaikakoan egon ginen denboraldiaurreko lehen lagunartekoan, Villarcayon uste dut.

Saskibaloian aritu zara. Zelako maila ematen zenuen?
Gustatu zitzaidan baina futbola nuen gustokoena. Gainera, lan saioetan baloiarekin ostikadak ere ematen nituen.Bidegintzan jokatu nuen desagertu arte eta horren ostean, Medicinan. Bere izena hori zen gehienak sendagileak, erizainak, osasun arloarekin erlazionatutakoak, ia guztiak ezkondurik eta seme-alabekin zirelako. Bilboko Karmengo Gure Ama ikastetxean jokatzen genuen. Gazteena nintzen, neska mimatua. Talde hura ere desagertu zen eta geroago Zallako emakumezkoen taldea sortu zuten.

Zeintzuk izan dira Athletic Clubean bizi dituzun unerik berezienak?
San Mamesen taldeari egindako aurkezpena berezia izan zen oso niretzat, Athleticek Romaren kontra jokatu zuen bazkidearen partidan. Atarikoan gu aurkeztu gintuzten. Liluragarria izan zen, kamiseta jarri, aldagelen tuneletik irten…taldekide batek emozioz malkoak bota zituen. Nire nebak izan nituen buruan, futbolean jokatu dutelako eta esperientzia hori bizitzeko aukerarik ez dutelako izan. Ni, ordea, han nengoen…
Ahaztu gabeko beste eguna Pueblaren aurka San Mamesen jokatu genuenean izan zen. Gure taldeak Katedralean jokatu zuen lehen partida izan zen hura. Igande batean izan zen eta bi egun lehenago, ostiralean, zelaia ikustera eraman gintuzten guztiarekin ohitutzeko, eta gure buruari galdegiten genion: jendea etorriko al da gu ikustera?, ez genuen argi ikusten. Igandean bertan, zelaiaren inguruetan jokalari batzuk elkartu ginen zelaira oinez joateko asmoz eta edozer egosten ari zela konturatu ginen. Jendea danborrekin zihoan, banderen etxolak jarrita zeuden, inguruko tabernak zabalik… Zelaian egin genuen beroketa oso hunkigarria izan zen eta beranduago jakin genuenez, sarrerak erosteko lehiatila bakarrean iskanbila gertatu zen, ahal den eta lasterren erosteko hainbat lagun borrokan ari ziren eta. Hispalisen aurkako partida, Bilbon ere, berezia izan zen. Gainera, aparteko zelaietan jokatzeko parada izan dugu: San Mamesen, Levantekoan, Sanchez Pizjuanen, eta nire kasuan, Mestallan Nerea Onaindiarekin batera, drogen aurkako partidarako deitu zigutenean. Superligako selekzio batean jokatu genuen Levanteren kontra. Eguerdian hotelean ekitaldi mota hauetara joaten ohi diren pertsonaia ospetsuekin batera bazkaltzen egon ginen.

Futbolean arantzarik al duzu?
Bai, baditut. Kopa ez irabazi ahal izatea, adibidez. Lehenengo kanporaketetan kale egin dugu beti, baina logikoa da, Superligan bereak eta bi ematen genituelako eta Kopara pixka bat nekatuta heltzen ginelako. Gainera lehiaketa beraren formatua beti aldaketak izan ditu eta Liga amaieraren eta Kopa hasieraren arteko hilabete horretako hutsuneak ez du batere laguntzen. Beste arantza bat Euskadiko selekzioaren kamiseta inoiz janztea izan da. Adinaren arabera, jokalari talde zehatz batek deialdietan sartzeko aukera izan du eta zoritxarrez ez nuen aukerarik izan.
Eta beste behin daukat. Athleticekin Zallan edo inguruan, nire inguruetatik gertu, partidarik ez jokatu ahal izatea. Gainera, larunbat honetan Errealaren aurka lagunartekoa jokatuko dugu Balmasedako Salinillas zelaian, eta lesionaturik nago. Zorte txarra izan dut.

Futbolari agur esateko heltzen denean, zer egingo duzu zure aisialdian hainbeste urtetan kirol honetan egon eta gero?
Nire adiskideekin egongo naiz, futbolagatik eta lanarengatik pixkat ahaztuta ditudalako, eta ahal izanez gero bidaiak egingo nituzke, asko gustatzen zaidalako, eta futbola ikusten jarraituko dut, entrenatzeak ez baitut gustoko.

Athletic B taldearen harrobiaren emaitzak hortxe daude, jokalari batzuk lehen plantilara igo direlako. Zein da gure etorkizuna arlo horretan?
Bigarren taldea jokatzen ikusi dut eta talde polita dauka, eta jokalari pare batek maila ona duela erakutsi du eta epe laburrean Superligan izango da. Gainera, maila horretako entrenatzaileek oso lan handia egiten dute, jokalariak txandatzen dituzte, minutuak ematen dizkie jokatzeko eta aparteko giroa dago. Esaten dut hau lan saioetan bat egiten ohi dugulako.

Elkarrizketaren amaieran, Lorenak Nagore Saratxaga Irlandesas UPV taldeko saskibaloiko jokalaria gogoratu nahi izan du. Bere lagun mina iaz trafiko istripu batean hil zen. Lorena lur jota geratu zen baina datorrenari baikor aurre egiten dio harrez geroztik, bere lesioari ere. Balore handiago ematen dio guztiari, zehaztasun txikiei ere, etorkizunean gerta dakizukenaren aurrean. Memento bakoitza ahal den eta gehiago aprobetxatzearen aldekoa da.

TEST

1- Gizon bat:
Pep Guardiola, pertsona eta jokalari bezala gustokoa dut.

2- Emakume bat:
Nire ama.

3- Herrialde bat:
Suedia eta Australia.

4- Euskadiko txoko bat:
Orozko eta Galeako itsaslabarra.

5- Hauteskundeak daudenetan botua ematera zoaz?:
beti ez.

6- Inoiz erre al duzu?:
bai, jairen batean edo.

7- Leku jakinetan erretzeko murrizketaren alde ala kontra zaude?:
Alde.

8- Zer nahiago duzu, pelikula on bat ala liburu on bat?:
pelikula on bat.

9- hotza ala beroa?:
beroa.

10- hondartza ala igerilekua?:
hondartza.

11- Zure burua ekologistatzat jotzen duzu?:
ahal dudan neurrian ingurumena errespetatzen dut.

12- Internet erabiltzen al duzu?:
Ez, gainera ez dut ez eta ordenagailurik ere.

13-Zelan duzue gazteok gurasoen etxetik alde egiteko?:
txarto dugu oso, nire gurasoekin bizi naiz oraindik…