Athletic Club

Bartzelonak 2 Athletic Clubek 1: Liderra ezin gainditu

Bartzelonak 2 Athletic Clubek 1: Liderra ezin gainditu

Lehen itzuliari amaiera emateko Athletic Clubek ezin izan du FC Bartzelona liderra gainditu eta 2-1…

Lehen itzuliari amaiera emateko Athletic Clubek ezin izan du FC Bartzelona liderra gainditu eta 2-1 galdu du Camp Nou futbol zelaian. Llorentek egin du zero eta batekoa zurigorrien hasiera onari segituz, berdindu du Ronaldinhok laguntzaileak soilik ikusi duen penalti eztabaidagarrian eta, bigarren zatian jada, Messik egin du bigarrena.

Inork espero ez zuen hamaikakoarekin zailtasun handiak ipini dizkio Athletic Clubek Barçari hasieratik, zelai erdian sendo, baloi asko lapurtuz, Ronaldinho, Etoo eta Messi aurrelariak ederto zainduz eta estrategiako jokaldietan arriskua sortuz.
Gauzak horrela, lehendabiziko minutuan Llorentek buruz errematatu du gora, gauza bera egin du Gurpegik 12. minutuan eta 15. minutuan Llorentek asmatu egin du burukada zailaren bitartez Yesteren erdiraketa bikaina aprobetxatuz.

Etxekoen estraineko aukera Etook izan du 19. minutuan, baina Lafuentek ondo harrapatu du. Gure taldeak bereari eutsi dio eta ahal izan duen guztietan kontraerosak antolatu ditu, esaterako 22. minutuan Joseba Etxeberriak burutu duena, baina Valdesek harrapatu du jaurtiketa gurutzatua.

Baloi jabetza zeukan Barçak, baina arrisku berezirik sortu gabe. Arriskurik handiena… Murillok eragin du bere aterantz irten zaion aldaratzeaz, baina atepean urrundu du baloia atzelari batek. Tamalez, liderrak behar ez dituen laguntzak ere egon badaude, horrela da futbola. Ezkerraldetik zetorren erdiraketa bortitza ezin erremataturik, erditik kendu da Etoo eta bere atzean zegoen Amorebietaren gorputzean jo du.. kentzeko zeukan besoan hain zuzen ere. Epaileak, jokaldia primeran ikusi duena, ez du ezer ez adierazi, baina bai aldiz urrunago zegoen laguntzaileak. Penaltia eta Ronaldinhoren gola 38. minutuan.

Kolpea jaso eta erreakzionatu du Athletic Clubek. Llorentek abagune paregabea izan du 43. minutuan, baina bere burua hain bakarrik ikusi duenez edo, gora bidali du baloia. Ondorengo minutuan baloia ondo lapurtu du zelai erdian Llorentek berak, baina areara iritsi eta arerioari izkin egin ondoren, atzelari baten kontra jaurti du. Lehen zatiari amaiera emateko Decok izan du aukera, baina ondo harrapatu du Lafuentek.

Bigarren zatia eraberriturik ekin dio Barçak eta lehen ordu laurdenean jaun eta jabe izan da. Marquezek eta Messik aukera bikoitza izan dute 47. minutuan eta 50. minutuan Messik inolako oztoporik gabe barrura bidali du Lafuenteren urrunketa. Berehala Iraola irten da Lacruzen ordez taldea aurrerago bidali nahian baina minutu batzuk pasatu dira zelaian oreka heldu den arte, Barçari hutsuneak uzteak dakarren arriskuarekin. Adibide gisa Van Bommelek 56. minutuan jaurti du langara eta 60. minutuan Lafuentek geratu egin du bere jaurtiketa.

Aldaketa bikoitza egin du Clementek 63. minutuan Guerrero eta Aduriz sartuz Llorente eta Yesteren ordez. Hamabi beranduago Iniesta sartu da Van Bommelen ordez. Athletic Clubek nahi zuen, baina ez zuen asmatzen azken pasean, Barça ez zegoen eroso baina kalitate handiko jokalariak ditu eta ezein jokaldian hirugarrena hel zitekeen, Ronaldinhok 82. minutuan erakutsi duen moduan, Lafuentek kornerrera bidali duen arren.

Larsson sartu da Messiren ordez eta luzapenean iskanbila sortu da. Decok Gurpegiri ileetatik heldu dio eta txartel gorria ikusi du. Burruka “antolatu” da bertan, beharbada irudirik txarrena Etook eskaini duen arren. Aurrelariak Expositorekin zegoen eztabaida bizian… txistua aurpegira bota dion arte. Irudi nazkagarria eta Batzorde Lehiaketak hartu dezakeen erabakiaz baino haratago, ez dago batere ondo arrazismoaren aurkako kanpainaren aintzindaria izatea eta gero horrelako portaera erakustea.
Esan legez, irudi ona eman duen arren, lehen itzuliaren amaieran egoera kaxkarrean dago taldea eta garaipenen bidea hartu beharko lehenbailehen, Anoetan inon baino hobe.