Athletic Club

Real Sociedadek 3-Athletic Clubek 3: Bi aurpegi puntu baterako

Real Sociedadek 3-Athletic Clubek 3: Bi aurpegi puntu baterako

Etxetik kanpoko berdinketarekin ekin dio Athletic Clubek bigarren itzuliari, bi aurpegiak eskainiz puntu bakarra eskuratzeko,…

Etxetik kanpoko berdinketarekin ekin dio Athletic Clubek bigarren itzuliari, bi aurpegiak eskainiz puntu bakarra eskuratzeko, gutxi ala asko izan daitekela partidaren gorabeherak kontuan hartuta, baina azken finean Real Sociedaden aurka 3-3 hainbanatu ostean salbaziorako bidean segitzen du gure taldeak, asko sufrituz eta gabeziak erakutsiz, baina baita dohaiak eta edozein egoerari aurre egiteko adorea ere.

Adurizek bi gol egin ditu, Iraolak bestea Nihaten biak eta Skouborena berdintzeko. Unai Exposito eta Lafuentek pasatu dute dopajearen aurkako kontrola eta berririk txarrena Joseba Etxeberriaren lesioa izan da. Azterketa sakona egingo zaio astelehenean, baina eskuin hankako bizeps femoralean zerbait daukala ematen du.

Azken denboraldiotako joerari segituz, partida bizia izan da oso. Athletic Clubek etxekoen zelaian jokatzea deliberatu duenez gero Realak gura duen ohiko jokoaz gozatu du hasieratik, Skoubo eta Nihaten bitarteko aukerak sortuz bigarren minuturako eta kontraeraso batean Nihatek egin du bat eta zerokoa seigarren minutuan.

Ondo erreakzionatu du Athletic Clubek eta 11. minutuan berebiziko abagunea izan du Gurpegik gertutik, baina Riesgok kornerrera bidali du hankaz. Kornerra ere errematatu du Gurpegik, buruz kasu honetan, gora joan zaion arren. Hamabosgarren minutuan Etxeberriaren jaurtiketa kornerrera desbideratu du Riesgok eta hortik atsedenaldira arte ia desagertu egin da gure taldea. Realak ez du gauza berezirik egin behar arriskua sortzeko, eta baloi luzeak erabili ditu Skoubo eta Nihat bilatuz. Horrelako batean Skoubok orpoz ondo utzi dio Nihati 38. minutuan eta horrek bueltaerdian barrura bidali du, Lafuentek ikutu duen arren.

Gauzak gehiago okertzeko, Etxeberria lesionatu da eta 44. minutuan Urzaizek bete du bere tokia. Panorama txarra zen oso bigarren zatiari begira, baina gauden egoeran gaudela ere, Athletic Clubek azkeneraino dena emango duela berretsi du zelaian, gainera joku ona erakutsiz. Asko lagundu du lehendabiziko gola 48. minutuan iritsi izana. Adurizen estrenaldia izan da Athletic Clubarekin Orbaizen pasea buruz ederto errematatuz. Reala sartu da kobazuloan, baina ez ditu bideak behar bezala itxi ala gure taldeak zeharo aldatu egin du jokatzeko era. Hurrengo minutuan Adurizen jaurtiketa desbideratu du Riesgok eta ondorengo jokaldian Adurizek sartu dio urrezko baloia Guerrerori, nahiz eta defentsak urrundu duen kapitainaren errematea. Yeste ere saiatu da faltaz 52. minutuan, baina kanpora joan da jaurtiketa.

Bigarren zatiko ordu laurdena pasatu eta berehala aldaketa taktikoak egin dituzte talde biek, Dañobeitia ezker hegalera Guerreroren ordez gurean, Yeste erdiratuz, eta Garitano Novoren ordez etxekoan. Athletic Clubek erasoari eutsi dio. Urzaizek buruz errematatu du 63. minutuan, baina atepean urrundu dute. Minutu beran Dañobeitiak baloi garbia sartu dio Adurizi baina horrek ez du asmatu Riesgoren aurrean, 67. minutuan saria eskuratu duen arren bigarrena egiteko, berriro Dañobeitiaren zerbitzua aprobetxatuz.

Dena den berdinketaren alaitasunaz ezin izan du gozatu Athleticek eta Skoubok, besoz lagunduta ere, hirugarrena gauzatu du, bolea on baten bitartez. Tiko Gurpegiren ordez sartu da 71. minutuan, Adurizek beste aukera izan du 82. minutuan. Barkerok Garrido ordezkatu du 84. minutuan, gora bidali du Nihatek 84. minutuan Realak sortu duen aukera apurrenetariko batean. Uranga sartu da Skoubo lesionatuaren ordez 85. minutuan, baina partidak zer eskaintzeko zeukan oraindik ere.

Iraolaren baloi loratua atepean atera du Jauregik 89. minutuan, Nihatek erantzun du buruz 90. minutuan baina Lafuentek ondo erantzun dio eta enegarren erasoan (baloi jabetzaren portzentaiak itzelak izan dira Athleticen alde) Dañobeitiak erdiratu du arearantz, Urzaizek ikutu du buruz eta bigarren zutoinean Iraolak loratu du esferikoa sarera. Hau poza, merezimenduz lorturiko puntua, putzutik ateratzen ez gaituena baina adorea ematen diguna hurrengo zapatuan Getaferen aurka buru belarri segitzeko. Ez dago beste erremediorik.