Athletic Club

Malagak 2-Athletic Clubek 1: Esku hutsik

Malagak 2-Athletic Clubek 1: Esku hutsik

Esku hutsik itzuli da Athletic Club Malagatik 2-1 galdu eta gero. Partida kaxkarra izan da…

Esku hutsik itzuli da Athletic Club Malagatik 2-1 galdu eta gero. Partida kaxkarra izan da aukera gutxikoa alde bietatik, baina andaluziarrek askozaz zorrotzagoak izan dira estrategiako jokaldietan eta urrezko hiru puntuak etxean laga dituzte.

Lehendabiziko minutuetan Athletic Clubek partidaren ekimena eramango zuela bazirudien ere, Lacruzek buruz 2. minutuan eta Adurizek 4. minutuan Arnauren irteera ezin gaindituz, etxekoek ezer berezirik egin gabe hartu dute partidaren lema, gure taldeari atzetik irtetzea asko kostatzen zitzaion bitartean.

Halaz ere, etxekoek ez dute aparteko aukerarik sortu. Edgarren 6. minutuko jaurtiketa behartuta eta Pablo Couñagoren jaurtiketa 21. minutuan dira aipagarrienak zerbait aipatzearren. Bietan Lafuentek ondo harrapatu du baloia. Esan gabe badoa ere, horrelako partidak, beldurra nagusitzen denez gero, detaile niminoetan erabakitzen dira. Lehendabizikoa 30. minutuan izan da. Falta baten jaurtiketa buruz errematatu du Litosek eta berehala ikusi da asko kostatuko zitzaiola Athletic Cluberi lehiaren dinamika aldatzea.

Beharrak bultzaturik lerroak aurreratu ditu atzo beltzez jantzita aritu zen taldeak. Gurpegik gora jaurti du 36. minutuan eta, bat baino gehiago atsedenaldia noiz iritsiko zen zain zegoela, Adurizek, falta baten ondorioz, buruz egin du banako berdinketa. Yestek erdiratu du Llorentek buruz gurutzatu du beste zutoinera eta Adurizek denboraldiko bere hirugarren gola egin du.

Dena den, oraindik egon bazegoen zer ikusi. Malagari gola baliogabetu diote 43. minutuan Perez Lima epaileak falta ikusi duelako eta 46. minutuan Lopezek buruz errematatu du gora. Emaitza bat zetorren zelaian ikusitakoarekin eta bigarren zatia jokatzeke zegoen.

Malaga ez da hain alaitsu zelairatu atsedenaldiaren ostean eta Athletic Clubek ez zuen asmatzen kontraerasoetan. Adierazgarria izan da bigarren zatiko lehendabiziko abagunea 65. minutuan heldu dela, Orbaizek oso urrutitik baloi loratua gutxigatik ez duenean gola bihurtu. Entrenatzaile biek eginak zituzten honezkero lehen aldaketak. Clementek Dañobeitia sartu du Llorenteren ordez Aduriz erdirantz bidaliz, Hierrok Gabriel Antonio Lopezen ordez Edgard ezker hegalean kokatuz eta, berriro gure entrenatzaileak 65. minutuan Urzaiz Adurizen ordez zelairatuz.

Eta ziztu bizian erabaki da partida, zoritxarrez espero ez genuen norabidean. Nachok txartel horia ikusi du 67. minutuan Iraolari sarrera itsusia egiteagatik eta bi minutu beranduago bigarrena erakutsi diote Dañobeitia zangotrabatzeagatik. Aldapaz bera ote? Hierrok Cesar Navas zelairatu du Couñago aurrelariaren ordez 72. minutuan bakarrik laguntzaileak ikusi duen falta atera baino lehen. Erdiratu arearantz, Salvak ohi denez besoak erabili ditu altuera hartzeko eta kartera lapurtzearekin batera punturen bat ateratzeko itxaropena pikutara bidali du. Jokaldi hauetan etengabeko eztabaidak sortzen dira beti ea markaketak nola egiten diren edota atzezainak irteera egin behar zuen ala ez, baina betiko geratuko da zalantza.

Ia hogei minutu falta ziren, jokalari bat gehiago zelaian Athletic Clubek, baina alferrik, ez dira ezta 30 segundu ere jarraian jokatu eta irabazten doan taldearen eskura zeuden trikimailu guztiak azaleratu ditu Malagak. Okerrena izan da bidean Yesteri bosgarren txartel horia atera diotela.

Bata ala bestea zelairatuz, zapatuan hamaika lehoi eta milaka zale beharko ditugu Real Madril mendean hartzeko. Besterik ez dago.