
Sevillak 2-Athletic Clubek 1: Irabazi jakin gabe… galdu
Sevillak 2-Athletic Clubek 1: Irabazi jakin gabe… galdu
Athletic Clubek ezin izan du punturik urratu Sanchez-Pizjuan futbol zelaian horretarako baldintza egokiak eduki arren…
Athletic Clubek ezin izan du punturik urratu Sanchez-Pizjuan futbol zelaian horretarako baldintza egokiak eduki arren eta 2-1 galdu du Sevillaren kontra. Maresca penaltiz eta Kanoute izan dira etxeko golegileak, gurea Adurizek egin duen bitartean, daraman denboraldiaren zatian bere bosgarrena konkretuki.
Gauza asko esan badaiteke ere, horrela laburbildu dezakegu lehia: Athletic Clubek zailena egin du lehen zatian, etxekoen abantaila ezerezean utziz eta errezena zirudiena ez du jakin nola gauzatu. Bigarren zatiaren hasieran Sevillak hartu duen mezua ez da inondik inora arerioa partidaren bila irtengo zela izan eta lehen zatian bezala ekimena eraman dute etxekoek. Okerrena izan da bigarren zatiko bere lehendabiziko aukera garbian Sevilla aurreratu dela eta hortik amaiera bitartean aukerarik garbienak sortu dituela, Athletic Clubek ez bezala. Arriskua sortu behar zenean ideiek alde egin dute jokalari zurigorriengandik, lehen zatian baino abagune gutxi sortu baitute eta urrezko puntuak geratu dira etxean.
Oraingo honetan ere ez zaigu balio ezta epailearen lanaz jardutea. Baliteke bat eta zerokoa suposatu duen jokaldian penaltirik ez egotea, Kanoutek ez du ezta protestatu ere egin, edota etxekoen bigarren golaren pasea gertatu denean Kanoute jokoz kanpo egotea, baina gehiago egin behar zuen gure taldeak eta ez du egin.
Malagara eginiko bisitaldiarekin alderatuta, antza handia izan du lehiak. Txarter hegaldia zaleez ondo babesturik joan da taldea, bertan zeudenez gain. Etxekoak aurreratu dira, Adurizek berdindu du markagailua atsedenaldia baino lehenago eta bigarren zatian, aurkaria gizon bat gutxiagoz ari denean, heldu da bigarren gola eta ezintasuna bilakatu da nagusi. Baliteke Sevillan aukera gehiago izatea, baina emaitza Andalutziara eginiko aurreko bisitaldian bezain eskasa izan da ere.
Aukerarik gabe igaro da lehen ordu laurdena eta bapatean zalantzarako penaltia seinalatu du epaileak. Villarren laguntza ei daukagunez gero ez dugu zerurik espero, baina tira. Marescak egin du bat eta zerokoa 16. minutuan.
Erreakzioa ona izan da. Yesteren falta kornerrera bidali du Notariok 18. minutuan eta Adurizek gola egin du bi minutu beranduago. Baloia ez du beharbada gura zuen moduan jo, baina Notarioren gainetik doi-doi abiatu da sareetara. Partida ireki da nonbait, Saviolak kanpora jaurti du 22. minutuan, Yestek buruz egin du errematea atezainaren eskuetara 26. minutuan, Casasek areaz kanpotik kanpora jaurti du 31. minutuan eta Yestek, berriro buruz, errematatu du kanpora 34. minutuan. Etxekoen aldetik Kanoutek iragarri du daukan arriskua eta izugarrizko zartakoa bidali du langara 36. minutuan. Sevillak ez du denbora gehiegi izan bide horretatik segitzeko 38. minutuan Dragutinovicek bere bigarren txartel hori ikusi du eta. Halaz ere, Adrianok Lafuenteren lehendabiziko agerraldia behartu du ezkerrez egindako jaurtiketa bortitza desbideratzeko 42. minutuan.
Aldagelan zegoen gakoa. Zenolako mugimenduak egin eta nola irten bigarren zatian. Juandek Aitor Ocio zelairatu du Saviolaren ordez, Clementek ez du ezer ez mugitu eta partida lehen zatian bezala segitu du. Sevillaren ekimena eta Athletic Clubeko ahaleginak kontraerasora irtetzeko. Estraineko aukera garbia izan du Orbaizek faltaz 58. minutan baina atzelari batek atepetik urrundu du buruz. Tamalez, Kanoutek bertan behera laga ditu itxaropen guztiak: Marescaren burukada jaso du (jokoz kanpo zegoen?) eta gol ona egin du behetik. Marescak, orpazurdan lesionaturik, une horretan bertan bere tokia Jordiri utzi dio eta aldaketak egin ditu Clementek taldeari erasoan indar gehiago emateko, baina alferrik.
Etxeberria irten da Prietoren ordez 65. minutuan, Gurpegi atzera pasatuz eta Yeste zelai erdira. Kanoutek berebiziko aukera izan du berehala, baina Lafuentek kornerrera bidali du eta 69. minutuan Etxeberriarentzat heldu da aukerarik garbiena, baina buelta erdian gora bidali du baloia. Urzaiz sartu da Casasen ordez 71. minutuan eta Amorebietak urrutitik saiatu da Notario gainditzen, Puertak Adriano ordezkatu du 77. minutuan eta Dañobeitiak Exposito 79. minutuan. Txartel festa eta ezintasunaren artean igaro dira gainerako minutuak eta azken txanpan aukerarik argienak etxekoen partez heldu dira, irabazi jakin izan ez duen taldearen desesperazioaz baliaturik.
Azkenik, aipatzekoa da Gurpegik ez duela inolako irainik jaso eta Joseba Etxeberriak bere bosgarren txartel horia ikusi duela eta, beraz, ezin izango duela jokatu domekan 17:00etan, data eta ordu azken orduko aldaketarik egon ezean, San Mamesen Cadizen aurka daukagun hitzordu garrantzitsua.
Horrekin batera esan ere bertaratu ezin izango diren bazkideek aukera izango dutela euren sarrera salgai uzteko Vila-realen aurkako lehiari begira egin zen moduan.