Athletic Club

Gurutze: ’30 urte bete artean futbolean jarraitzen saiatuko naiz’

Gurutze: ’30 urte bete artean futbolean jarraitzen saiatuko naiz’

Taldeak bigarren urtea egin zuenean iritsi zen Gurutze Athleticen EFTra.Zorionez Iñigo Juaristik talde zurigorrirako fitxatu…

Taldeak bigarren urtea egin zuenean iritsi zen Gurutze Athleticen EFTra.
Zorionez Iñigo Juaristik talde zurigorrirako fitxatu zuen, hain justu, Urretxuko jokalaria Barañaineko Lagunak taldearekin sinatzekotan zegoenean. Zurigorriz jantzita, bere estraineko partida 2003ko abuztuak 21ean jokatu zuen. Inongo zalantzarik gabe egun berezia izan zen hura. Nazioarteko txapelketetan garrantzitsuena den UEFA Womens Cupen egin zuen debuta Athleticen emakumezkoen taldeak. ‘Guruk’ 90 minutuak jokatu zituen eta Austriako Neulengbachen aurka lortu zuten 2-0eko garaipen hartako bigarren eta azken gola sartzea lortu zuen.

Jokalari gipuzkoarraren historia sari ederrez josirik dago jadanik. Taldeak eskuratu dituen 3 Superligatatik bi ditu eta 100 partida ofizial baino gehiago jokatzea lortu du. Ehungarren partida hori Bartzelonaren aurkako neurketan bete zuen azaroak 19an Bartzelonan bertan.

1-Zein izan da zure ibilbidea?
Urretxuko ikastolako eskola kiroletan hasi nintzen, ondoren aretoko futbolean eta 16 urterekin Institutura joan nintzenean Urolan hasi nintzen futbol 11ra jokatzen. Eibartarraken eta nire azken taldea izan zen Oiartzunen ere aritu nintzen Athleticera iritsi orduko.

2-Clubean igaro duzun denborari dagokionez zer nolako ebaluaketa egiten duzu?
Oso ongi, izan ere, taldeak lortu dituen hiru Superligatatik bi irabazi ditut. Berriro berdina jasotzea oso zaila izango da. Horrez gain, hona iritsi nintzenean ia guztiak ezagutzen nituen eta oso erraz egokitu nintzen bertara.

3-Iñigoren deiak ilusio berezia egin al zizun?
Noski, Lagunakera joatekotan nengoen instalakuntzak ikustera etortzeko deitu ninduenean. Ikusi nituen, bere asmoak azaldu zizkidan eta ez nuen zalantzarik izan.

4-Jokoari dagokionez momenturik gozoenean al zaude?
Esaten dutenez, 27 eta 29 urte bitartea izaten da adinik onena, baina bakoitzak bere unea du. Orain badaude 22 edo 23 urterekin ikaragarri jokatzen dutenak. Espero dut nire jokorik onena orain iristea, hau da 27, 28, 29 urterekin.

5-Liga ezin hobeto hasi duzu, golak sartuz, gainera oso bereziak izan direnak; Realaren aurkako derbian Lezaman bi, Levanteren aurka 1-0ean bukatu zen gol hori…
Realaren aurkakoak oso bereziak izan ziren talde bien arteko lehenengo derbi ofiziala zelako eta ni gainera gipuzkoarra naizelako eta Levanteren aurkakoa aste zail baten ondoren iritsi zelako. Oviedoren aurka berdindu eta gero Levanteren aurka galdu izan bagenu zazpi puntu aterako zizkiguten eta ondorioz Superligarako ia aukerarik gabe geratuko ginatekeen.

6-Zure herrikideen aurkako partida nola bilakatu zen?
Ongi. Atera behar duten ondorioa Superliga oso zaila dela da eta bertarainoko saltoa izugarri handia dela.

7-Nola ikusten dituzu zure aurkariak?
Momentuz, Sevilla eta Rayo bezalako taldeek huts egin dutela uste dut. Zerbait gehiago espero nuen haiengandik denboraldi hasiera honetan. Sevilla gorantza joango dela uste dut. Guk partida zailak kendu ditugu gainetik. Sevillan irabazi dugu, etxean ere Espanyol eta Levanteren aurka…

8-Zer iritzi duzu jadanik 100 partida baino gehiago jokatu izanaz Athleticen
Denbora oso azkar igaro dela. Laister, 4 urte igaroko dira hemen nagoenetik. Konturatu gabe igaro zaizkit. Jadanik bagara batzuk 100 partidara iritsitakoak. Niretzat gozagarria izan da.

9-Ez duzu lesio asko izan…
Horretan zortea izan dut. Izan dudan larriena hona iritsi orduko jasan nuen; belauneko lokailu bat minduta eta lepauztaiako zaintiratu bat. Hemen izan ditudanak giharreko lesioak izan dira. Nire taldekide batzuek izan dituzten lesio larriei erreparatuz gero zorionekoa naiz.

10-Noiz arte ikusten duzu zure burua futbolean jokatzen?
Ez dakit. 30 urte bete artean jokatzen jarraitzen saiatuko naiz, baina beste hainbat gauzaren arabera hartuko dut erabakia. Horietako bat lana da. Tamalez emakumezkoen futbola ez da profesionala eta agian iritsi daiteke momentua futbola eta lana batera egiteko aukerarik ez dudana izango.

11-Zelan Athletic Clubeko Museoan egiten duzun lana?
Gustura ari naiz, Magisterioko ikasketak egin ditut eta haurrak etortzen direnean bertara oso ongi igarotzen dut haiekin.