Athletic Club

Ana Urquijo: ‘Modernitatean behin betiko sartuko da gure kluba futbol zelai berriaren eskutik’

Ana Urquijo: ‘Modernitatean behin betiko sartuko da gure kluba futbol zelai berriaren eskutik’

‘Segurtasuna, erosotasuna eta errentagarritasuna dira arrazoirik funtsezkoenak estadio berria eraikitzeko’Athletic Clubek azken hamarkadetan eduki duen…

‘Segurtasuna, erosotasuna eta errentagarritasuna dira arrazoirik funtsezkoenak estadio berria eraikitzeko’

Athletic Clubek azken hamarkadetan eduki duen proiekturik garrantzitsuena abian dago jada. Ana Urkijo presidentaren eskutik Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilbao Bizkaia Kutxarekin lortu den akordioaren bitartez San Mames berriaren finantzazioa ziurtatzen da berme guztiekin, zuhurtasunez egin den kudeaketaren ondorioz.

Athletic Clubeko bazkideei behar legezko informazioa eskaini nahian, proiektuaren hainbat ezaugarri argituko ditu Ana Urkijok elkarrizketa honetan.

Zer sentitu zenuen Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilbao Bizkai Kutxarekin lortu den akordioaren aurkezpenean?
Hasieran gure Klubarentzat erabakiorra den berria jakinarazteagatik harrotasuna sentitu nuela aitortu beharra daukat, hilabete askoko lanaren ostean helburua lortu dugulako.
Hala eta guztiz ere, ahaldun nagusiak hitza eman zidanean emozioz gainezka sentitu nintzen bazkide legez eta presidentea legez aspaldian amestutako helmuga begibistan zen eta. Bazkide askoren desira da eta baita gu baino lehen egon ziren presidente zein zuzendaritza batzena ere. Urte gutxi barru egia bihurtuko den ametsa da. Modernitatean behin betiko sartuko da gure kluba zelai berriaren eskutik.

Zure ustez, bazkideak bat al datoz ilusio horrekin?
Azken urteotan hainbatetan galdetu zaie horren inguruan eta gehienek zuzendaritza batza desberdinen ekimenari baiezkoa eman diote. Hori bai, baldintza bakar batekin: zelai berria egungo San Mames dagoen leku berean egon zedila, instituzioen laguntzaren bitartez lortu den helburua hain zuzen ere. Atal honetan Bilbo Udala eta bere alkate Azkuna jaunaren gogoa azpimarratuko nahiko nuke, Athletic Cluben desira jasoz, hau da lur eremua berrantolatuz, desioa gauzatzea ahalbideratu duelako.

Zeintzuk dira zure iritziz zelai berria erakitzeko arrazoirik nagusienak?
Hirutan laburbilduko nituzke guztiak: segurtasuna, erosotasuna eta errentagarritasuna. Gainerakoen artean azpimarragarria da Athleticek bat egin duela, bere estadio berriaren proiektuaren bitartez, hiriaren hirigintza-birsorkuntzan, bere garaian Guggenheim museo edota Euskalduna jauregiarekin gertatu zen moduan.

Zein izan daiteke garrantzitsuena Athletic Clubeko bazkideentzat?
Elkarte heterogeneoa osatzen dugu Athletic Clubeko bazkideok, denetik dago gurean. Parte hartzen dudan foro guztietan zerau diot behin eta berriz: segur aski gure Klubek sentiberatasun guztiak biltzen dituen proiektu bakarra ala ia bakarra dela.

Dena den, sentiberatasun guztiei eta ahal den neurrian eman behar diegu erantzuna Zuzendaritza Batza garen aldetik. Bazkidek jakingo du balioztatzen zelai berriak berarentzat ez duela inolako kosturik izango. Halaber, mugikortasun arazoak dituzten pertsonak erraz sartzea aintzat hartuko dute askok, beste batzuentzat garrantzitsua izango da harmaila estalita egoeta edota jesarleku erosoetan jesartzea. Hirugarren puntua, hots, errentagarritasun ekonomikoarena, nahi guztien abiapuntua izango delakoan nago.

Jakin al daiteke errentagarritasun handiagoa nola lortuko den?
Jakina. Lehenengo eta behin bazkide gehiago egiten. Zerrenda luzea dago Klubean bazkidea izateko zain eta, egia esan, zelai berriaren bitartez askozaz gehiago izango zirela uste dugu. Hiru milioi euro gehiago lortuko genituzke denboraldiko. San Mames berrian palkoak eraikiko dira alokatzeko eta hortik diru-sarrera garrantzitsua ere hel daiteke. Gainera, publizitatetik datozen sosak daude eta baita ere errenta eta ustiapenetatik datozenak, batez ere ostalaritza negozioen errentamendu kontratuengatik. Horrezaz gainera, beste batzuk ere sortuko dira proiektua aurrera joan ahala.

Dirua kostatuko zaio bazkideari?
Ez, inolaz ere. Oinarrizko abiapuntua izan dugu proiektu honetan: egungo bazkideari ez zaio ezta euro bat ere kostatuko zelai berriaren eraikuntza.

Azal dezakezu nola geratzen den finantza proiektua San Mames Barria elkartearekin?
Diseinu honen ideia proiektua finantza ikuspuntutik azterketa sakona egin eta gero sortu zen. Arestian aipatu dudan legez, egungo bazkidea dirurik ez ematea pentsatu genuen eta, era berean, finantza-tresnak jasangarriak izan zitezela Athleticentzat, orain eta etorkizunean. Azken finean ohiko aurrekontua kalteturik suerta ez zedila, erakundearen eguneroko jardueran eraginik ez izatea. Zenbakiak hor daude eta guztiz ezinezkoa zen Athleticek bakarrik ardura hartzea, nahiz eta BBK-ren laguntza izan bere finantza plan onenarekin edota diru-laguntza garrantzitsuekin.

Testuinguru honetan zelai berriaren jabetza kudeatzeko ondare-elkartea egitea deliberatu zen Foru Aldundia eta BBKrekin, ateak zabalik uzten beste erakundeentzat, baina beti ere argi uzten hiru erakundeen partehartzeak proiektua eta bideragarritasuna bermatzen duela.

Zehaztu dezakezu alde bakoitzak zer ematen duen?
Une honetan hiruron asmoak aipa ditzakegu, baina aurrerantzean zehaztu beharko genuke nola gauzatu. Athletic Clubek egungo zelaiaren lur zorua ipiniko du, 21.000 metro garratu eta aurrekontuaren heren bat. Foru Aldundiak beste heren bat ipiniko du eta zorua, guk bezainbeste, eta BBK-k hirugarren herena eta finantzaketa.

Ildo berean egungo futbol zelaia Athletic Clubena dela esatea gustatuko litzaidake.

Zalantzarik sor daiteke Athleticen balizko ondare galtzeaz?
Bat ere ez. Athleticen zelaia egun 17 milioi eurotan zenbatzen da, hauen artean 660.000 euro lur zoruaren erosketa eta eraikuntzari dagozkionak. Zein da gakoa? Balorea hiru aldiz biderkatu dezakeen estadioaren jabekide izatera pasako dela, eman duen zoruaren jabe izaki eta guzti hau kontuan hartu gabe Klubarentzat suposatuko duen diru-sarreren iturria, ondarea handituko dena.

Ezohiko Batzar Nagusia deitzea pentsatu al duzu gai hau jorratzeko?
Prozesu honetan, egiten dugun gauza guztietan legez, Klubari dagokion heinean moldatzen dugu denbora. Bazkideari informazio guztia ematea da xedea eta informazioa osatuagoa daukagunean Klubek dituen baliabideak erabiliko ditugu, Ezohiko Batzar Nagusia barne. Edozein kasutan, Estatutuak beteko ditugu.

Amaitzeko, nola izango da zelai berria? Noizko egongo da prest?
Bost izarreko zelaia egin gura dugu, bertan UEFA edota Champions Leagueko finala jasotzeko. Orohar 55.000 pertsonentzako tokia egongo da eta erosotasuna bermatzeko beharrezkoak diren instalazio guztiak. Segurua, sartzeko erraz eta, batez ere, futbol zelaia izango da, hau da, erabilera anitzeko zelaia ez dela izango.

Ustiapena, kudeaketa eta, jakina, erabilera, Athletic Cluben esklusiba izango dira.

Oraingoz detaile gehiagorik ezin dugu eman. ACXT-Idom enpresarekin oinarrizko proiektua egiten ari gara eta hemendik bi hilabetera, gutxi gorabehera, bazkide zein Bizkaiko gizarteaari informazio gehiago ematea espero dugu. Une horretan egutegi zehatzago eskainiko dugulakoan nago.

Hala eta guztiz ere, estadio zoragarria izango dela esan dezaket, San Mamesen izena iraunaraziko duena hurrengo hamarkadetan eta baita ere eraikuntza berme jurídiko zein estatutuetako guztiekin egingo dela, Athletic Club bezalako elkarte handi bati dagokion legez.