
Nerea Uriagereka: Athletic da handiena
Nerea Uriagereka: Athletic da handiena
Zein dira taldea uzteko arrazoiak? Beno, asko hausnartutako erabakia izan da. Ez da bat batean…
Zein dira taldea uzteko arrazoiak?
Beno, asko hausnartutako erabakia izan da. Ez da bat batean hartutako erabakia. Buelta asko eman dizkiot eta uste dut onena hori dela. 24 urte ditut eta nire lanean murgiltzeko garaia da. Orain arte futbolean aritu naiz buru belarri. Ikasten ari nintzen bitartean, eta gero, dena eman dut, eta hori da hain zuzen ere orain egingo dudana, baina nire lanarekin. Egia da azken bi urteetan gutxiago jokatu dudala, eta kontuan hartuta ezin izango dudala futbolaz bizi, nire lanean zentratu eta nire etorkizunean pentsatzeko unea dela uste dut.
Ikusten dudanez, ez duzu jokatzen jarraitzeko asmorik…
Orain argi daukat ezetz. Futbola etortzen den zerbait da, eta etortzen den bezala joan egiten da. Aurten ez dut jokatzeko asmorik. Agian datorren urtean egingo dut. Baliteke jokatu gabe bizi ezin izatea eta berriz hastea, baina orain argi dut botak zintzilik utziko ditudala.
Uztea erabaki duzun honetan, gogoan al dituzu hasi zineneko garaiak?
Buff, horiek garaiak. Nik beti jokatu izan dut futbolean. Hiru anai ditut eta beti jokatu izan dut beraiekin. Gero, ikastolan, ez zidaten mutilekin jokatzen uzten. Neskek saskibaloian jokatu behar zuten. Baina behin nire anaietako batek esan zidan Sondikan bazegoela nesken futbol talde bat eta hara joan ginen. Nik 12 urte nituen eta 14 urte arte ezin nuen fitxarik eduki, beraz futbolean eta saskibaloian entrenatzen nuen, baina adina izan arte saskibaloian jokatzearekin konformatu behar nuen.
Beste garai batzuk ziren. Tribunaren azpian aldatu behar izaten genuen ez zegoelako aldagelarik, zelaiak hondarrezkoak ziren eta teknikoki ez zen orain bezala entrenatzen, ezta pentsatu ere. Orain hasten ari direnak pribilegiatuak dira eta pozten naiz. Ez dugu ahaztu behar nondik gatozen. Batzutan aldagelan lehenaldiko gauzak kontatzen ditugu eta badirudi aspaldikoak direla, baina ez da horrela. Baldintzak eskasak ziren eta Leioara joateko erabakia hartu behar izan genuen Sondikan etorkizuna ez genuelako argi ikusten.
Orduan Leioara pasa zineten baina zu urtebete bakarrik egon zinen. Igoerako urtean Eibarren zeunden. Nola bizi izan zenuen hori guztia?
Leioan urtebete pasa ondoren, Gasteizera joan nintzen ikastera eta entrenatzeko kontua oso zaila zen, baina Eibarreko aukera atera zitzaidan eta gauzak asko erraztu zizkidan. Eibarren nengoen eta egia esan ez nekien Athleticek interesa zuenik igoera lortuz gero Superligan lekutxo bat lortu nahi zuenik. Bertan zeuden nire kideak beste modu batera biziko zuten baina nik azken unean jakin nuen. Iñigok deitu zidan eta aukera horri buruz hitz egin zidan, Athleticen sartzearena, pentsa. Ni Athleticekoa izan naiz beti. Bihotzean sentitzen dut. Familia osoa zurigorria da eta kamiseta zurigorriarekin jokatzeko aukera ematen zidaten. Oso pozik nengoen, amets bat bezala zen.
Nolakoa izan zen uda hori, lehen entrenamenduaren, aurkezpenaren… aurreko egunak?
Egia esaten badizut, uste dut lotsa ere ematen zigula. Beldur pixka bat ere bagenuen, Athleticen sartzera gindoazen, ehun urte baino gehiagoko historia duen cluba, gizonezkoen cluba eta ez geneukan oso argi nola erantzungo zuen clubeko jendeak. Guretzat aurkezpenaren egunean ateratzea, dena kameraz, kazetariz, jendez… beteta, uste dut ez geneukala oso argi non geunden, zer esan behar genuen edo zer egin eta bost urteren ondoren oraindik une hori gogoratuz dibertitu egiten gara.
Oroitzapenak, egunkari zatiak, argazkiak, horrelako gauzak gordetzen al dituzu?
Nik ez, baina nire amak dena gordetzen du. Eta egun hauetan etxean gauzak antolatzen egon naizenean ilusio handia egin dit egun horietako berriak, argazkiak, irudiak ikustea. Oroitzapen politak dira eta ziur naiz denborarekin gero eta gehiago preziatuko ditudala. Ez du ematen baina gauza asko pasa ditugu elkarrekin eta polita da horiek gogoratzea. Hemendik eskerrak ematen dizkiot amari dena hain ondo jasotzeagatik.
Zer esan nahi du zuretzat historiako lehen partidan Athleticeko kamiseta jantzi izana?
Lehen partida izateak ez asko. Agian 25 urte barru ezberdin ikusiko dut eta ziur taldearen alineazioa ikusi eta esango dudala: “Hor nengoen ni”, baina garrantzitsuena jokatu izana da. Uste dut zentzu horretan emakumeak eta gizonak ezberdinak garela eta uste dut gure kualitatea dela eta bizitzaren alderdi askotan aurrera azkar egiten lagundu digula. Kamiseta hori gordeta daukat eta ohore handia izan da niretzat defendatzea, partida horretan eta beste guztietan.
Zure ibilbide zurigorrian gol bat sartu duzu. Torrejoni zure lehen denboraldian. Nola gogoratzen duzu?
Bai, gogoratzen dut. Gainera bakarra denez erraza daukat. Gainera gol polita izan zen. Oraindik noizean behin gogorarazten didate.
Egia esan beti izan naiz alboko oso defentsiboa. Beti saiatu naiz nire lana atzean ondo egiten bandara igotzen baino gehiago. Horregatik gol hori sartu nuenean ezin nuen sinetsi.
Egia da azken urte hauetan bandara gehiago igotzeko joera izan dudala, baina lehenik eta behin zure tokia gordetzeko diziplina taktikoa oso garrantzitsua izan da, batez ere Ligako lehen tituluan. Baziren teknikoki gu baino hobeak ziren taldeak baina diziplina eta ahaleginarekin irabazten jakin genuen.
2003ko martxoaren 30ean, Pueblaren aurkako partida San Mamesen. Nola bizi izan zenuen hori guztia?
Partida jokatu baino egun batzuk lehenago San Mamesera joan ginen entrenatzera, partida baino lehen zelaia ezagutzeko. Sentsazio hori ahaztezina da. Geroa, nahikoa jende joango zela espero genuen, baina ez joan zena bezainbat. Beroketak egiten ari ginen eta jendea etengabe sartzen zela ikusten genuen. San Mames irekitzeko beldurra zegoen, baina guk zelaitik jendea sartzen besterik ez genuen ikusten, eta gehienak zerbait zurigorria zeraman.
Zelaira ateratzekotan geundenean, tunelean, zarata nabaritzen genuen, emozio fuertea, elkarri begiratu eta ez genekien zer esan. Ateratzea gehiegizkoa izan zen. Hotzikara, San Mames 30.000 pertsona baino gehiagorekin emakumezkoen futbol partida bat ikusten. Partida hasten denean ez duzu ezer ikusten. Jokoa bakarrik, baina argi dago zuregatik eta han dagoen jende guztiarengatik egiten duzula korrika.
Eta bi aste beranduago berriz San Mames, eta gainera Superliga irabazi…
Bai. Hispalisen aurka jokatu genuen, partida irabazi eta txapeldun gelditu ginen. Urtebete baino gutxiagoan Athleticen jokatu, San Mamesen jokatu eta Superliga irabazi. Ezin da gehiago eskatu, baina hori guztia ez da kasualitatea. Horren guztiaren atzean sakrifizio, entrenamendu, urteetako lana dago. Superligan dagoen taldeetatik gehien entrenatzen duguna da, astean lautan, larunbatak barne. Eta horrek, azkenean, saria izan zuen. Baina norbait aipatu behar bada Iñigo da. Bere lana hor dago, baina barrutik lan egiten ikusita, seriotasun, zehaztasun, profesionaltasun horrekin, konturatzen zara entrenatzailerik onena izateko zortea dugula eta emakumezkoen futbola oso ongi ezagutzen duela.
Europarako sailkatu eta bi garipenen ondoren, Frankfurt San Mamesera iritsi eta galdu egin zenuten…
Kolpe gogorra izan zen, baina ongi etorri zitzaigun. Taldeak ongi ekin zion partidari. Baina jokalari batzuk alemaniarren partidaren bat ikusia genuen eta zelaian aurrean genituenean euren nagusitasuna argia izan zen. Hala ere, taldeak partidari eutsi zion, eta lesionatutako jokalariek ere bukaera arte iraun zuten zelaian.
Partida hori galtzea ongi etorri zitzaigun gure inguruan zegoen euforia gelditzeko. Taldeak bazekien alemaniarren maila fisikoa eta teknikoa gure baino altuagoa zela une hartan, eta gure helburua lehenbailehen maila hori lortzea da.
Denboraldi berria, jokatzen jarraitzen duzu eta partida guztiak jokatu zenituen bat izan ezik. Ba al dakizu arrazoia?
Zigorra?
Bai. Historian Ligan kanporatutako Athleticeko lehen jokalaria zara.
Ez esan? Benetan? Behin kanporatuko eta… Gainera ez zen justua izan. Zelaitik negarrez atera nintzen. Levanteren aurka izan zen Valentzian. Lau minututan bi txartel hori atera zizkidan segidan eta bigarrena lotsagarria izan zen. Ez nuen ukitu ere egin. Epaileak (Andújar Ajenjo) ez zuen pentsatu ere egin eta nik ezin izan nion negarrari eutsi. Taldeak bukaera arte iraun zuen eta puntua lortu genuen.
Eta berriz txapeldunak. Baina, oraingoan ezberdina ezta?
Oso ezberdina. Azken jardunaldian San Mamesera atera aurretik txapeldunak ginen. Oso lasai atera ginen Torrejonen aurka. Festa bat izan zen baina argi dago ez genuela ongi egin. Azkenean San Mames bezalako zelai batean galtzea ez zaio inori gustatzen eta nahiz eta helburua lortuta egon erdi ipurdiko talde batek bezala jokatu genuen eta hala joan zitzaigun. Iñigori ez zitzaion batere gustatu, baina gero dena ahaztu zitzaion eta gure bigarren Superliga lehena bezala edo gehiago ospatu genuen.
Eta berriz Europako lehiaketa jokatzera, bigarren fasera eta ia hirugarrenera iritsiz.
Oso gutxigatik. Gogoan dut suediarren aurkako partida. Beroketa lanak egiten ikusi genituen eta ez zirudien oso arduratuta zeudenik. Lasai ikusten genituen. Partida hasi zen eta 20 minututan Ebak eta Amaiak gol bana sartu zuten. Baina lehen aipatu dugun maila fisikoarena ordaindu genuen. Partida laburragoa izan balitz pasako ginatekeen, baina fisikoa gailendu zen eta gertu gelditu ginen.
Hirugarren Superliga hasi eta berriz ere txapeldunak, baina oraingoan etxetik kanpo, Bertzelonan.
Bai. Beno, aprobetxatuko dut nire peñakoei gurekin etortzeagatik eskerrak emateko, baita urte hauetan zehar gurekin etorri den jendeari eskerrak emateko ere. Asko eskertzen dugu eta Barçaren aurkako partidan adibidez, gogoan dut Miniestadira iritsi ginela eta Athleticeko jende pila bat aurkitu genuela gu ikustera Bartzelonara joanak. Hori ikusita, etxetik kanpo dena jokatzeagatik genuen beldurra desagertu egin zen. Zoragarria izan zen titulu hura jendearekin, hegazkinean, aireportuan. Dena oso polita izan zen.
Oraingoan aldatu zena ospakizuna izan zen: ekitaldi ofizialak, Foru Aldundia, Udaletxea, kamioia…
Bai. Zuhurtziaz ikusten zen kalera aterako zen jendea. Ibilbidearen inguruan zalantzak zeuden, baina dena oso ondo atera zen. Udaletxeko balkoian egotea eta jende hori guztia bandera, kamisetekin ikustea eta hori guregatik zela jakiteak hunkitu egin ninduen. Batez ere neskatxa asko Athleticeko kamisetarekin ikusteak gogora ekarri zizkidan ikastolan futbolean jokatu nahi zuen neska bakarra nintzeneko garaiak. Asko aurreratu dugu, asko dugu aurreratzeko baina dagoeneko neskentzako kamisetak ere baditugu. Gauza txikiak dira baina lortzea kosta direnak eta harro nago dagokidan zati txikiaz.
Eta uda iristen da. Uda zaila.
Bai. Txapeldun izateagatik izandako ospakizunetatik Iñigo bazihoala jakitera igaro ginen. Aurrera egiteko neurri batzuk eskatu ziren eta ezezkoa esan zitzaigun. Ez genuen ezer ulertzen. Gauzak primeran zihoazen eta denarekin bukatzea erabaki zen. Ez genekien arrazoirik, inork ez zigun azalpenik ematen eta hortik aurrera gauzak ez ziren ondo joan. Maila teknikoa asko jaitsi zen eta normala da, izan ere Iñigo da, dudarik gabe, emakumezkoen futbolaz gehien dakien entrenatzailea, eta lehen unetik gauzak gaizki joaten hasten dira. Giroa ere ez zen berdina. Gauza asko izan ziren. Hala ere, momentu batean taldea elkartu eta denboraldia atera eta gutxienez Kopan sartu behar genuela erabaki genuen. Eta hala egin genuen, baina asko kostata, taldearen maila fisikoa eta teknikoa ez baitzen beste denboraldietakoa.
Zuretzat ere ez zen denboraldi ona izan.
Bai. Jokatzeari utzi nion. Inork ez zidan ezer azaldu eta 10 partida bakarrik jokatu nituen. Urte hartan hala ibili ginen. Orduan hasi nintzen beste gauza batzuetan pentsatzen. Futbolaria berekoia da. Beti jokatu nahi du. Batzuetan hala egiten ez duzun arren entrenatzaile bat duzu hobetzen laguntzen dizuna. Baina hori ez zen horrela. Ahazteko moduko urtea da.
Denboraldi berria. Iñigo itzultzen da. Dena lehengora itzultzen da baina zuk ez duzu nahi adina jokatzen.
Bai. Iñigoren itzulera positiboa da alderdi guztietatik. Bere itzulerarekin Athleticek irabazi egiten du eta emaitzak hor daude. Ni gero eta gutxiago sartzen naiz taldean. Azkenean 14 partida, horietako asko aulkitik minutu gutxi sartuta. Eta lehen hitz egin duguna. Aste osoa gogor entrenatzen, sakrifikatzen eta igandea iritsi eta ez duzu jokatzen. Asko sufritu dut. Gaizki pasa dut. Kanpotik, aulkitik gaizki pasa dut. Eta honek gauzak hausnartzen eta erabaki bat hartzen lagundu dit. Zelaian sufritu egiten da baina kanpokoa, niretzat, izugarria izan da.
Hala ere berriz ere txapeldun, baina oraingoan bukaera arte sufrituz…
Bai oraingoan oso gogorra izan da. San Mamesen irabazi behar genuen. Ez geunden inoren menpe eta ez genuen golik sartzea lortzen. Partida arraroa zen, iristen ginen baina ez genuen asmatzen. Gainera zalantzako jokaldiak egon ziren, gure aldeko penaltia, baliogabetutako gol bat, zalantzako jokoz kanpokoak…, baina partida aurrera zihoan eta ez genuen golik sartzen. Debekatu egin ziguten aulkian irratiak, telefonoak edo Espanyol nola zihoan esango zigun edozer edukitzea. Jendeak esaten zigun gauzak ondo zihoazela. Espanyol galtzen ari zen, baina ez geneukan argi. Azkenean, ez genuen partida irabazi baina bai Superliga. Espanyolek galdu egin zuen eta San Mames berriz ere festa bat izan zen.
Titulu berezia
Niretzat oso berezia. Baita taldearentzat ere. Frogatu nahi genuen lehen hiru denboraldietakoa ez zela kasualitatea izan. Eta denon lanari esker lortu dugu.
Garrantzitsua izan zen Espanyolen aurka Sant Adrian lortutako puntua, ezta?
Noski. Partida hori oso ondo gogoratzen dut. Nik osorik jokatutako azkenetako bat. Partida txarra izan zen, jokaldi gutxirekin, baina txapeldun izateko zortea izan genuen. Azkeneko hamar minutuak arean sartuta, puntuari eusten, jendearen irainak jasaten, nekea, baina azkenean puntu horrek titulua eman zigun eta irabazi ezin dituzun partida horiek gutxienez ez dira galdu behar.
Koparen madarikazio…
Bai. Ibilbide luzekoak gara eta Kopara iristen garenean, Liga irabazi ondoren hustuta iristen gara. Ez da normala bost denboralditan erronda bakarra pasa ez izana, horietako lautan Ligako txapeldun izan ondoren, baina uste dut Liga sari garrantzitsuagoa dela. Argi dago gustatuko litzaigukeela Kopako finalera iristea, batez ere zaleen joan etorriei dagokionez, baina ez da posible izan, nahiz eta ziur berehala ikusiko dugula.
Peña Carlos Gurpegirekin batera duzu. Hori da hori crack-a?
Noski. Oso pertsona ona da. Ekitaldietan egon izan garenean, aurkezpenetan, oso atsegina da berarekin egotea. Gertatzen dena gertatzen ari da eta ea lehen batí lehen joka dezakeen. Nire peñakoek berarekin partekatzeko esan zidatenean, niretzat orea izan zen. Asko eskertzen diot mugitu den jendeari eta Mungiako nire peñan gauzak egin dituztenei. Eskerrak bihotzez.
Zein da Athleticeko zure lehen oroitzapena?
Hori oso argi daukat. Julen Guerrero. Bera Athleticen hasi zenean nik 9 urte nituen. Ni ere jokatzen hasten ari nintzen eta horregatik gogoratzen dut. Ni Julen Guerreroren zalea naiz. UEFAko, Championseko… partida haiek.
Beraz jokalari bat galdetzen badizut…
Julen Guerrero, dudarik gabe. Nire lekuan Cafu gustatzen zitzaidan, baina Athleticeko jokalari bat galdetzen badidazu Julen esango dizut.
Bukatzeko, Zer eskatuko zenioke Athleticeko presidente berriari emakumezkoen futbolarentzat?
Inplikazioa eta arriskuak hartzea. Gauza asko egin daitezke, maila guztietan eta ez dugu erakundeen menpe bakarrik egon behar. Clubean aktibo bat gara, Clubak aprobetxatu egin behar gaitu eta gauza polit asko daude egiteko eta egin daitezkeenak.
Emakumezkoen Athletic prest al dago emaitzak hain onak ez direnerako?
Baietz uste dut. Oinarri bat dago, azpiko mailak daude. Eta niretzat iazko urtea garrantzitsua izan zen. Gaizki pasatzen ari ginen eta jendea laguntzeko prest ikusi nuen eta horrek asko balio izan zuen niretzat. Uste dut Athleticek horregatik egin zuela gure aldeko apustua, guk erantzun dugu eta aurrera egiteko eta Athleticeko eta Bizkaiako emakumezkoen futbola finkatzeko unea da. Athletic da handiena eta ez du huts egingo.
Eskerrik asko Uri.