Bi hamarkadetako agintaldi rossoneroa
Milan taldeko nagusitasunak Silvio Berlusconik 1986ko otsailaren 20an klubera egindako etorrerarekin bat egin zuen, bere…
Milan taldeko nagusitasunak Silvio Berlusconik 1986ko otsailaren 20an klubera egindako etorrerarekin bat egin zuen, bere historiaren krisi ekonomikorik handienatik aldenduz. Azken bi hamarkadetako AC Milanen balantzea eztabaidaezina da oso: 7 Scudetto, Europako 5 Kopa, Europako 5 Superkopa, Italiako 5 Superkopa, Italiako Kopa bat eta 2 Interkontinental. 18 urteko epean Europako Koparen (edo Txapeldunen Liga) 8 finaletan hartu du parte, 5 aldiz irabaziz. Futbol modernoaren talderik onena omen da. 1987an Berlusconik Arrigo Sacchi entrenatzaile gazte eta iraultzailea kontratatzeagatik egin zuen apostu arriskutsuak talde lombardoaren norakoa aldatu zuen, eta baita europear futbolarena ere.
Milan taldea garaipenak lortzeko tresna batean bihurtu zen. Taldeak bere osotasunean zelaiko hutsuneak txikiagotzen zituen aurkariari estutuz eta bitartean, jokaldiak asmatzeko lana ‘urrezko tulipak’ ezizenez ezagutzen ziren Gullit eta Van Bastenena zen, eta beranduago Rijkaard batu zitzaien. Milandarrek Europa mendean hartu zuten birritan 1989garren urteko finalean Steaua Bucarest taldeari irabaziz (4-0, Van Bastenek eta Gullitek bakoitzak bi gol sartuz) eta 1990ean Benficari gauza bera eginez (1-0, Rijkaard). Geroago, Fabio Capellok Sacchi ordezkatu zuen Milango urrezko lehenengo aroa luzatuz. 1994ko Europako Kopako finalean Johan Cruyffen Bartzelona zapaldu zuen 4-0 irabazi ondoren Massaro (2), Savicevic eta Desailly jokalarien golei esker. Ancelottiren zikloa 2001ean hasi zen.
Besteak beste, Inzaghi eta Pirlo fitxatu zituen eta biek, gainera, joan den maiatzean Txapeldunen LIgako finalean Liverpool taldeari bi golak egin zizkioten (2-1). Aurretik, 2003garren urtean, Europako txapeldun suertatu zen talde italiarra Juventus aurkariaren aurrean penaltien txandan, Shevchenko ukraniarrak penalti erabakigarria sartu zuelarik. Orain titulua eustea du helburu. Ukitu gabeko blokea Italian badago ‘irabazten duen taldea, aldatzerik ez’ dioen esaera. Liverpoolen aurkako garaipena lortu ondoren, egia da talde txapeldunaren bizkarrezurra ukitu gabe dagoela, baina Milan boteretsuak lan taldea indartu du jokalari batzuk fitxatuz: Digao atzelaria (Kakaren anaia), Emerson eta Ibrahim Ba erdilariak eta Alexandre Pato 18 urteko aurrelaria. Azken honek ezin du oraindik partida ofizial batean Milan taldearekin debuta egin datorren urtarrilera arte.
Milanek Porto Alegreko Internacional taldeari 22 milioi euro eman dizkio bere fitxaketagatik, etorkizuneko apostu interesgarria eginez. Bien bitartean, Dida atezainaren neurritasuna, Nestaren segurtasuna atzekaldean, Pirloren kreatibitatea, taldeko ‘arima’ den Gattusoren borrokarako grina, Kaka 2007ko Urrezko Baloiaren hautagaia denaren dotorezia eta ÔSuper PippoÕ Inzaghiren hutsezintasuna taldea osatzerakoan aintzat hartuko ditu Carlo Ancelotti entrenatzaileak.
Haiei guztiei Ronaldo batuko zaiela ez dugu ahaztu behar. Brasildarrak azken Txapeldunen Ligan ezin zuen gorribeltzekin jokatu aurretik Real Madrilekin egin zuelako. Edonola ere, Ancelottik badaki datozen urteotan errenobazio sakona egin behar izango duela, betiko gaztetasunaren formulak lan talde beteranoari kalte egingo omen diolako. Izan ere, aurtengo lan talde osoaren adinari so eginez, bakarrik hamar jokalarik dute 30 urtetik behera: Kaladze, Bonera, Digao, Matteo, Gattuso, Gourcuff, Pirlo, Gilardino, Kaka eta Aubameyang. Asteburu honetan nazioarteko partidak izango dira, hortaz, Ambrosini, Bonera, Gattuso, Pirlo eta Oddo italiarrak; Kaka brasildarra; Simic kroaziarra eta Seedorf holandarra ez ditugu ikusiko San Mamesen, haien selekzioen deialdietan sartu baitira. Dena den, Lombardiako klubak giharreko lesio bategatik ia osatuta dagoen Ronaldo, Emerson, Inzaghi, Maldini, Nesta, Gilardino, Jankulovski, Cafu, Pato, Serginho eta Gourcuff jokalariak San Mamesen izango direla bermatu du.
Benetan, jai handia bizi izango dugu Athletic Cluben eta Europako egungo txapeldunaren arteko lagunartekoarekin.