Athletic Club

San Mamesen lagapena: Prentsaurrekoa

San Mamesen lagapena: Prentsaurrekoa

Athletic Clubek San Mames futbol zelaia lagatu du Mundialito BBK-ren finala jokatu ahal izateko, larunbatean,…

Athletic Clubek San Mames futbol zelaia lagatu du Mundialito BBK-ren finala jokatu ahal izateko, larunbatean, uztailaren 5ean Brasil eta Boliviako selekzioen artean. Ekitaldiaren antolatzaileek prentsaurrekoa eskainiko dute ostiralean, uztailaren 4an, 12:00etan San Mameseko prentsa aretoan. Bertan Nora Dañobeitia, BBK-ren izenean, eta Carlos Del Campo batzakidea, Athletic Cluben izenean, egongo dira present.

Halaber, arestian aipatzen den Mundialito BBK-ren finala dela eta, San Mameseko denda ofiziala zabalik egongo da 10:30etatik 13:30etara eta 15:30etatik partida amaitu bitartean.

“BBK Mundialtxoaren” finalak larunbatean San Mamesen

San Mameseko futbol zelai apartean jokatuko dute finala Brasil eta Boliviako “selekzioek” arratsaldeko 16:30etatik aurrera, Athletic Club taldearen laguntzari esker. Kirolez eta festaz beteriko ekitaldiak 15.000 lagun biltzea espero du.

Brasil-Bolivia. Hau da “BBK Mundialtxoak” hirugarren urtean gizonezkoen mailan izango duen finala. Azken norgehiagoka uztailaren 5ean, larunbata, arratsaldeko 16:30etatik aurrera jokatuko da parekorik ez duen San Mameseko zelaian, gizarteratzearen eta bategitearen festa honek merezi duen bezala. Latinamerika eta Afrikako gizonezkoen 14 selekzioen artean bi taldeok izan dira onenak, maiatzaren 31tik aurrera Lamiakoko futbol zelaian jokatu den kanporatze saioetan erakutsi dutenez.

Lehiaketaren finala 15.000 lagunek zuzenean jarraitzea espero da, BBK-k kutxazain automatikoen bidez banatu dituen doaneko sarrerak jaso baitituzte. Bertara joaten diren guztiek saioan zehar egingo diren hainbat zozketatan esku hartuko dute. Finalera iritsi diren taldeei, garaikurrak ezeze, ekipaia osoa emango diete, gizonezkoei eta emakumezkoei. Sariak banatzen Bizkaiko Foru Aldundiko, Bilbo eta Leioako Udaleko, ASMUL elkarteko, Athletic eta BBK-ko orezkariak izango dira.

Hain justu ere, emakumezkoen lehiaketa zortzi jokalariz osaturiko taldeen artekoa izan denez, ezinezkoa izan da San Mames futbol zelaia baldintza horietara moldatu eta finala Bilbon jokatzea. Horregatik, emakumezkoen “BBK Mundialtxoko” finalak joan den ekainaren 28an jokatu ziren, Lamiakon bertan. Eurolatinas taldea izan zen garaile, Boliviako Cruceñas taldeari 3-1 irabazita. Real America Club eta Ekuadorreko selekzioak izan ziren hirugarren eta laugarren, hurrenez-hurren.

Zozketak, festa eta kirola 16:30etatik aurrera

Arratsaldeko 16:00retan zabalduko da San Mames, aulkia hartu nahi dutenentzat. Finalera iritsi diren bi taldeak, Bolivia eta Brasil, arratsaldeko 16:30etan zelairatuko dira, jantzi berriekin, eta neska-mutil talde baten laguntzaz. Han egingo dituzte finaleko argazki ofizialak. Herri bietako ereserkiak entzun ondoren, Pichichiri lore eskaintza egingo diete, futbol zelai hau lehen aldiz zapaltzen duten talde guztiek egin ohi dutenez.

Ohorezko sakea Andoni Zubizarreta nazioarteko atezain ohiak egingo du, eta “BBK Mundialtxoko” finala jokatzen arratsaldeko 17:00tan hasiko dira. Irauten duen 90 minutuetan, Boliviako “txaranga” batek girotuko ditu harmailak. Atsedenaldian Colombia eta Brasilgo dantza eta musika taldeen ikuskizunekin ere gozatu ahal izango da.

Lehiaketaren amaieran, eta “BBK Mundialtxoko” irabazleei, golegileei eta atezain onenei sariak eman aurretik, -gizon zein emakume-, datorren denboraldian Athleticek San Mamesen jokatuko dituen partidu denak ikusteko hiru abono bikoitz zozketatuko dituzte antolatzaileek ikusleen artean, bai eta Bilbao BBK LIVE 08 kontzertura igandean joateko hiru sarrera bikoitz ere.