Athletic Club

Elkarrizketa: Iñigo Juaristi

Elkarrizketa: Iñigo Juaristi

Iñigo Juaristi, gure Athletic Clubeko emakumezkoen lehen entrenatzaileak gaurkotasuna duten gaiak errepasatzen ditu gure web…

Iñigo Juaristi, gure Athletic Clubeko emakumezkoen lehen entrenatzaileak gaurkotasuna duten gaiak errepasatzen ditu gure web orrialdean.

Nola baloratzen duzu denboraldia?
Tituluagatik borrokatu eta lau alditan lortu eta gero, ezin dugu esan denboraldi bikaina izan denik, hori argi dago, baina nire ustez, denboraldi ona izan da. Gogor jardun dugu, eta onartu beharra dago oso talde indartsuek irabazi gaituztela, hortxe daude emaitzak. Atzera begiratu eta, horra hor Italiako Bardolino taldea, Europako lehen errondan minimoagatik kanporatu gintuena eta finalaurrekoetara iritsi zena, edo Levante eta Rayo, bai jokoan bai emaitzetan historiako Athletic onenak baino punto bat gehiagorekin amaitu dutenak.
Egia da Valentzian, Levanteren aurkako partiduaren ostean, ia aukerarik gabe gelditu eta inkontzienteki intentsitatea galdu genuela; logikoa da baina: txapeldun izateko helburua ezinezkoa zen berriro eta taldeak nabaritu zuen.
Gero, Kopa-zozketak Rayo “oparitu” zigun eta urte guztietakoa errepikatu genuen atzera, gogo handia, joko ona tarteka-marteka, baina aurrean, beste behin – eta badira hainbat- azkenean Kopa txapelduna izango zena geneukan. Rayok liga bikaina egin du, eta Kopan izugarri jardun dute. Datorren urtean ahaleginduko gara berriz, baina ea zorte pixka bat daukagun zozketan.

Denboraldia bukatu eta orain plantilla berritu beharra dago. Zer esan dezakezu taldetik alde egin behar duten jokalariez?
Pena da benetan honelako momentuak heltzea, baina ulertu behar da horiek ere futbolaren parte bat direla.
Lorenaren kasuan, taldean jokalari oso garrantzitsua izan eta minutu asko jokatzetik une puntualetan jokatzera pasa da; belauneko lesioa eta duen adina kontran izan ditu, eta horrenbestez, bere erabakia normala izan da. Beti izaten da momentu bat, hainbeste sakrifizio-urte pasa eta talde honetako funtsezko pieza izan ostean, beste helburu batzuk izateko. Nik neuk, goraipamenak baino ez ditut berarentzat.
Leireri beste horrenbeste gertatu zaio parte hartzea dela-eta. Gero eta ekarpen gutxiago izan du taldean, asko jokatzetik gutxiago jokatzera pasa da; izan ere, bere postuan ligako bi erdilaririk onenetarikoak jokatzen dute, eta teknikoon betebeharra izaten da partidu bakoitzean denik eta hamaikako onenarekin jokatzea, horrek jokatzeko aukerak kendu dizkio. Bere lana goratzeko modukoa izan da.
Aneren kasua bestelakoa da. Alde fisiko zein teknikotik uste dut jokalari zoragarria dela, baina hainbat gauza faltan ditu mailarik gorenean izateko. Pena da, nire ustez, buruan futbolari uztearen ideia gehiago erabiltzea, eta ez hainbeste borrokatu eta jokatzen jarraitzearena, bere buruari erakusteko balio ere balio duela. Pena izan da niretzat berak barruan duen potentziala atera ezin izana. Batzuetan hobe da pausu bat atzera egitea gero aurrerantz bi egiteko seguruago. Konfiantza dut eta nahi dut Anek jokatzen jarrai dezala, gogor entrena dadila, goza dezala, seguruago senti dadila, eta ziur nago hau guztia gertatuz gero, geure artean izango dela berriz.
Maria Lukeri dagokionez, Eibarretik etorri eta lehen taldera sartu zen Andereren lesioagatik. “B” taldearekin berriz jokatzeko ideia planteatu zitzaion, baina berak uste du “B” taldeko aroa amaitu egin zaiola, eta horretaz nik ez daukat ezer esaterik.

Esaten digute plantilla gutxi erabiltzen duzula, jokalari berberekin jokatzen duzula beti. Zer diozu honetaz?
Beno, nik uste dut hauxe ia eguneroko kontua dela edozein errendimendu-taldetan, hor daude bestela geure aurkarien estatistikak. Normalean, errendimendu-talde batean jokalari askok parte hartzen badute, edo euren arteko maila oso parekatuta dago edo ez da talde finko batekin asmatzen. Denok gogoratzen ditugu talde handi haiek, ia buruz. Gero alde pertsonala ere hor dago eta momentu oso zailak daude, jendeak makina bat lan egiten duelako igandean jokatu ahal izateko eta batzuetan deialdian ere ez dagoelako. Zentzu honetan jokalariei esaten diedana esan dezaket, igandeko hamaikakoan egoteko ez du balio bakarrik gogor entrenatzeak edo kalitatea izateak, hau bezain garrantzitsua, edo garrantzitsuagoa izaten da ondo lehiatzea aukera datorrenean, hori da-eta entrenatzaileek begiz jotzen dutena.

Badago berririk etor daitezkeen jokalariez?
Momentuz ez. Horretan dihardugu eta, gainerako taldeek bezala, denik eta plantillarik onena izatea da gure helburua. Gauzak ondo egin behar dira, lasaitasunez, taldearen onerako pentsatuz.

Superligaren maila gero eta hobea al da? Ona litzateke Real Madridek eta Bartzelona FCk emakumezkoen futbolaren aldeko apostua egingo balute?
Ez dago zalantzarik pixkanaka-pixkanaka emakumezkoen futbolaren maila gora doala eta Superliga gero eta indartsuagoa dela. Beste edozein bultzada izanez gero, hainbat hobe Superligarentzat eta oro har, emakumezkoen futbolarentzat ere. Dena den, aipatzen dituzun talde bi hauek geure futbolarekin bat eginez gero, oso garrantzitsua litzateke benetan, zerbait aipagarri egiteko konbentzimenduarekin egingo balute.

Ilusiorik al du oraindik Iñigo Juaristik Athletic proiektuan?
Horixe baietz. Lortutako tituluen gainetik – bestalde asko lagundu dutenak emakumezkoen futbolak gorakada handia izaten – epe luzeko proiektu bat eratzeko Lezamatik egiten ari den lana oso garrantzitsua da. Proiektu honetan dihardugun guztiok geure onena ematen ari gara hauxe guztia lau urteko kontu puntuala (Ligako lau titulu eta guzti) baino zerbait gehiago izan dadin. Luzera jokatu gura dugu baita urte asko barru, emakumezkoen futbola finkatu eta goi-mailan izanda, atzera begiratu eta Athletic honekin harro egon ahal izan ere, gizonezkoen futbolarekin egiten dugun bezala, irabazitako Ligak eta kopak gogoratzen ditugunean. Egiteko daukagu baita ere, Bizkaiko emakumezkoen futbolarekin zerikusi daukan guztia (sustapena, formazioa, hitzarmenak, etab..), eta espero dut Clubaren egoera joan diren denboraldietakoa baino egonkorragoa izatea hauxe guztia gauzatuko badugu.

Emakumezkoen taldeak badu jarraitzaile leialik?
Bai. Hala ere, normala da aurten, amaieran behintzat, aurreko urteetan baino jende gutxiago egon izana, izan ere, ez gara gauza izan tituluagatik lehiatzeko, baina baditugu gure jarraitzaileak eta leialak dira. Superligako onenak dira urrundik, kalitatez zein kopuruz, baina gehiago izan zitezkeelakoan nago, komunikabideek pixka bat lagundu izan baligute. Prentsa edo kirol-atalak begiratuz gero, ohartzen zara zale askoren interesa eta komunikabide gehienek emakumezkoen Athletici egiten dioten segimendua, ia hutsaren hurrengoa, ez datozela bat, are gehiago ikusita zelan tirada handiko komunikabideek, geurean baino bosten bat ikusle gutxiago bildu duten edo behe-mailetako futbol partiduez informatzen duten, argazkiak eta guzti…Athletic Club, berriz, maila gorenean jokatu baina ia agertu ez. Nik uste dut hau pixkanaka-pixkanaka aldatuko dela, eta hori helburu izanda egin behar dugu lan. Gu ikustera datorren jendeak errepikatu ohi du. Emakumezkoen Athleticek erakarri egiten du.

Pozik al zaude Clubaren sostenguarekin?
Erabat. Eskertu behar diot Zuzendaritzari eman digun laguntza osoa. Proiektua goitik behera ulertu dute, eta hori eskertzekoa da. Zaleak ere gurekin daude. Beren sostengua dugu, baldintzarik gabea, eta hori oso garrantzitsua da taldearentzat. Lehengo lepotik ari naiz, baina komunikabideen sostengu handiagoa behar dugu orain. Kasu pixka bat gehiago egingo baligute, bizkorrago haziko ginateke.

Epe luzeko proiektu horretan, zelan egiten duzue lan harrobiarekin?
Beno, jende guztiak dakienez, B taldea dugu, formazio-taldea da, eta bertan, jokatzeko minutuak modu parekatuan banatzen dira gutxi gorabehera, jokalari guztien formazioa bete ahal izateko: esan ohi da lehian jardun ezean ez dagoela egoki formatzerik. Beste kontu bat da, guztiz bestelakoa, errendimendu-futbola, bertan ez dago-eta proba asko egiteko aukerarik, eta lortzen den guztia jokalari bakoitzaren esfortzu eta kalitateari esker lortzen da. Gainera, beste klub batzuetako jokalariekin ere lan egiten dugu: Lezaman astean behin, denboraldi osoan, entrenatu dira, horietako bat B taldearekin ere. Asteko lan honen bidez jokalariak hobetu gura ditugu, eta beren bilakaera ikusi. Albait partidu gehienak ikusten ditugu, horietatik “elikatzen” gara eta. B taldean zortzi baja izan dira, eta Lezaman izan ditugun beste jokalari hauetatik aterako dira ordezkoak.

Kanpoko jokalariak lehen taldean jokatzeko ekartzen dira nire ustez. Probintziatik kanpoko jokalari batek aldea edo duen proiekzioa erakustera etorri behar du, osterantzean hobe da Bizkaiko jokalariak erabiltzea.

Klubekin daukagun harremanei dagokienez, hainbat egitasmo ditugu abian, kadete edo gazte mailako taldeekin egiten diren entrenamenduak, adibidez, baina ez da hobetze edo segimendu aukera bat bakarrik: Bizkaiko Klubek hor gaudela ikustea gura dugu, ahal dugun neurrian behintzat, zerbait behar badute eta lagun badezakegu, lagunduko dugula eta pozik.

Uste duzu Bizkaian, udalen eta erakunde ofizialen laguntza beharrezkoa dela emakumezkoen futbola haz dadin?
Bai eta bai. Nahitanahiezkoa da. Leioako Udaleko kasua ezagutzen dut: hasieratik eta eten gabe egin zuten emakumezkoen futbolaren alde, eta emaitza hor dago. Leioan horrela egin zen eta hori imitatu beharko litzateke, udalerri gehiagotan horrelako lana egingo balitz emakumezkoen futbolari eta oro har, kirolari mesede handia egingo litzaioke. Beti eskertuko diet Udaleko arduradunei eta Leioako herriari uneoro lagundu gaituztelako.

Denboraldi honetan, lehengo aldiz, ez duzu titulurik irabazi Athleticen entrenatzailea izanda. Nabaritu duzu ea dagoen zugan konfiantzarik ez duenik?
Beno, nik lan egiten dut konbentzituta dena ematen dudala gauzak ondo egiteko, eta futbola kirol bat da, joko bat da, eta aurkariek zu baino hobeak dira batzuetan, eta hori onartu beharra dago.
Zer esan mihizorrotzez edo nire lanean sinisten ez dutenez, bada, ezer ez. Neuk jo eta ke jarraituko dut, Athleticen eta emakumezkoen futbolaren alde denik eta onena ahaleginduz, arrakastarekin eta akatsekin, eta honetaz esan ohi dut akatsak jarduten duenak egiten dituela bakarrik, eta badagoela jende asko kritikatu besterik ez dakiena baina egin, oso gutxi ordea. Hain zuzen ere kirol oraindik minoritario honek behar ez duena.

Eskerrik asko iñigo.
Ez dago zergatik, eta eskerrik asko denoi gu jarraitu eta laguntzeagatik. Agur.