Athletic Club

Athletic Clubek Ibai Gomez fitxatu du

Athletic Clubek Ibai Gomez fitxatu du

Athletic Clubek eta Ibai Gomez Perez jokalariak akordioa sinatu dute gaur, ekainaren 4an. Horren arabera…

Athletic Clubek eta Ibai Gomez Perez jokalariak akordioa sinatu dute gaur, ekainaren 4an. Horren arabera jokalariak 2012ko ekainaren 30era arte gure klubaren partaidea izango da. Jokalaria Bilbon jaio zen 1989ko azaroaren 11an, 1’79 metroko garaiera du eta 71’5 kiloko pisua.

Ibai Gomez Athletic Clubeko interesa ezagutu eta gauzatu bitarteko egunak gogora dakartza: “Egia esan, ia jende guztiak nik baino lehenago zekiela iruditu zait. Hala eta guztiz ere, Sestaon pairatzen ari nintzen egoera zaila zela-eta, ez nuen denbora gehiegirik horretaz pentsatzeko”.

Dena den, jauzi handia izan dela onartu du: “Orain dela urtebete Ohorezko Mailan negoen eta duela gutxi Bigarren B Mailan. Aukera paregabea da eta aprobetxatzen jakin behar dut. Lagunek horrelako zerbait esaten zidaten, egunen batean aukera izango nuela eta jada heldu denez gero, unea gozatu behar dut eta, zailena, ondoren gauzak ondo egin. Horregatik senitartekoak eta lagunak ere pozarren daude”.

Badirudi denboraldiaurrea lehen taldearekin egingo duela uztailaren 9tik aurrera: “Denboraldiaurrea lehen taldearekin egitea suposatzen duen erronkari konplexurik gabe aurre egin behar zaio eta lehenbailehen egiteko irrikitan nago. Paradoxa bada ere, politena da eta gogorrena era berean”. Haren ustez Bilbao Athleticeko fitxa izatea abantaila izan daiteke: “Goian ez baldin badut jokatzen, beste leku batean egingo dut, edozein futbolarik nahi ez duena jokatu barik egotea da-eta”.

Nolako jokalaria den azaltzeko orduan, hitza gainerakoen eskutan uzten du: “Ez zait nire burua definitzea gustatzen, gainerakoek egin dezatela nahiago dut. Ezkerretik aritzea dut gustoko, baina edozein futbolari bezala, entrenatzailearen aginduetara nago”.

Azkenik, esaterako egun Bigarren B Mailan dauden jokalarientzako mezua luzatzeko astia dauka: “Ezinezkoa dela dirudien arren, aukera hel daiteke. Zerbait aipatzekotan, egunero buru-belarri aritzea gomendatuko nieke eta behin aukera helduz gero, burua hotz ekin behar zaiola”.