Javi Martinezentzat saria
Javi Martinezek ‘VI. Lehoi Bihotza’ ikurra jasoko du datorren azaroaren 3an, Zallan. Bertako elkarte zurigorriak…
Javi Martinezek ‘VI. Lehoi Bihotza’ ikurra jasoko du datorren azaroaren 3an, Zallan. Bertako elkarte zurigorriak Athletic Clubeko baloreekin gehien identifikatzen diren lehen taldeko jokalariei urtero ematen zaien saria da. Ekitaldia arratsaldeko zazpietan hasiko da eta, ohi denez, Zallara joko duten saritutako jokalariak eta ordezkaritza zurigorriaren gainerako kideek mahai-inguru batean hartuko dute parte.
Aiegiko erdilariak nagusitasunez irabazi zuen sari ospetsuaren garaile izendatzeko Peña Zallako bazkideen artean egindako bozketan. Araudiaren arabera, jokalari batek ezin izango du saria jaso behin baino gehiagotan. Javi Martinez ez ezik, Gaizka Toquero eta Fran Yeste jokalariek ere boto kopuru esanguratsua lortu zuten.
Aurreko edizioan, boto zenbaketak Fernando Llorenteren eta Armando Ribeiroren arteko berdinketa ekarri zuen, beraz, biek ala biek garaikurra jaso zuten, aurrekoetan Julen Guerrero, Carlos Gurpegi, Joseba Etxeberria, Ismael Urzaiz eta Fernando Amorebieta jokalariek egin bezala.