
Caparrosen hitzak larunbateko partidari buruz
Caparrosen hitzak larunbateko partidari buruz
Hona hemen Joaquin Caparrosen balorapena apirilaren 23an, larunbatean, Real Sociedad KEAren aurka jokatuko den partidaz….
Hona hemen Joaquin Caparrosen balorapena apirilaren 23an, larunbatean, Real Sociedad KEAren aurka jokatuko den partidaz. Ohikoa den legez, apirilaren 22an, ostiralean, norgehiagokaz hitz egiteko prentsaurrekoa eskainiko du, baina lehiaren egunean egunkaririk argitaratzen ez denez, gaurko adierazpenek ostiralean bertan haren iritzia ezagutzea ahalbidetzen dute.
Bere iritziz, larunbatekoa “guretzat partida garrantzitsua da oso eta derbya den arren, azpimarratu behar duguna da hiru puntuen garrantzia. Talde biek behar ditugu bai, baina helburu ezberdinak lortzeko. Geuk bosgarren tokian geure burua finkatzek eta eurek jaitsiera arriskua ekiditeko. Denboraldian zehar asko kostatu zaigu etxetik at irabaztea eta egun, bi aldiz jarraian lortu eta gero, etxeko bolada ona berreskuratu behar dugu eta Osasunaren kontra lortutakoa baieztatu”.
Txartelek, eta ondorengo zigorrek, taldearen aurpegia aldatuko dute: “Jokoaren alde bat baino ez dira txartelak eta epaileen erabakiak. Batzuetan asmatzen dute eta beste batzuetan ez eta beste taldeei gauza bera gertatuko zaie denboraldian zehar. Eta daukatenarekin aurrera jo beharko dute. Gure kasuan hau baino ezin dut esan: zelairatuko dena lehiakorra izateaz gainera nire konfiantza osoa edukiko du. Gure lantaldea zabala da oso eta guztiak lehiatzeko prest daude eta deialdian sartzen ez direnek nola entrenatzen duten ikustea baino ez da egin behar. Luxu bat da”.
Helegiteak aurkeztu dira aste hasieran eta azkenean KDEB-ren aurrean Muniaini erakutsi ziotenengatik baino ez da mantendu. Epailearen aktan gola eskuak gora ospatu zuela aipatzen zen, Lehiaketa Batzordeak ez zuela jokaldi osoa ikusten aipatu du eta Apelazio Batzordeak eskua belarrira daramala (bi segundoz edo). Honen zergatiak horrela azaltzen ditu: “Jokoaren alde bat direla esateak ez du esan nahi gure interesak defendatzeko pausorik ematen ez dugunik. Txartelik argiena da eta izugarria delako jokalari bati, azken minutuan hiru puntuak ematen dizkigun gol garrantzitsu bat sartu ondorengo ospakizunarengatik txartel horia ateratzea. Ez da bide ona golak ospatzeagatik jokalariak zigortzea eta are gutxiago gauza bera igandero zelai guztietan ikusten baldin badugu. Azken finean ospakizunak baino ez dira”.
Azkenik, Realari buruzko iritzia eskatu diogu: “Nire ustez denboraldi ona egiten ari da. Edozein igo berriarentzat lehendabiziko denboraldia zailena da, maila berriari bere burua moldatzeko ahalegina eskatzen baitzaio. Kalitate handiko jokalariak ditu eta entrenatzaile onarekin batera lortzen ari dira. Ea partida honen ostean falta zaizkien puntuak lortzen dituzten. Dena den, dena geure eskutan dago, gu gara etxeko maila berreskuratu behar dugunak, arerio bata edo bestea izan. Gainera giro ezin hobea egongo delakoan nago, zaleek sarrerak agortu baitituzte eta bultza eta bultza egongo dira”.