Heriotza: Natxo Biritxiñaga
2012ko otsailaren 21ean hildako Natxo Biritxiñaga -Natxo Biritxinaga edo Biritxi goitizenez ezaguna zena-, Athletic Cluben…
2012ko otsailaren 21ean hildako Natxo Biritxiñaga -Natxo Biritxinaga edo Biritxi goitizenez ezaguna zena-, Athletic Cluben lehen taldeko masajista izan zen 1955 eta 1998 urteen artean.
Gutxik izan dute Natxo Biritxiñagak zuen horren lotura zuzena Athleticekin bere jaiotzaren egun beretik. Natxo 1932ko urriaren 19an jaio zen San Mames bertan, bere gurasoen ohiko etxebizitzan.
Perico Biritxinaga handiaren semea zen, klubeko langilea 1912tik bere heriotzara arte 1958an, administratibo, material-arduraduna, masajista eta entrenatzaile lanetan ere ari izan zena.
Bere aitak eta Guillermo Perdiguero lehengusuak egiten zuten lana ikasiz San Mamesen hazi zen, eta horiek horrela, masajista bihurtu zen. Profesional-mailan, Athleticekin hasi zen lanean 1955-56 denboraldian, Dauciken ‘bikote’-aren garaian, alegia, eta karguari eutsi zion gure entitatearen mendeurrenera arte 1998an, hau da, 42 denboraldiz orotara.
Epe horretan, garaipen-oihua zortzi aldiz (3 Liga eta 5 Kopa) egiteko parada izan zuen, zenbaitetan txapeldunorde geratzearen zapore mingotsa barne, baina Natxori gehiago gustatu ohi zitzaion aldi horretan aldagelan ezagutu zituen pertsonak gogoratzea, bai entrenatzaileak (24rekin egin zuen bat), bai jokalariak (200dik gora debuta egiten ikusi zuen) edota talde teknikoaren kideak ere.
Jokalarien artean oso estimatua zen (entzutetsua da 1984ko Kopa finalaren aurretikoetan Eva Nasarrez mozorrotua agertzearen bitxikeria), eta aldagela zurigorrian oso karisma handikoa zen; izan ere, zaleen artean Athleticeko partaiderik lausengatuenetarikoa izan zen hainbat urtetan.
Athletic Clubek bere doluminik sentikorrena helarazi nahi die senide eta lagunei.
Hileta elizkizunak otsailaren 24an, ostiralean, 19:00etan, egingo dira Lezamako Andra Mari elizan.