Wukro, egun 4, lan saioen hasiera
Sei t’erdietan altxatu gara gure lehen lan saioa egiteko. Ingelesez mintzatzen gara eta batzuek ulertzen…
Sei t’erdietan altxatu gara gure lehen lan saioa egiteko. Ingelesez mintzatzen gara eta batzuek ulertzen ez duten arren, taldekideek interprete lana egiten dute. Ariketen azalpenak errazagoak egiteko adibide praktikoak jartzen ditugu imitazioaren bitartez ikas dezaten. Bitxia da asko kostatzen zaiela espazioaren mugak errespetatzea, mugarik gabe jokatzeko ohitura dute eta. Halaber, jokalarien oinetakoen egoera deigarria da. Inork ez dauka botarik, batek ibaiko harkaitzetatik ibiltzeko txankletak ekarri ditu eta beste batek eskuin oinean bota zeraman eta txankleta ezkerrean.
Gosaldu ostean korrika egitera irten gara, baina gaurkoan beste norabiderantz abiatu gara hiriko inguruak ezagutzeko eta hortik zortzi kilometrora dagoen larruko italiar lantegi batekin egin dugu topo. Itzultzean bidetik zeuden abeltegietan gelditu gara nolakoak ziren ezagutzeko eta ezezagunak ginen arren eta euren hizkuntza mintzatzeko ezgaitasuna izan etxaldea bisitatzera gonbidatu gaituzte, inyera (teffeko torta, Etiopian ohikoa) eta beles (indipikuak) jateko.
Arratsaldean, misioko umeekin solasean egon ondoren, kafearen zeremoniaz gozatzeko aukera izan dugu. Erritual bat da eta etiopiarrentzat edonor buna (kafe) bat hartzera harro sentitzeko gonbidapena da. Paella-ontzi moduko tresna txiki batean kafe-bihiak txigortzen dira, ura irakitera ipintzen da, kafe-bihiak garbitzen dira eta motrailu batean ehotzen dira. Infusioa ohiko kafetera batean egiten da eta katilu txikietan zerbitzatu egiten da. Bitartean palomita gozoak prestatzen dira eta intentsu pizten da izpiritu txarrak uxatzeko.
Misioan dagoen giroa oso ona da eta bazkalondoak edo afalondoak luzeak dira. Gaurkoan Tomas madrildarrak pelikula bat ikusteko ideia izan du eta hamabost pertsona egon gara bertan.