Egun 10, bizirik dirauten atletak
Egunero bezala entrenamendua 7:00etatik 8:30etara luzatu da. Duela egun batzuk gurekin batera Leire Balerdi dago,…
Egunero bezala entrenamendua 7:00etatik 8:30etara luzatu da. Duela egun batzuk gurekin batera Leire Balerdi dago, misioan dagoen medikuntza ikasletariko bat eta, aldi berean, Añorgako jokalaria. Berak gure erreleboa hartuko du igandean Bilborantza itzultzen garenean.
Garrantzitsua da oso lan dinamika honekin segitzea eta harekin bi asteko jarraikortasuna ziurtatzen dugu.
Lan saioa amaitu eta berehala Abba Gebrek Wukroko atletak entrenatzen duten tokira eraman gaitu. Orain arte ez geneuzkan ikusita hiritik kanpo lehiatzen baitzeuden. Entrenatzaileak saioan parte hartzeko gonbitea luzatu digu (amaitzen eri ziren) eta hamabi minutuko serie bat egin dute nesken taldearekin: lasterketa teknika-koordinaziorako ariketak eta
luzatzeak. Ondoren harekin solasaldi interesgarri bat izan dugu etiopiar iraupen-lasterkarien bizimodu eta arrakastari buruzkoa. Gauza asko azpimarra daiteke solasaldi honen harira, baina guretzako faktorerik garrantzitsuena biziraupenarena da, hau da, bere sendia mantentzeko korrika egiten dutela.
Soilik asteko lau egunetan entrenatzeak harritu egin gaitu eta horretaz itaundu ondoren erantzun garbiarekin egin dugu topo: ‘Logikoena saio bikoitzak egitea litzateke, baina duten elikadurarekin ez lituzkete lan karga horiek aguantatuko’.
Arratsaldean eraikitzen ari diren atletismo pista bisitatzera joan gara. Bidetik Wukroko ibaiaren ondotik pasatzean hiriko gazteak ur marroiarekin dutxa hartzen ikusi dugu (argazkian ikus daitekeenez) Behin pistetara helduz gero proiektua geldirik zegoela konturatu gara, aurrekonturik ez baitago. Ikusi dugun bakarra pistaren forma izan da.
Itzuliko bidaian hiriko gazte batzuekin gurutzatzean Barça eta Real Madril aipatzeaz gain, jada ATHLETIC! esaten badakitela ikusi dugu.