BOS-ek himnoa joko du San Mamesen
Azaroaren 25ean arratsaldeko 17:00etan, Athletic Club eta A Coruñako Deportivo taldeek jokatuko duten partiduaren hasieran,…
Azaroaren 25ean arratsaldeko 17:00etan, Athletic Club eta A Coruñako Deportivo taldeek jokatuko duten partiduaren hasieran, hain zuzen, Bilbao Orkestra Sinfonikoak, Bizkaiko 60 abeslari lagun, Athleticen himnoa joko du. Horrez gainera, kontzertu laburra emango du atsedenaldian; besteak beste, «Ospe martxa eta 1. zirkunstantzia» joko du. Ekitaldi hori BOSen 90. urteurrena (1922-2012) ospatzeko programaren barruan dago.
Gertaera Bilbao Orkestra Sinfonikoaren eta Athletic taldearen arteko lankidetzari esker sortu da, urtebetetzea 40.000 gonbidaturekin modu berezian ospatzeko asmoz. Bilbao Orkestra Sinfonikoak 90. urtebetetzea ospatu nahi izan du San Mames futbol zelai historikoa bisitatuz partidu ofizial batean musika programa laburra jotzeko. San Mames futbol zelaiko kontzertu hori BOSen kontzertu jendetsuena izango da haren 90 urteko historian.
Orkestrak joko duen programa ingelesek San Mames futbol zelaian utzi duten aztarnari egindako omenaldia izango da. Athletic Club taldeak Carmelo Bernaola (1929-2002) konpositore ospetsu eta zuri-gorrien zale nekaezinak konposatutako himno ofiziala izateko ohorea du. Bernaolak himnoaren hainbat bertsio konposatu zituen, gertaera horretan joko dena barne: orkestra eta abesbatzarako bertsioa.
Athletic taldearen himnoa partidua hasi baino lehen joko da, eta atsedenaldian beste bi obra joko ditu BOSek. Horietako lehenengoa banda-doinu laburra izango da, Paul Dukasek (1865-1935) metalezko haize-instrumentuetarako konposatutakoa La Peri balletaren hasieran jotzeko. Musika konposizio horren bidez, BOSek publikoa deitu eta haren arreta erakarri nahi du, banda-doinua dei ozena, handia eta irmoa baita.
BOSek joko duen bigarren obra sir Edward Elgar-en (1857-1934) Ospe martxa eta 1. zirkunstantzia ospetsua izango da, Ingalaterrako musika ezagunenetako bat, alegia. Obra hori aukeratu da BOSek eta Athletic Club taldeak omenaldia eskaini nahi diotelako San Mames futbol zelai historikoari, haren arkitektura, historia eta kultura estu lotuta egon baitira hasiera-hasieratik Ingalaterrako futbolari. Gainera, obrak aukera emango die ikusle askori obra ospetsu batez gozatzeko zuzenean.
Programa horren bidez, BOSek musika hurbildu nahi die zale guztiei, baina lehen mailako kultur erakunde gisa duen izaera kaltetu gabe.
Ia 200 pertsonak (orkestrako irakasleak, abeslariak eta mota guztietako teknikariak) osatutako teknika eta giza talde handiak esku hartuko du gertaera horretan. Kontuan hartu behar da Orkestra San Mamesera eramatea zaila dela hainbat ikuspegitatik. Alde batetik, hausnartu behar da ez dela erraza talde sinfoniko bat kokatzea futbol zelai bateko harmailetan. Orkestrak jotzeko tokia egokitzeko, zurezko oholtza instalatu beharko da instrumentu handienak kokatzeko, hala nola biolontxeloak, kontrabaxuak, perkusioa… Bideomarkagailuetako baten azpian dauden harmailetako bat gainerako jotzaileek okupatuko dute, baita abesbatzetako kideek ere.
Soinua gailu tekniko konplexu baten bidez grabatu eta anplifikatuko da, soinua pertsona guztiei toki ireki handi batean (San Mames) ahalik eta kalitate onenaz helarazteko asmoz.
‘Bizkaiak Athletici abesten dio’ ekimenaren abesbatza laguntzaileak
Kontzertuan Bizkaiko hainbat abesbatzak zein Euskal Herriko Unibertsitateko Abesbatzak parte hartuko dute. Horiek bat egingo dute BOSekin Athletic Club taldearen himnoa interpretatzeko, Bizkaia osoa ordezkatuta.
Gertaeran parte hartuko duten abesbatzetako zaharrena Bilboko Koral Elkartea dela kontuan hartuta, talde horretako tenore bat izango da himnoaren hasierako hiru ‘Athletic!’ hitzak abestuko dituena. Hona hemen kontzertuan parte hartuko duten abesbatzak: Bilboko Koral Elkartea, Bakioko Abesbatza, Ondarreta Abesbatza, Euskal Herriko Unibertsitateko Abesbatza, Basurtuko Inmakuladako Abesbatza, Bilboko Jatorki Abesbatza, Durangoko Doinuzahar Ganbera Abesbatza, Portugaleteko Santa Maria Abesbatza eta Galdakaoko Ganbera Abesbatza. Gonbidatutako abesbatza bakoitzak lau ahots, gutxienez, eta zortzi, gehienez, emango ditu kontzerturako.

