1. atalburua: Aitzindariak
Jarraian, San Mames zaharraren soropila inoiz zapaldu duten izar nagusiak (Ligaren taldekoak izan ezik) gogoratzeko…
Jarraian, San Mames zaharraren soropila inoiz zapaldu duten izar nagusiak (Ligaren taldekoak izan ezik) gogoratzeko zenbait erreportaia eskainiko ditugu gaurtik hasita. Lehen atalburu honetan, inaugurazioa izan zenetik, 1913tik, 40. hamarkadako amaiera arte, bisita egin ziguten jokalari handiak izango ditugu aipagai.
Bere inauguraziotik lau hilabete terdira, San Mames zelaiak munduko punta puntako futbolari bat hartu zuen: Imre Schlosser-Lakatos. 1914ko urtarrilean aurrelari hungariarrak, Budapesteko Ferencvaros boteretsuarekin lagunarteko partida bi jokatu zituen bertan eta biak irabazi zituen (2-5 eta 0-2) aurrez aurre Pitxitxi eta Belausteren belaunaldia izan zuela. Schlosser, hemendik Lakatos izenarekin ezagunagoa zena, zazpi aldiz izan zen Hungariaren golegilerik handiena eta horietatik, lautan Europako podioaren gailurrera iritsi zen. Garai hartan nagusi ziren britaniarrentzako ere erabat ezezagun egiten zitzaien gol kopuru horiek.
Ozeano atlantikoa zeharkatuz Athletic Clubekin lagunarteko neurketa bi jokatzeko, Uruguaiko selekzioa Bilbora etorri zen 1924ko apirilean. Geroago jasoko zuten urdin-argiak ospetsuen maila, urte hartan Pariseko Joko Olinpikoetan urrezko domina irabazi baizuten eta gai izan ziren ondorengoan, Anberesen, gauza bera egiteko. Halaber, aipagarria da Bilbora etorri zirenetatik zazpi jokalarik 1930ean lehen Munduko Kopa jaso zutela. Taldeko golegile nabarmenetako batek, Pedro Petrone alegia, lehoiek jasandako lau goletatik hiru sartu zituena (1-2 eta 0-2 izan ziren emaitzak), historiako lehen aurrelari modernotzat jotzen dute. Kategoriako handiko lehen futbolari beltzak, Jose Leandro Andrade ‘Perla Beltza’ erdilariak, 56 urterekin itsu eta pobrezian hil zen, beraz, oso akabera tristea jasan behar izan zuena, egin zuen beste gola. Hector Scarone ospetsuak ere Katedraleko soropila zapaldu zuen, geroago Bartzelonan jokatutako epe laburrean gauza bera egiteko aukerarik izan ez zuena. Futbol espainiarrean profesionalismoa sartzeko atarian zegoela, ‘magoak’ talde kataluniarra utzi eta Uruguairekin 1928ko Joko Olinpikoetan bere partizipazioa ziurtatzeko, hainbeste maite zuen Montevideoko Nacionalera itzuli zen. Tankera honetako erabakien eskutik, ‘charrua’ zaleen bihotzean dago.
1926ko abenduan, Matthias Sindelar, sekula ere izan den Austriako jokalari bikainena, San Mamesera heldu zen Wiener Amateur (Vienako Austriaren aurretikoa) taldearekin bi partida jokatzeko. Baloia oinetan erakutsitako apaintasunagatik ‘Futbolaren Mozart’ ezizenagatik da ezaguna, eta aurkariak atzean uzteko zeukan erraztasun paregabeagatik ‘Paperezko Gizona’ ere deitzen zioten. Sindelar, jatorriz judua zena, hilik aurkitu zuten bere neska-lagunarekin batera 1939ko urtarrilaren 23an. Txosten ofizialen arabera, heriotzaren arrazoia karbono monoxidoa halabeharrez arnastea izan zen, baina beste iturri batzuentzat gertaera nazi kideek eragin zuten gasbidea saboteatuta. Bazegoen, berriz, Sindelarrek eta bere neska-lagunak bere buruaz beste egin zutela uste zuenik, beraien kontra nazien erregimenak eragindako presio jasanezinagatik.
II. Errepublika aldarrikatu zenetik bost egunetara, 1931ko apirilaren 19an, San Mames zelaiak Espainiako eta Italiako selekzioen arteko norgehiagoka hartu zuen, eta Ricardo Zamora atezain mitikoaren lanari esker, hutsean amaitu zen. Italiarren aldetik, futbolaren beste ‘jainko’ bi zeuden, bata soropilan, Giuseppe Meazza, eta bestea eserlekuan, Vittorio Pozzo, edonola ere biok 1934 eta 1938ko Munduko txapelketak irabazi zituen ‘Squadra Azzurraren’ benetako buru argiak. 1980az geroztik, bere heriotza gauzatu zenetik urte eta erdira edo, Milan eta Interren estadioak Giuseppe Meazza izena du, eta hain zuzen ere jokalari honek bitxikeri barregarri bat bizi izan zuen Frantzian 1938an antolatutako Munduko Txapelketan Brasilen kontra, penalti bat sartu zuelako prakak eskuekin heltzen zituen bitartean.
40 eta 50eko hamarkadetan modan egon zen Lisboako Sporting taldeak, Portugalen ere talderik bikainena luzaroan iraun zuen, batipat bere paregabeko aurrelariei esker, ‘Bost Violin joleak’, joko zelaian orkestra ezin hobe baten moduan jokatu omen zutelako. Horietako lau taldekide (Correia, Vasques, Travassos eta Albano) 1948ko abenduaren 19an San Mamesen banakoaz (Zarra eta Aramberri bere atean) bukatu zen lagunartekoan izan ziren. Fernando Peyroteok, futbolaren historian partida bakoitzeko batez bestekoan golik gehien egin dituenak, ez zuen parte hartzerik izan. Beste talde boteretsu batek, Stade de Reims frantziarrak, 2-3koaz lehoiak gainditu zituen 1949ko maiatzaren 4an San Mamesen jokatutako lagunartekoan. Egun hartan, Turineko inguruetan gertatutako hegazkin ezbeharrean zendutako ‘Il Grande Torinoko’ jokalarien omenez, talde biek doluzko besoko beltzak jantzi zituzten. Talde frantziarrean Sinibaldi anaiak, Penverne eta Flamion ziren aipagarri, bai eta Albert Batteux erdilaria ere, talde horrekin zertxobait beranduago arrakastatsu izan zena entrenatzaile lanetan, Europako Kopako bi finaletara eramateko gai izan eta gero.