Athletic Club

2. atalburua: Europan estreinaldia

2. atalburua: Europan estreinaldia

San Mames zaharrean jokatu duten munduko izar nagusien gaineko bigarren atalburu honetan (Ligakoak kenduta), 50….

San Mames zaharrean jokatu duten munduko izar nagusien gaineko bigarren atalburu honetan (Ligakoak kenduta), 50. hamarkadan soilik jarriko dugu arreta.

1951ko abenduaren 12an, Europan zehar egingo zuten biraren hasieran, River Plate entzutetsua aurkeztu zen Bilbon, bere hamaikakoan Amadeo Carrizo berriztatzailearekin, kontraerasoa hasteko ateko sakea erabili zuen lehen atezaina. Nolanahi ere, talde argentinarrarentzako kaltegarria izan zitekeen zelai lokaztu hartan, atezainak 5-2koaz irabazle irten ziren lehoien joko erasotzailea pairatu behar izan zuen (bi aste beranduago, argentinarrak ospetsu bihurtu ziren Real Madril 3-4koaz gainditzerakoan). Angel Labruna eta Felix Loustau, ‘La Maquinaren’ taldekideetako bi, futbolaren entziklopedietan agertzen diren aurrealde horietakoak alegia, River Plateren hamaikakoan azaldu ziren. Pitxitxiri lore sorta eskaintzeaz gain, talde honek opari bat eman zion kalez jantzita zelairatu zen Zarrari. Garai hartako berrien arabera, Loustau izan zen aipagarriena erakutsi zuen jokoa aintzat hartuta, nahiz eta ‘milioidunen’ zaleen idoloa Labruna golegilea izan. Zarrak Athletic Cluben izan duen garrantziaren parekoa izan liteke jokalari hura. Labruna 1983an bihotzekoak emanda zendu zen, 64 urte zituelarik. Patuaren eraginez, 1978an Argentinarekin Munduko Txapelketa irabazi zuen Ubaldo Fillol atezainaren besoetan jausi zen heriotza etorri zitzaion momentuan. Eta munduko txapeldun bat aipatu dugunez gero, Katedralak ‘Bernako Mirakuluren’ egileetako bik hartu zituela azpimarratu behar dugu. Hain zuzen ere, 1954ko finalaz ari gara, non alemaniarrak ustekabean 0-2 kontrako emaitzari buelta emateko gauza izan ziren loria bereganatzeko segurua zen Hungaria aurkariaren aurrean. Max Morlocken gol batek berdinketatik gertu jarri zuen markagailuan eta Helmut Rahnek, bere aldetik, gainontzeko bi golak egin zituen heroi herrikoia bilakatuz. Lehendabiziz aipatutakoak 1951ko abenduaren 23an Bilbon lagunarteko bat jokatu zuen Nuremberg taldearekin (2-4), bigarrenak, berriz, Rot Weiss Essen Alemaniako Kopako txapeldunarekin 1953ko maiatzaren 10ean (5-1), Bizkaiko Federazioak antolatutakoan. 1958an, Rahnek Zilarrezko Baloia irabazi zuen, Raymond Koparen (Real Madril) atzetik.

1953ko abenduaren 8an, Avellanedako Independiente taldeak Di Stefanoren Real Madrili nazioartean sekula jasandako porrotik nabarmenena eragin zion Chamartinen (0 eta 6). Madrilen harridura nagusi izan zen argentinarrek erasoan erakutsitako trebezia ikusita. Garaiko kirol egunkariek ‘Benetazko arte lana’ titularra jarri zuten. Athletic Club, argentinarren biran zuen beste aurkarietako bat, bere indarraren jakinaren gainean zegoenez, aurpegia eman zuen San Mamesen 5-2koaz irabazi arte. Hori bai, Ernesto Grillo, taldearen izarra, kaleratua izan zen, epailea jo eta gero. Gertaera hau alde batera utziz, Grillo izugarrizko jokalaria izan zen eta Argentinan oraindik ere gogoan dute 1953ko maiatzaren 14an Ingalaterrari egin zion legendazko gol ikusgarriagatik. Harrezgeroztik, data horretan Argentinako Futbolariaren Eguna ospatu izanak gol horren esanahia argi uzten du.

50. hamarkadako erdialdean, futbolak beste norabide bat hartu zuen klub mailan hasi ziren nazioarteko norgehiagokak zirela eta, gaur egun Champions League eta Europa League izenarekin ezagunak direnak alegia. Athletic Cluben estreinaldia Europako Koparen bigarren edizioan gauzatu zen (1956/57an), Liga txapelketa irabazi eta gero. Oporto kaleratu ostean, Ferdinand Dauciken jokalariek Puskas, Kocsis eta Czibor aurrelarien, bai eta Bozsik erdilariaren Honved boteretsua izan zuten aurrez aurre final zortzirenetan. Aipatutako guztiak, Hungariako selekzio magikoaren makinerian oinarrizko jokalariak izan ziren (1954ko Munduko Txapelketaren finala galdu zuena), eta gogoangarria izan zen 1953an Ingalaterrari 3-6koaz suntsitu zutenean Wembley estadioan bertan, ordurarte ukaezina zen ingelesen WM taktika erabat hondatuz. Laukote horrek beraien joko bikaina agerian utzi zuen San Mamesen, baina ez ziren gai izan Athletic handiari irabazteko (3-2), eta itzulikoan, Hungariaren sovietarren inbasioaren eraginez Heyselen (Brusela) jokatu behar izan zena, lehoiek balio handiko hirunako berdinketa lortu zuten, hurrengo kanporaketarako txartela ahalbidetuz. Hura izan zen Puskas, Kocsis eta Cziborek Honveden elastikoaz jokatutako azken partida ofiziala (lehenengoak Real Madrilen jokatu zuen geroago eta beste biak, berriz, FC Bartzelonan), harrezgeroztik Soviet Batasunaren indar armatuen menpe zegoen beraien jaioterrian jokatzeari uko egitea erabaki zutelako.

Final laurdenetan jada sartuta, lehoiek etxean hartu zuten Manchester United ahaztezineko partida jokatzeko, elurpean, eta bilbotarrak mendean hartu zuen (5-3), nahiz eta Maine Road ‘citizen’eko zelaian jokatu zen itzuleko emaitzagatik (3-0) kanporatuak izan ziren. Dena den, San Mameseko zaleak liluraturik geratu ziren 21 urteko Duncan Edwards nazioartean ibilitakoaren jokoarekin, Ingalaterran sekula egon den futbolari onena izateko deitua izan zena. Gorpuzkera sendoko gazte hura, urtebete beranduago Munichen gertatutako hegazkin istripuan hil ziren zortzi ‘deabru gorrienetako bat’, ‘Busby babes’ belaunaldiaren karismadunena omen zen.

Mr Pentlanden omenez, 1959ko abenduaren 8an, gure Clubak Chelsea gonbidatu eta 1-0koaz menderatu zuen, Sillet atzelariak bere atean satutako golari esker, bere atezainari baloia loratuz areatik kanpo bidali eta barrura sartu zionean. Londreskoen hamaikakoan, Ingalaterrako ligaren historian ‘golaren erregea’ ezizenaz ezaguna zen Jimmy Greaves azaldu zen. Sei aldiz Pitxitxia lortu zuen, horietatik lau Tottenham Hotspurrekin. Bere kirol ibilbidean zehar, jokalariari arantza bat geratu zitzaion futbol ingelesak izan duen unerik garrantzitsuenean ez zuelako jokatzerik izan; izan ere, Wembley estadioan ospatutako 1966ko Munduko finalean, Alf Ramsey hautatzaileak jesarlekuan utzi zion.