Athletic Club

3. Atalburua: 60ko hamarkada

3. Atalburua: 60ko hamarkada

San Mamesetik agertzen hasiko dira geroago Urrezko Baloiaren saria jaso zuten Liga txapelketatik kanpoko zenbait…

San Mamesetik agertzen hasiko dira geroago Urrezko Baloiaren saria jaso zuten Liga txapelketatik kanpoko zenbait jokalari Liga.

1964ko apirilaren 4ean, Hegoameriketan lorpen handiak jaso dituenetako klub batek, Montevideoko Peñarolek alegia, bere burua aurkeztu zuen Bilbon. Orduan, bazituen jada 25 liga, Amerikako Copa Libertadoresen bi titulu eta Interkontinental bat poltsikoan… eta jipoi ederra hartu zuen San Mamesen 4-0ko emaitzaz!. Roque Maspoliren aginduetara, 1950ean Munduko Txapelketa Uruguairekin irabazi zuen atezaina, horibeltzek beraien izarra ekarri zuten, Alberto Spencer ekuadortarra. Oraindik ere, ‘Buru Magikoak’ Copa Libertadoresen golegile historikoen zerrendaburua da 54 golekin (Peñarolekin 48 sartu zituen eta beste sei Guayakileko Bartzelonarekin). Sailkapen horretan hirugarren postuan dagoen Pedro Virgilio Rochak parte hartu zuen ere San Mameseko norgehiagokan, eta Munduko lau txapelketetan (1962, 1966, 1970 eta 1974an) jokatu izanagatik entzutetsua da.

Hurrengo hilabetean, maiatzaren 28an, Bizkaiko selekzio batek aurrez aurre hartu zuen Manchester United San Mamesen, Bizkaiko Federazioaren urrezko eztien oroipeneko partidan. 1-0koaz bukatu zen hura, orduan FC Bartzelonan jokatzen zuen Garay zurigorri ohiak falta jaurtiketan sartutako golari esker. ‘Deabru Gorriek’ Pitxitxiri lore eskaintza egin zioten, eta George Best mitikoa hamaikakoan sartu zuten 18 urte soilik zituela, bai eta Denis Law eskoziarra ere, urte hartan Urrezko Baloiaren jabe egin zena. Sekula ere izan den jokalari bikainetakoa den Bestek, sari hura irabazi zuen 1968an (Manchester Unitedek Europa menpean hartu zuenean), nahiz eta Munduko Txapelketan eta Eurokopan Ipar Irlandarekin parte hartzeko aukerarik ez izan. ‘Bosgarren Beatlea’ 2005ean zendu zen, gibelaren transplante batetik bizirik iraun eta gero. Bere jaioterria zen Belfasteko bi aireportuetatik, batek George Best City Airport du izena.

Bai Bestek bai Lawek, Bobby Charltonekin batera ‘Irutasun Santua’ osatu zuten, Manchesterren aurrelarien lerro ahaztezina. Bilbon jokatu zuen talde horren beste bi jokalari, John Connelly eta ‘Nobby’ Stiles, 1966an munduko txapeldunak izan ziren. Bere herrialdean goraipamen ugari jaso zituen Stilesek, finalerdian Eusebio aurrelari portugaldar bikaina, hitzez hitz, motzean lotzeagatik. Futbol britainiarraren oroitzapenean gorderik dago, Alemaniaren kontrako finalean lortutako garaipenaren ostean nolakoa izan zen bere ospakizuna. Izan ere, esku batean garaikurra zuen eta ordezko hortzak bestean, Wembley zelaiko soropilan dantzan zegoen bitartean.

64/65eko Azoken Kopan, talde zurigorria final laurdenetarako sailkatu zen eta ibilbide horretan zehar futbolari ezagunekin egin zuen topo, horien artean, Josip Skoblar gaztea. OFK Belgraden taldearekin lehioak izan zituen aurrez aurre Skoblarrek lehen kanporaketan, eta San Mamesen penaltiz gola egin arren (2-2), gure taldearen txartela garai bateko Jugoslavian eskuratu zen (0-2). Skoblarrek Marsellako Olympiqueren baitan liluratu zuen, eta 1971ean, hogeitamar urte zituela, Urrezko Bota (44 gol) bereganatu zuen Frantziako klubaren ikurrenetako bat bihurtuz. Antwerp eta Dunfermline (bere baitan Alex Ferguson zuena) kanporatu eta gero, final laurdenetan zurigorriak Ferencvarosekin lehiatu ziren, azkenean Txapelketaren garaile izan zena.

Garai hartan, budapestarrak urrezko aroa bizitzen ari ziren, eta bazeukaten sekulako jokalari bat bere baitan, Florian Albert alegia, 62ko Munduko Txapelketaren golegile handiena, marka partekatuta bazen ere. Albertek ‘arrano berdeekin’ egin zuen bere kirol ibilbide osoa eta horrez gain, Urrezko Baloia eman zioten 1967an, aurreneko urtean sari berbera jaso zuen Charltonen aurretik sailkatuta. Ferencvarosen zelaiak jokalari hungariar beraren izena darama, eta 67/68ko UEFA Kopatik Athletic Club kanporatu zuenetako bat izan zen. Hurrengo denboraldian, Liverpool izan zen gure lehen aurkaria, Bill Shankly legendazko entrenatzailearen esanetara, eta handik aurrera Europa menperatuko zuen taldearen egilea alegia. Airera jaurtitako txanpon batek erabaki zuen Athletic final hamaseirenetara aurrera igaro izana, partida biak 2-1 amaitu baiziren.

Katedralak izen handiko zenbait futbolari ikusi zituen jokoan: Roger Hunt, Wembleyko final famatuan parte hartu zuena; Ian Callaghan, Anfieldeko jokalari historikoetako bat Munduko Txapelketa horretan ere izandakoa; Tommy Smith; eta Emlyn Hughes, Europako Kopa jaso zuen Liverpooleko lehen kapitaina. Rangersen eskutik kaleratuak izan baino lehen (Ferguson aurrez aurre berriro ere zegoela), Athletic Clubek Panathinaikos eta Eintracht Frankfurt kanporatu zituen. Klub alemaniarra munduko hiru txapeldunordekin etorri zitzaigun Bilbora: Hans Tilkowski, Jürgen Grabowski eta Friedel Lutz. 1966ko maiatzean, Tilkowskik Errekopa irabazi zuen Borussia Dortmund taldearekin, baina atezainak ospe handiago hartu zuen Wembleyko finalean sartu zioten sasi golarengatik. Bere aldetik, Grabowski, 1966 eta 1970eko Munduko Txapelketetan ordezkoa izan bazen ere, 1974an alemaniarrek lortutako tituluan hamaikakoan zegoen.