Athletic Club

4. atalburua: 70ko hamarkada liluragarria

4. atalburua: 70ko hamarkada liluragarria

San Mamesen jokatu duten Ligako taldeetatik kanpoko jokalari ospetsuei buruzko laugarren atalburu honetan, 70. hamarkada…

San Mamesen jokatu duten Ligako taldeetatik kanpoko jokalari ospetsuei buruzko laugarren atalburu honetan, 70. hamarkada dugu aztergai, Athletic Clubentzat nahiko emankorra Europako partehartzeetan. Omenaldiko partidei eta udako txapelketei esker, ‘crack’ asko etorri ziren Katedralera.

1977an Kopa eta UEFAko txapeldunorde geratzeagatik, Athletic Club toki pribilegiatu batera itzuli zen Europa mailan. Juventusen kontra jokatutako finalaren aurretik, Koldo Agirreren jokalariek, final zortzirenetan Gianni Riveraren Milanekin neurtu zituzten bere indarrak. Hura izan zen Urrezko Baloia irabazi zuen lehen italiarra (1969an), eta askorentzat gainera Italiako historian izandako bost jokalari onenetarikoen artean dago. Ia hamarkada bitan elastiko ‘rossoneroa’ jantzi eta gero, erdilari dotore honek, gaur egun politika munduan murgilduta dagoenak, 1979an futbola jokatzeari utzi zion. San Mamesek ikusi ahal izan zuen, eta horrez gain sufritu ere, Fabio Capelloren jokoa, batik bat ezustean Zalduari lehendabiziko gola egin zionean, nahiz eta azkenean lehoiak 4-1ko aldeaz Giuseppe Meazzara bidaiatzeko gauza izan. Lesionatuta zegoenez gero, Iribarrek ez zuen jokatzerik izan, eta horrez gain, itzulekoan, sukarraren eraginez, “Txopoa” Milanen jokatzeko zalantzan egon zen azken momentura arte. ‘Rossoneroen’ atezaina Enrico Albertosi famatua zen, 1966 eta 1970eko Munduko Txapelketetan ‘Squadra Azzurra’-ren hamaikakoan aritu zena eta ordezkoa 1962 eta 1974koetan, legez kanpoko kirol apustuetan partidekin iruzur egiteagatik, ‘Totonero’ eskandalua alegia, bi urtez zigortua izan arren. Cruyff eta Neeskensen Bartzelona izan zen lehoien ondorengo oztopoa, eta finalerdietan berriz, atzeko lerroaren erdian goi mailako Morten Olsen danimarkarra zeukan Racing White izan zuten aurrez aurre, gaur egunean bere herrialdeko hautatzailea dena, hain zuzen ere. Hogeitamar urte baino gehiago zituela, Anderlecht taldeko elastikoarekin bere gaitasun guztiak agerian utzi zituen, eta Danimarkako selekzioarekin ehun aldiz nazioartean bete zituen lehendabizikoa dugu.

UEFAko finalaren itzulekoan, bost urte beranduago 82ko Munduko Txapelketa eskuratuko zuen ‘Squadra Azzurraren’ bizkarrezurra osatu zuten futbolari andanak egin zuen agerraldia Katedralean. Juventus historiko hark, atzerritarrik gabe titulua lortu zuenak alegia (inoiz gertatu dena nazioartean Italiako taldeekin), historian zehar izandako atezainik onenetarikoarekin, Dino Zoff mitikoarekin, aurkeztu zuen bere burua, bai eta Claudio Gentile albokoarekin, markaketa zorrotzak egiteagatik ospetzua zena, batez ere aipatutako Munduko Txapelketan Maradonari egindakoa, Franco Causio hegaleko eskuin itzelarekin, Gaetano Scirea liberoarekin, ‘Stilo Juveren’ adibide leiala izateagatik eta kirolean erakutsitako zuzentasunagatik goraipatua, 1989an trafiko istripuz zendu zena, eta Marco Tardelli nekatuezinarekin, Turinen Iribarri konkorrarekin sartutako golaren egilea eta Munduko Txapelketa horretan Italiaren bigarren gola egin eta betirako gogoan geratu den bere ospakizun hunkigarriaren egilea. Izarren zerrenda osatzeko, han zeunden eskarmentu handiko Roberto Boninsegna (1970an Munduko txapeldunordea) eta Roberto Bettega, San Mamesen goizegi lortutako golari esker jaia izorratu ziguna, nor belaunean jasotako lesioaren eraginez Munduko txapelketa lortzerik izan ez zuena. Den denok Giovanni Trappatoni sarituaren esanetara, Europako titulua estreinatu zuena.

70. hamarkada sekulakoa izan zen San Mamesera bisitari etorri ziren taldeei eta futbolariei dagokionez. Europako onenak baietza eman ohi zioten gure taldeari lagunartekoak jokatzeko. 1973ko abuztuan, Athletic Cluben 75. Urteurrena zela medio, Bayern Munichek debuta egin zuen Katedralean (1-2). Bavariarrek beraien hiru urte magikoei hasiera eman zioten uda horretan (1974tik 1976ra hiru Europako Kopa irabazi zituzten), eta Bilbora zeukaten armategi osoa ekarri zuten, ‘Kaiser’ Franz Beckenbauer ospetsuarekin hasita, Gerd ‘Torpedo’ Müller, Alemaniako golegilerik nagusienarekin bere dotorezia Bilboko soropilean erakutsi zuena, eta horrekin batera, Uli Hoeness hegaleko trebetsua, gaur egun Municheko Bayernen presidentea, Paul Breitner, Sepp Maier ‘Katua’, benetazko katu bat atepean, eta Hans-Georg Schwarzenbeck, Atletico Madrilentzako 1974ko finaleko azken momentuan urrunetik berdinketaren gola egin zuelako madarikatua dena, talde ‘colchoneroari’ lehen Europako Kopa irabaztea eragotzi baizion. Seirak handitasuna bizi izan zuten menperaezinezko Alemaniako selekzioarekin, 1972ko Eurokopa eta 1974ko Munduko Txapelketa lortu zutenez geroztik.

Urtebete lehenago, Cadizeko Carranza Garaikurran Athleticek bavariarrekin neurtu zituen bere indarrak (Bayern penalti jaurtiketen ondorioz kanpoan utzi eta finalean Benfica menperatu genuen) eta 1974an, talde alemaniarra San Mamesera itzuli zen Athletic Clubeko Lehen Nazioarteko Txapelketan parte hartzeko. Hala ere, garai hartako beste talde handi batek, UEFAko txapeldun berria zen Feyenoordek alegia, finaletik at utzi zuen. Rotterdamekoek penalti txandan lehoiak menperatu zituztenek, Willem Van Hanegem zuten jokalari nagusitzat, jendea erabat liluraturik zeukana, baloiarekin zuen trebeziaz gain, orduko munduko txapeldunordea zen ‘Laranja Mekanikoan’ erakutsitako zentzu taktikoarengatik ere, beste modu batera esanda, bera zen (Cruyffekin) azken finean ‘tulipandarren’ erdiko lerroare ‘beste buru argia’. ‘Erabateko futbola’ egiten zuen Herbehereetako taldearen beste kideek, Win Jansen erdilariak eta Theo de Jong aurrelariak, San Mameseko arkupean ere jokatu zuten eta horrez gain, bi urte beranduago, bigarren txapelketan nagusitu ziren, kasu honetan Wim Rijsbergenekin, selekzio laranjaren azken atzelaria, bere ile horailagatik famatua. Finalean Feyenoordek Eric Gerets etorkizun handiko taldekide zuen Liejako Standard garaitu zuen. Aipatutako jokalari hau sekula ere egon den eskuineko albokorik onenetarikoena da. 1975ean, Javier Clementeren omenez antolatu zen partidan, Athletic Clubek orduan UEFAko titulua eskuratu zuen Borussia Mönchengladachekin berdindu zuen. Alemaniarren kapitaina zen Berti Vogts, 1974ko Munduko txapelketaren finalean Cruyffen jokoa itzaltzeko gauza izan zen ‘ehiza-txakurra’. Beste batzuek, Stielike germaniarrak eta Simonsen (1977ko Urrezko Baloia) eta Jensen daniarrak, beraien aztarnak utzi zituzten beranduago Espainiako Ligan.