V. atalburua: izarrak udaldian
Bilboko Hiribildua Garaikurraren ospakizuna aitzakiarik egokiena izan zen San Mamesen izarrak ikusteko. IV Bilbo Hiribildua…
Bilboko Hiribildua Garaikurraren ospakizuna aitzakiarik egokiena izan zen San Mamesen izarrak ikusteko.
IV Bilbo Hiribildua Garaikurran (1977) parte hartzeko sekula santan ikusi den Anderlecht bikainak, bi Rekopa bereganatu zituenak, Katedralera jo zuen, nahiz eta Athleticekin ez jokatu. 1974 eta 1978ko finaletan Alemania eta Argentina kontrako partidetan bi ‘tulipa’ nabarmendu ziren: Arie Haan erdilaria, urrunetik golak egiten aditua, eta klub honek historian izan duen jokalaririk onena, Robbie Rensenbrink golegile famatua, bere joko estiloagatik Cruyffekin parekatua izan zena (diferentziak alde batera utzita) eta maila bat igotzea falta zitzaiona goreneko ‘crack’ bat izateko. Pare bat alditan Urrezko Baloia eskuratzeko atariraino heldu zen, eta berarentzat benetan mingarria izan zen Argentinako Munduko Txapelketaren finala amaitzear zegoenean gertatutakoa, hau da, zutoinera bidali zuen baloi hura sartu izan balu, munduko txapelduna izateaz gain txapelketako golegilerik handiena ere izan zitekeen. Rudi Krol kapitainak eman zion pasea jokaldi hartan. Libero honek Ajaxekin Katedralean jokatu zuen 1978/79ko UEFA Kopan, Vidal zurigorriak ‘mamu gola’ egin zuen partidan, hain zuzen ere. Urte erdi bat lehenago, Euskadi eta SESBa (garai bateko Soviet Batasuna) lehiatu ziren San Mamesen, eta bertan egon zen Oleg Blokhin ukrainar aurrelaria, 1975eko Urrezko Baloia eta Kieveko Dinamorekin bi Rekopen irabazlea. Orduan, egia esateko, ohizkoa bilakatu zen Katedralean ospe handiko jokalariak ikustea. 1969tik 1990ra bitartean Urrezko Baloia irabazi zutenen artean, Rummenigge, Rossi, Belanov, Gullit eta Van Basten izan ziren soilik gure zelaia zapaldu ez zutenak.
Urte berean, abuztuan, V Bilbo Hiribildua Garaikurra antolatu zen, eta UEFA irabazi berri zuen PSV Eindhoven taldeko beira-arasetara joan zen txapela. Talde horrek Buenos Airesen jokatu zen Munduko Txapelketaren finala galdu zuten sei jokalari zelairatu zuen. Ernie Brandts, Harry Lubse, Jan Poortvliet, Adrie Van Kraay eta Willy eta René van der Kerkhof bikiak River Plate eta beraien borrero izandako Ubaldo Fillol, Daniel Pasarella, Oscar Ortiz, Norberto Alonso eta Leopoldo Luqueren aurka lehiatu ziren berriro. Hauxe izan zen San Mamesen egon den aukera bakarra (txapelketaren bi partidetan) Fillol ikusteko. 35 urterekin denboraldi batez Madrilgo Atleticorekin lehiatu arren, ez zuen izan Bilboko soropila zapaltzeko aukerarik izan. 2008ko Clausura Torneotik aurrera (Argentinako partida bakarreko bigarren Liga), bere izena herrialde horretan gol gutxien jaso duen atezainari ematen zaion sariari loturik dago. Edonola ere, bisitan etorri zen talde ‘milioidunaren’ jokalaririk nabarmenena, dudarik gabe, Passarella ‘Kapitain handia’ izan zen, bere herritarren zoramenerako Munduko Txapelketaren garaikurra altxatu zuen hura. 1986ko Munduko Txapelketan parte hartzeko ere deitua izan zen baina garaile izandako sekezioarekin ez zuen jokatzerik izan, lehendabiziz hesteko infekzio batengatik eta geroago, zarrasta baten eraginez. Hirurogeitahamarreko hamarkadaren bukaeran, Nottingham Forest zen modan zegoen taldea. Lehen mailara heldu bezain laster, ezuste galanta eman zuen Liga titulua eskuratu zuenean eta handik aurrera Europa ere bere menpean hartu zuen bi titulu jarraian lortu zituen eta. Liga bakar bat eta bi Europako Kopa (1979 eta 1980) dituen talde honek, jadanik zendua dagoen Brian Cloughen gidaritzapean, VI Bilbo Hiribildua Txapelketa irabazi zuen, John Robertsonek egindako bi golei esker, finalean 2-1koaz Bukaresteko Dinamo gainditu eta gero. Dena den, Forestekoen artean ‘ospetsuena’ Peter Shilton atezaina omen zen, oraindik ere Ingalaterrako selekzioarekin nazioarteko partida gehien jokatzeagatik marka duena (1970tik 1990ra 125 norgehiagoka). Atezainak sei agerraldi egin ditu San Mamesen (bi Nottinghamekin, hiru Ingalaterrarekin eta Southamptonekin bat).
Lothar Matthäus, Munduko Txapelketa lortu zuen urte berberan (1990) Urrezko Baloia izan zena, Katedralean jokatu duela esan dezaken beste izarretako bat dugu. Birritan aritu zen Borussian M’Gladbach taldearekin VII Bilbo Hiribildua Txapelketan, baina ez lehoien kontra. Bera da, oraindik ere, Alemaniako selekzioarekin partida gehien jokatu duena, bost Munduko Kopetan parte hartu du eta. Horrez gain, Munduko Txapelketan partehartzearen errekorra du (25 partida).
Txapelketa honetan Athletic Club kanporatua izan zen, Pragako Bohemians taldearen eskutik. Beraien lerroetan nabarmentzen ziren Anton Ondrus 1976ko Eurokoparen txapela altxatu zuen kapitain txekiarra, bai eta arrakasta haren egilea izan zen Antonin Panenka, Sepp Maierren atea zulatzeko 11 metrotik baloia pikatuz penalti hilezkortua jaurti zuena, txekiarren garaipena ekarriz.