VII. atalburua: Milan garaiezin hura
Pitxitxi Mendeurrenaren Garaikurraren partidarako, orduan Europako futbola menperatzen zuen talde gorribeltzaren jokalari handi asko etorri…
Pitxitxi Mendeurrenaren Garaikurraren partidarako, orduan Europako futbola menperatzen zuen talde gorribeltzaren jokalari handi asko etorri ziren gonbidatuta San Mamesera
Laurogeita hamargarren hamarkadaren hasieran, Bazkidearen omenez egin zen partida dela eta, azken Champions League txapelketaren finala jokatu duten biak, Bayern Munich eta Borussia Dortmund alegia, izan ziren Katedrala bisitatu zuten lehendabiziko maila handiko taldeak. Esan beharra dago Munichekoak krisialdian murgilduta zeundela, aurreko txapelketan (1991-92koa) Bundesligatik 2. Mailara jeitsi ziren taldeetatik bost puntutara besterik ez bukatu eta gero. Horrez gain, hurrengo urteko UEFAko bigarren kanporaketan, txapelketa ofizial batean Oympiastadion zaharrean irabazi zion talde ingeles bakarrak, Norwich City-k, kaleratu zien. Dena den, 1992ko abuztuaren 18an, alemaniarrek Bilbon aurkeztu zuten Jorginho eskuin albokoa, 1994an Brasilekin munduko txapelduna izandakoa, eta maila handiko beste jokalari batzuek, adibidez, Thomas Helmer atzelaria eta Mehmet Scholl eta Olaf Thon erdilariak, nahiz eta azken honek bere karrera bukatzear zegoenean libero postuan jokatu. Carlos Garciaren eskutik egindako gol bakarra nahikoa izan zen lehoiak trantsizioan murgilduta zegoen talde hura makurrarazteko.
1997ko Europako Kopa irabaziko zuen Borussia Dortmund etorri zen hurrengo udaldian. 1996ko Eurokoparen garaipen gemaniarrean, eta horri esker, urte horretan Urrezko Baloia eskuratu zuen Matthias Sammer jokalaria zen aipagarriena, taldearen gidaria zena, hain zuzen ere. ‘Borusser’-en espedizioan bazeuden beste jokalari bikainak, hala nola, Michael Zorc kapitain handia, bere ibilbide osoa, 1981tik 1998ra, Dortmundeko taldean bete zuen hura, Stephane Chapuisat golegilea, Ciriaco Sforzarekin batera Champions League irabaztea zer den dakien suitzar bakarra; Stefan Klos atezaina eta Karl Heinz Riedle buruz oso errematatzaile fina eta, Juventusen aurrean, 1997ko Europako Kopa finaleko lehendabiziko bi golak egin zituena. Katedralean 1993ko abuztuaren 17an jokatutako lagunartekoan, Michaelek, Karl Heinz Rummenigge ospetsuaren anai txikiak, 0-3koaz bukatu zen markagailua estreinatu zuen. Handik eta zortzi egunera, San Mameseko 80. urteurrena ospatzeko asmoz, Brasilen ohitura handia duen Flamengo taldea etorri zen, eta lagunartekoaren emaitza binakoa izan zen. Urrian, berriz, Jose Maria Mugica kazetariaren hil-osteko omenez jokatutakoan, Kendallen Evertonek 0-2koaz Heynckesen Athletic mendean hartu zuen.
Hilabete batzu lehenago, 1993ko otsailaren 18an, Pitxitxi Mendeurrenaren Garaikurran, Berlusconiren Milan txapeldun handia, Fabio Capello entrenatzailearen esanetara, Bilbora etorri zen lagunartekoa jokatzera baietza eman ondoren. Nahiz eta Van Basten, Gullit, Rijkaard, Papin eta Maldini, Lentini, Costacurta eta Tassotti nazioarteko italiarrak bezalako jokalariak etxean geratu, talde ‘rossoneroak’ Fernando De Napoli, Stefano Eranio, Daniele Massaro, Zvonimir Boban kroaziarra, Roberto Donadoni, Marco Simone, Giováne Elber brasildarra eta bereziki Franco Baresi kapitain erraldoia, historian izan den liberorik onenetarikoa, Bilbon aurkeztu zituen. Baresik benetan zorte txarra izan zuen San Mamesen, bere atean gola egin baizuen. Atzera bota nahi zuen baloia, baina Sebastiano Rossi atezainarenganako ibilbidean, halako batean baloia aluminiozko paper bola batean jo eta horrek milandar atezaina erabat nahasi zuen. Athletic Clubek, 87. eta 90. minutuetako golei esker, talde ‘rossoneroa’ menderatzeko balentria lortu zuen jendez gainezka zegoen Katedralaren zoramenerako. Era honetan, Capelloren jokalarien garaiezintasun famatua hankaz gora jarri zuten lehoiek, jakin beharrekoa delako italiarrek, norgehiagoka ofizialak eta lagunartekoak batu ezkero, bazeramatzatela 55 partida galdu barik.
Lan talde zurigorria, garai hartan, Heynckesen aginduetara zegoen. Hurrengo denboraldian, entrenatzaile alemaniarrak alde egin zuen sinatutako bi urteak bete eta gero, baina modu bikainean, Athletic UEFA Kopan sailkatu zelako. Javier Iruretak hartu zuen alemaniarraren txanda, eta aipatutako europar txapelketa horren lehendabiziko kanporaketan estu eta larri ibili zen Anorthosis zipretarra kaleratzeko. Final hamaseienetan, Newcastle United izan genuen aurrez aurre. Kevin Keeganen zuzendaritzapean, ‘mikak’ Ingalaterrako punta puntako taldea ziren bertako Ligako lehen postuan zeuden eta. San Mamesen jokatutakoan, Zigandak egindako golaren eskutik, gure taldea hurrengo kanporaketara igaro zen eta aipatzekoa da talde ingelesean Liverpoolen elastikoarekin sekulako futbolaria izan zen Peter Beardsley nazioartekoa zegoela.
Hurrengo kanporaketan, lehoiak txapelketa bereganatuko zuen Parmarekin lehiatu ziren. Edonola ere, Nevio Scala entrenatzaile arrakastatsu berriak zuzentzen zuen taldeak Katedralean 1-0koaz (Ziganda) galdu zuten, Nestor Sensini argentinarra, Dino Baggio eta Gianfranco Zola, baloiarekin jokalari fina eta Italian sortu den jokalaririk onenetarikoa, hamaikakoan izan arren. Zolak, gaur eguneko Watford taldearen entrenatzaileak, aparteko emaitzak lortu zituen Chelsean (1996tik 2003ra) gol bikainak eginez.
Europan izandako ondorengo partehartzean, 1997/98 denboraldian, beste talde italiar bat lehiatu zen Athletic Cluben kontra, Cesar Luis Menotti entrenatzailearen Sampdoria, alegia. Luis Fernandezen jokalariak nagusitu ziren (1-2koaz Genovan eta 2-0koaz Bilbon) oso jokalari ezagunak zituen taldearen kontrakoetan. Adibidez, Sinisa Mihajlovic, aski ezaguna falta jaurtiketetan golak egiteko zituen batezbesteko apartagatik, Juan Sebastian ‘La Brujita’ Veron argentinarra eta Jürgen Klinsmann, nahiz eta aurrelari germaniarra soilik Luigi Ferraris zelaian jokatutakoan aritu. Hurrengo kanporaketan, Aston Villak zurigorrien ilusioak pikutara bidali zituen. Hori bai, San Mameseko harmailetan, zaleek Mark Bosnich atezain australiarra zuzenean ikusteko aukera izan zuten, urtebete lehenago zigorra jasan behar izan zuena Tottenham Hotspurreko zaleei naziren agurra egin eta gero, Steve Staunton alboko irlandarra, geroago Ligan aritu ziren Stan Collymore eta Savo Milosevic aurrelariak eta, azkenik, Trinidad Tobagoko Dwight Yorke aurrelari trebea, mundu mailan Manchester Uniteden (1998tik 2002ra) ospea hartu zuena.