Alcantud, Thinking Football-en
Miguel Alcantud zinemagilea da Thinking Football Film Festival zinema jaialdiaren hirugarren jardunaldiko gonbidatua ostegun honetan,…
Miguel Alcantud zinemagilea da Thinking Football Film Festival zinema jaialdiaren hirugarren jardunaldiko gonbidatua ostegun honetan, maiatzaren 15ean. Miguel Alcantud, “Diamantes Negros”, 20:30ean eskainiko den pelikularen zuzendaria eta gidoilaria da. Fikziozko film luze ausarta da hau. Futbol jokalarien trafikoaren arazo sozial eta gizatiar larria salatzen du benetakoa izan zitekeen istorio bat kontatuz, Maliko Amadou eta Moussa jokalariena, alegia.
Hamabost urteko gazte horiek Europara iritsi ziren futbol izarrak izateko ametsarekin eta jokalariekin trafikatzen duen sare batean sartuta ikusiko dute euren burua, euren ametsa amesgaizto bihurtuz. Filma Miguel Alcantud zinelariak zuzendu zuen jokalarien trafikoari buruzko ikerketa bat egin ondoren.
Lehenago, maiatzaren 15eko egun bereko arratsaldeko 18:30ean, “The two Escobars” dokumentalaren proiekzioa emango da. Kronika honek kontatzen du narkotrafikoak nola menderatu eta deuseztatu zuen Kolonbiako futbola bere historiako unerik onenean, abizen bera duten bi pertsonaien historien bidez kontatuta: Pablo Escobar narkotrafikatzailea eta Andres Escobar futbol jokalaria, 1994ko Ameriketako Estatu Batuetako Munduko Txapelketan bere atean sartu zuen golaren ondoren eraila. “Bi Escobartarrak” futbolari buruz egin den dokumentalik onenetarikoa da. Zimbalist anaiek egin zuten (gaur egun Peleri buruzko biopic-a zuzentzen ari dira) Ipar Amerikako ESPN telebista kateko “30 for 30” saio entzutetsurako.
Bi proiekzioak BBK Aretoan izango dira eta sarrera librea da edukiera bete arte.