undefined

Asistentzia-errekorra hautsi zen San Mamesen larunbatean

Asistentzia-errekorra hautsi zen San Mamesen larunbatean

Gure futbol zelai berriak marka guztiak hautsi zituen pasa den larunbatean Real Madrilen aurkako partidan,…

Gure futbol zelai berriak marka guztiak hautsi zituen pasa den larunbatean Real Madrilen aurkako partidan, 49.095 ikusle bertaratu baitziren lehia zuzenean ikusteko. Arestian aipatzen den kopuruak errekor berria ezarri du San Mamesen.

Orain arteko marka 2014-2015 denboraldian topa zitekeen, Real Madrilen aurkako neurketan 48.439 ikusle bildu baitziren.

Gogora dezagun 2014ko abuztuan gaur egungo zelaiak perimetro osoa zeukala jada eta estreinaldiko lehia Napoliren aurkakoa izan zela, 47.100 ikusleren presentziarekin.

Data horretaz geroztik San Mameseko asistentziak dinamika iraunkorra izan du. Lehendabiziko denboraldian, edukiera osoa izan barik ere, %82ko batezbestekoa izan genuen Ligan, Championsen, Kopan eta Torinoren aurka Europa Leaguen jokatu genituen partida guztiak batuz. Iazko ekitaldiaz geroztik, jada 53.000 jesarlekuekin, Ligan ikusle kopurua %79koa izan zen. Apur bat baxuagoa da, %75ekoa hain justu ere, lehiaketa guztiak batuz, hau da UEL-en Inter Bakuren aurrean hasi ginenetik Sevillaren aurkako final laurdenetara; FC Bartzelonaren kontra irabazitako Superkopan eta Linense, Vila-real eta berriro Bartzelonaren aurrean Kopan.

Aurtengo denboraldian, 2016-2017, orain arte jokatu diren Ligako 15 partidetan batezbesteko asistentzia %79ren inguruan dago. Portzentaje orokorrak %75a gainditzen du Europa Leagueko lau partidak eta Kopako biak, Racing eta FC Bartzelonaren aurkakoak, bilduz gero.

Joera honek, hau da, Katedralera hurbiltzen direnen kopurua edukieraren hiru laurdenetatik goitik egonkortzen dela erakusten duena, San Mames zaharraren azken urteetako asistentziaren portzentajeak hobetzen ditu.

Esaterako 2012-2013 denboraldian 29.196 ikusle joan ziren Betisen aurkako lehia ikustera, kanpainako lehena, eta 32.100 pertsonek agur esan zioten zelai zaharrari. Orotara batezbestekoa %71koa izan zen.

Bestalde, 2011-2012 denboraldian, UEFAn eta Kopan ibilbide luzea eskaini zigun horretan, batezbestekoa % 68koa izan genuen. Kirol aldetik garrantzi handiagoa zeukaten neurketetan, hots, Manchester, Schalke, Portugalgo Sporting eta Mirandesen aurkakoetan, ia leporaino bete zen.

Gaur egungo antzeko zifrarik topatzeko duela hamar urteko ekitaldira beharko genuke jo. Adibidez, 2006-2007 denboraldia 35.138 ikuslerekin ireki zen Real Sociedaden aurka eta 37.096rekin itxi Levanteren kontra, mailari eusteko hil edo bizikoa izan zen lehian. San Mamesek %78ko betetze portzentajea izan zuen.

Halaz ere, Real Madrilen aurka pasa den larunbatean bildu ziren 49.095 ikuslek ez dute San Mames berrian errekor bakarra ezarri. Iazko urrian 9.127 pertsona bildu ziren Katedralean Athletic Club eta Danimarkako Fortuna Hjorring partida ikusteko, orain arte Women’s Champions Leaguen jokatu diren hamasei edizioetako final hamaseirenetan erdietsi den ikusle kopururik onena.