undefined

Bi talde hungariar bidaiaren hasieran

Bi talde hungariar bidaiaren hasieran

Europan lehen aldiz jokatu zuen bi aldietan, 1956/57 eta 64/65 denboraldietan, Athletic Clubek Hungariako bi…

Europan lehen aldiz jokatu zuen bi aldietan, 1956/57 eta 64/65 denboraldietan, Athletic Clubek Hungariako bi talde ospetsu handi izan zituen aurrez aurre: Honvéd eta Feréncvaros, biak ala biak Budapestekoak. Garai hartan, 50eko eta 60ko hamarkadan, Hungariako futbola Europako indartsuenetakoa eta ospetsuenetakoa zen. Herrialdeko selekzioari «Urrezko taldea», «Magyar magikoak» edo «Magyar indartsuak» deitzen zioten, Europa osoa txunditzen zuen eta 1954ko Mundialeko finalera iritsi zen, titulua eskuratzeko faboritotzat. Alabaina, «Bernako miraria» esan zioten hartan, Alemania Federaleko taldeak, lehen txandan magyar horien berorien aurka 8-3 galdu zuenak, 3-2 irabazi zien hungariarrei, jende guztiak uste zuenaren aurka. Eta selekzio nazional haren handitasuna ahaztea komeni ez den bezala, ez da komeni ahaztea Europako lehiaketetan lehen aldiz aurrez aurre izan genituen bi talde haiek.

Honvéd

Mundialeko final hura jokatu eta bi urtera, 1956an, talde txapeldunorde hartako sei futbolari Athleticekin lehian aritu ziren, Honvéd taldean, Europako Kopako (gaur egungo Champions Leagueko) final zortzirenetan. Orduko hartan, «Garaiezinak» ezizenez ezagutzen zuten Honvéd taldea; halere, lehoiek kanporaketa-fasea gainditu egin zuten, zuri-gorrien Europako historiaren lorpenik handienetako batean. Urteak igaro ahala Athleticek Europako Kopan izandako partaidetza horren oroitzapena bestelako lorpen batzuenaren atzetik gelditu bada ere («Elurraren partida» izena eman dioten hura baita, seguruenik, gehien gogoratzen dena, lehoiek San Mamesen Manchester Unitedi 5-3 irabazi ziotelako), esan behar da horren pareko balentria izan zela Honvéd kanpoan uztea.

Izan ere, Athleticek irabazi zion Honvéd taldeko Boszik, Kocsis, Czibor eta Ferenc Puskas jokalariek osatzen zuten 1952ko jokoetan txapeldun olinpiko bihurtutako «Urrezko Taldearen» bizkarrezurra. 49 partidatan jarraian ez zuten inoiz ere galdu, 54ko Munduko Txapelketako finalean alemaniarren aurka izan ezik. 70eko hamarkadan Cruyffen eta Neeskensen Holandak gorenera eraman zuen «erabateko futbola» izango zenaren aitzindaritzat jotzen duten Hungaria itzel haren partiden artean, historiara nabarmen pasatu da nazioartean «Match of the century» (mendeko partida) izendatu zuten hura: Ingalaterraren eta Hungariaren artekoa, 1953ko azaroaren 25ean, Wembley mitikoan, 100.000 ikusle baino gehiagoren aurrean. «Magyar magikoek» ez zuten partida bakar bat ere galdu azken hiru urteetan; ingelesak, futbolaren asmatzaileak, Wembley futbol-zelaian Britainiaz kanpoko selekzio baten aurka inoiz ere galdu gabe zeuden.

Sir Booby Robsonek hauxe esan zuen Hungariako selekzioari buruz: «Aurretiaz inoiz ikusi gabeko sistema eta joko-estiloa ikusi genuen. Futbolari horietako bakar bat ez zen guretzat aparteko ezaguna edo berezia, ez eta Puskas bera ere. Partida hark, baina, gure pentsaera aldatu zuen. Wembleyn jokatuta erraz irabaziko genuela uste genuen; gu maisuak ginela eta haiek ikasleak. Guztiz kontrakoa gertatu zen».

«Urrezko taldea» 3-6 gainditu zitzaion Ingalaterrako taldeari. Partida hasi eta ordu erdira 1-4 zihoazen prossen aurretik, Puskasek bi gol sartuta. Hungariako erdilari eta aurrelarien mugimendu taktikoek, posizio-aldaketa etengabe eta berritzaileek eta talde osoaren trebetasun teknikoak, den-denak eragin zuen anglosaxoien gainbehera. Ingelesek mendekua aldarrikatu zuten eta Budapesten 1954ko maiatzaren 23an jokatutako errebantxan, usteak ustel gertatu zitzaizkien. 7-1 hungariarren alde. Honvéd taldearen bizkarrezurra osatzen zuten Bozsik, Kocsis, Czibor eta Puskas izan ziren, berriro ere, jipoiaren funtsezko eragileak. Kocsisek eta Puskasek bina gol sartu zituzten. Denen ustez Hungarian inoiz izandako futbolaririk onena den Ferenc Puskasek 682 gol sartu zituen 700 partida ofizialetan; XX. mendeko goleatzailerik handiena da. Dena dela, «Garaiezinen» aurka jokatu zuten lehoietako batzuek ziotenez, Jozsef Bozsik izan zen gehien harritu zituen jokalaria, kalitateagatik eta joko ederragatik. Bozsik erdilari antolatzailea zen eta beraren oinek hungariarren jokaldi guztietan hartzen zuten parte, bai Budapesteko taldean, bai Hungariako selekzioan.

Athletic Clubek garai hartan munduko talderik onena zen Honvéd kanporatu ahal izatea sekulako balentria izan zen. Esan behar da, ordea, kanporaketa haren inguruan gertatu ziren kirolaz kanpoko egoera bereziek ere eragina izan zutela, beharbada, azken emaitzan. Gertaera historiko batek kanporaketaren nondik norako normala aldarazi zuen: 1956ko urriaren 22an Hungariako iraultza antikomunista piztu zen eta handik egun gutxira SESBk erreakzionatu eta armada bidali zuen sobietarren botera berreskuratzera. Honvédeko jokalariek herrialdea utzi eta joaneko partida, Hungarian azaroaren 7an jokatzekoa zena, bertan behera utzi behar izan zen; San Mamesen jokatu zuten lehenengo eta behin. Dauciken Athletic, Piru Gainza kapitain zuela, 3-2 gainditu zen, Artetxek, Markaidak eta Arieta I.ak sartutako golekin. Boszik handiak erdilari-bikote ahantzezina izan zuen aurrez aurre: Mauri eta Maguregi. Carmelok, Oruek, Garayk, Canitok eta Merodiok osatu zuten hamaikako gogoangarri hura.

Itzulerako partida Bruselan jokatu zen azkenean, Heysel futbol-zelaian. Lehoiek merezitako berdinketa lortu eta hurrengo txandarako txartela eskuratu zuten. Manchester Unitedek kanporatu zituen orduan. Zaila da jakitea zer eragin izan zuen Honvédeko jokalarien jokoan euren herrialdeko egoera soziopolitikoak. Dena dela, Athletic Clubek balentria demasa egin eta kanpoan utzi zuen ordura arte garaiezina izandako talde magyarra.

Zoritxarrez, inbasio sobietarraren ondoren eta erregimen komunista ezarrita, Honvéd gainbeheran hasi zen, besteak beste Bartzelonak Kocsis eta Czibor eta Real Madridek Puskas fitxatu zituelako. Kremlinek aberriaren traidoretzat jo zuen Puskas. Honvédeko jokalari gehienek desertatu egin zuten San Mamesen jokatutako partidaren ondoren. Taldeko jokalari batzuk sorterrira itzuli baziren ere, beste batzuk ez ziren inoiz gehiago bueltatu Hungariara. Jokalarien familiek ahal zuten bezala egin zioten ihes sobietarren errepresioari, erbestean beraiekin bat egiteko. Puskasek ia 32 urte zituen Real Madridek fitxatu zuenean eta, are deigarriagoa, upel baten pare zegoen, 18 kiloko gehiegizko pisua baitzeukan. «Zer egingo dut potolo honekin?», galdetu omen zuen Real Madrideko entrenatzaileak Bernabéu futbol-zelaian agertu zenean, Puskas fitxatu berria alboan zuela. «Tripa kendu», erantzun zion presidente zuriak. Hurrengo urteetan, aurrelari ezkerti magyarrak Europako 3 kopa, 5 Liga eta Kopa 1 irabazi eta 242 gol sartu zituen, horietako 4 Frankfurteko Eintrachten aurkako Europako finalean. Puskas 1981an itzuli zen azkenean Hungariara, eta haren gorpua Budapesteko basilikan dago, Kocsisen gorpuarekin batera. Izan ere, selekzioko kidearen gorpuzkia 2012an eraman zuten Hungariara, bertako gobernuak eskatuta, Bartzelonan hil eta 33 urtera.

Feréncvaros

Honvéd taldearen gainbeheraren ostean, 60ko hamarkadan bi taldek hartu zuten, hein batean, haren lekukoa Hungariako futbolean: Feréncvaros eta Budapesteko MTK taldeek, nahiz eta ez batak eta ez besteak ez zuten lortu 50eko hamarkadan izandako distira. Feréncvarosek Azoken Kopako txapela irabazi zuen 1964/65 denboraldian eta, urte hartan bertan, MTK Europako Errekopako finalera iritsi zen, Portugaleko Sporting Cluben aurrean galtzeko. Garai batean «Urrezko taldea» esan zioten horren distira itzaltzen joan zen, nahiz eta 1958ko, 62ko eta 66ko Mundialetan eta 1964ko Eurokopan sailkatzea lortu. 70eko hamarkadatik aurrera gainbehera erabatekoa izan zen, nazioarteko panoramatik ia erabat desagertu arte.

Hona hemen bitxikeria bat: Pitxitxiren bustoari egiten zaion eskaintza MTK Budapest taldeak inauguratu zuen 1927ko lehen egunean, garai bateko Pazkoko partidetan San Mamesera egindako bisitan. Lagunarteko partida izan zen, ordea, Hungariako gure aurkari handiarekin, Feréncvarosekin, gerora izan genituen aurrez aurrekoekin zerikusi gutxi eduki zuena.

Férencvarosi Torna Club taldea da, hain zuzen, Athletic Europako lehiaketetatik gehienetan kanporatu duena: hiru aldiz, Turingo Juventusek beste; baina horietako batean Vechia Signora izan zen Europako ligaxka batean (1998/99 denboraldiko Champions Leaguen) sailkatutako bi taldeetako bat eta, beraz, ez zen aurrez aurreko zuzeneko baten ondoriozko kanporatzea izan. Datuak askorako balio ez duen arren, ligaxka hartan lehoiek husna egin zuten etxean eta bana kanpoan: zuzeneko kanporaketa izanez gero, zuri-gorriak hurrengo txandara joateko nahikoa.

Feréncvarosen aurkako hiru aurrez aurrekoetatik lehenengoa 1964/65 denboraldiko Azoken Kopako final laurdenetan izan zen. Lehen aldia zen Athleticek lehiaketa horretan parte hartzen zuena, Makina Erremintaren Bienalari esker. Aurretiaz, lehoiek Belgradeko OFK, Anberes eta Eskoziako Dumfermline utziak zituen atzean. Feréncvarosek ez zuen zerikusi handirik Honvéd garaiezinarekin, baina Hungariako liga irabazi berria zuen eta urte loriatsuei hasiera eman berria zen. Dena dela, futbolean iragarpenek ez dute baliorik suertea tartean bada, eta halako zerbait gertatu bide zitzaion Athletici, berdinketa (1-0 Budapesten, 2-1 Bilbon) hausteko hirugarren partida egitea eskatu zuen kanporaketa hartan. Izan ere, garaiko kroniken esanetan, Athleticek gol-zakukada jasoz irabazi behar zuen. Zozketak hala aginduta, partida erabakigarria Hungariako Nepstadionen jokatu zen eta zuri-gorriek 3-0 galdu zuten. Gerora, Feréncvacok irabazi zuen finala. Gauza bera gertatu zen beste lau bider ere, txapelketaren irabazleak kanporatu baitzuen Athletic lau aldiotan: Juventusek eta Atlético de Madridek finaletan, Parmak zortzirenetan eta Sevillak laurdenetan.

1967/68 denboraldiko Azoken Kopan berriro ere egin zuten topo euskaldunek eta magyarrek. Garai hartan Hungariako taldea gorenean zegoen, besteak beste Florian Alberto «One Club Man» eta urrezko baloiari esker. Aurrelari hori buru zuen talde beldurgarriak kanporatu zuen Athletic kanporaketa ireki eta lehiakor batean, bueltako partidako 67. minutuan Athletic baitzegoen sailkatuta. Budapesten jasandako 2-1 emaitzatik bueltan, Betzuenek aurreratu egin zituen lehoiak, baina berehala etorri zen dutxa hotza, handik minutu batera hungariarrek banako gola sartu zutenean. Nahiz eta Piru Gainzaren jokalariek azken unera arte borrokatu eta ekinaren ekinez zaletuak hunkitu, magyarrak hurrengo txandara eta finalera ere heldu ziren, Ingalaterrako Leeds Uniteden aurrean galtzeko.

15 urte geroago etorri zen Feréncvarosen aurkako hirugarren eta azken aurrez aurrekoa, 1982/83 denboraldiko UEFAko lehen txandan. Athleticentzat oso oroitzapen oneko denboraldia izan zen, Clementeren zuzendaritzapean taldea Ligako txapeldun izatera iritsi baitzen. Ordurako joanak ziren futbolari mitikoak, hala nola Iribar eta Rojo, eta Athleticeko jokalari berriek jorratutako gorako bidea abiatu berria zen. Budapesten izandako 2-1eko emaitzak sailkatzeko itxaropena eragin zuen arren, lehoiek ez zuten lortu berdinketa haustea, markagailuan aurrea hartuta ere. Magyarrak hurrengo txandan joan ziren kanpora, FC Zurichen aurrean galduta.

Futbol modernoa eta kide izatearen sentimendua

Zaila da sinestea Honvéd eta Feréncvaros bezalako europar talde gogoangarriek inoiz garai bateko ospea lortuko dutenik, futbol modernoaren norabidea kontuan hartuta. Futbolaren historian berebiziko pisua izan duten herrialdeak, hala nola Hungaria, Austria, Suitza edo garai bateko Txekoslovakia eta Jugoslavia futbol modernotik alboratuta gelditu dira eta hango ligetako lehiaketek ez dute ia oihartzunik; ondorioz, telebista-eskubideengatiko sarrerek (sarrerarik ezak) ia ikusezin bihurtu dituzte, ezinbestean.

Soccerexek argitaratu eta JF Sports Consulting enpresak egindako azken finantza-txostenaren arabera, munduko 100 klubik indartsuenen artean ez dago talde hungariarrik, austriarrik, suitzarrik, txekiarrik, eslovakiarrik edo antzinako Jugoslaviakorik, nahiz eta Premier Leagueko 18 taldeen zerrendan agertu.

Futbola garrantzitsua da munduko ia txoko guztietako biztanleentzat, baina jarraitzeko modua errotik aldatu da iraganetik hona. Gaur egun, jende askok telebistaz baino ikusi ezin dituen taldeak animatzen ditu, eta euren berezko eta jatorrizko klubak izan beharko liratekeenak baztertzen dituzte zaletuek.

Budapesteko umeak, Honvédeko edo Feréncvaroseko zaletuak izan beharrean, Chelseako edo Real Madrideko zaletuak izatea nahasgarria gerta daiteke kiroltzat ulertzen dugun futbolaren etorkizunerako. Hain zuzen, joera horrek esan nahi du kide izatearen sentimendua, hau da, zaletuak bere taldearekin duen lotura, klubaren ahalmen finantzarioaren edo mediatikoaren araberakoa izango dela, kirol-merituaren edo jatorri erkidearen ondoriozkoa izan beharrean.