undefined

Europan erregulartasunez lehiatzeko zailtasuna eta meritua

Europan erregulartasunez lehiatzeko zailtasuna eta meritua

UEFA Europa Leaguek izen bera eta lehiatzeko duen formatoa 2009an hartu zituenetik, Athletic Clubek 78…

UEFA Europa Leaguek izen bera eta lehiatzeko duen formatoa 2009an hartu zituenetik, Athletic Clubek 78 norgehiagoka jokatu ditu nazioartean, aurretiko faseak barne, beraz, txapelketa honetan partida gehienetan aritu den taldea dugu. Zuri-gorriek Europara sailkatzean erakutsi duten erregulartasuna azken boladan, azken zazpi urteetan sei aldiz, Klubaren europar historian ziklorik arrakastatsuenetarikoa izateaz gain, azterketa zehatzago egitea merezi du meritua eta zailtasunak aintzat hartuz gero.

Faktore erabakigarria litzateke europar lehiaketaren eraginez sortzen den higadura orokorra, eta hori dela medio aste batetik bestera hiru partida ia etengabe jokatzen dituzten taldeetan balizko ondorioak egon litezke liga errendimenduan. Fisiko zein gogo-higadura ekar liezaieke jokalariei, lesioen kopurua nabarmen igotzen baita, eta beste aldetik, talde-lanari kalte egiten dio kalitateko lan saio zehatzak murrizten dira, beraz, entrenatzaileak jokalarien artean errotazioak egitera behartuta daude. Bidaia luzeak egiteaz gain, hurrengo neurketarako kasik denborarik gabe egotea, atsedena hartzea eta errekuperazioa egitearen beharrak lehentasuna dauka hurrengo aurkariaren kontrako lehia modu zehatz batez prestatzeko egin beharreko lan saio trinkoen aurrean. Gogo-aldartearen ondorioak neketsu izan litezke, behinik behin ohiz kanpoko neurrian batean, europar lehiaketetan aritzeak ohikoari, etxeko txapelketari motibazioa kentzen diolako.

Europan jokatzean egutegia asebetetzen duen erritmo lehiakor erabakigarri honen aurrean, lantaldearen zabaltasunak, armairuaren sakonera deritzona, zeregin gakoa dauka. Errotazioak nahitaezkoak dira, taldeko errendimenduak behera egin ez dezan. Hala ere, haztatu ezinekoek, hala nola lesioek, planifikazioa baldintzatzen dute eta edozein aurreikuspen aldatu ere, bereziki bajak larriak badira. Zenbait futbolari 60 partida ofizialera heltzen dira europar joan-etorrien ondorioz, eta exijentzia maila hori denboraldi batetik bestera errepikatuz gero, ez da batere arraroa bidea are zailago egiten dituzten nola edo halako lesioak agertzea.

Kontua da, adibide bat ipintzearren, Athletic Clubek Celtarekin neurtu zituela bere indarrak 2017/18 denboraldian Europa mailan bere bizkarrean hamalau neurketa zenbatuta, eta horrek, partida bakoitzean 90 minutu direla alde batera utziz, hamalau asteko lana baldintzatzen du. Exijentzia maila gorenenak azterketa zorroztasunez egitea ekartzen du, eta ez da inondik inora aitzakiarik bilatzeko, baizik eta, batez ere, datuak eskuan izanda, baloratzeko eta duenari meritua emateko.

UEFA zerrenda

UEFA erakundeak egiten dituen zerrendek talde bakoitzak Europan jokatzen duen erregulartasunari buruzko ideia ematen dute, azken bost denboraldietan lortzen diren puntuak zenbatzen dituelako. Horren arabera, edozein klub Europan elkarren segidako bost denboraldi jokatu gabe geratzen bada, zerrenda batzuetatik desagertzeko arriskuan dago.

Hamarkadaren hasieran, 2010/11n, Athletic 79. postuan azaltzen zen, eta nekez 70. postutik jeitsi da hori baino lehen. Zuri-gorrien aurretik Celta, Getafe, Espanyol edota Osasuna agertzen ziren, noizean behin Europan parte hartu zutelako. Gaur egun, Athletic 34. postuan dago, eta aurreko lau urteetan 40. postutik behera egon da beti. Ligatik, bakarrik Real Madril, Bartzelona, Atletico Madril eta Sevilla taldeek lortu dute koefiziente hobea azken urteotan, eta Villarrealekin bide batez berdinduta mantendu gara.

Higadura datuetan

Azken hamarkadan deigarriak izan dira europar txartela lortzeagatik hurrengo denboraldian larrutik ordaindu duten talde sailkatuen kasuak.

Esate baterako, 2009/10ean, Getafe seigarrena izan zen 58 punturekin eta hurrengo sasoian jeitsieratik puntu bakar batera geratu zen, Europan zortzi norgehiagoka osatu ostean Multzoen Fasea gainditu barik.

Villarrealek, Championsen sartzeko egindako 62 puntutik 2010/11n, hurrengo urteko 41 puntura behera egin zuen, eta hori dela medio, Bigarren Mailara jeitsi zen.

Levantek ere beherakada izan zuen bere errendimenduan Europan ez ohizko moduan lehiatu eta gero 2011/12an, baina Lehen Mailari eutsi zion, Betisi gertatu ez bezala. Izan ere, sevillarrek 2012/13an Europa Leaguen sartzeko gehitu zituzten 56 puntutik, hurrengo denboraldiaren 25era igaro ziren, sailkapenaren azken postua eta Bigarren Mailako infernura jeitsiz.

Hurrengo sasoian, Real Sociedad taldeari ere nazioartean parte-hartzeak kalte egin zion Liga txapelketan hamabigarren postuan geratu zelako, aurrekoan zazpigarrena izan zen bitartean.

2016/17 denboraldian, gure gaurko aurkariari europar lehiaketan aritzeagatik higadura sufritzea egokitu zitzaion. Athletic Europan ere lehiatu zen baina sailkapenean 63 puntu eskuratuta zazpigarren postuan geratu zen berriro ere Liga txapelketan, talde galiziarrari hemezortzi puntuko aldea atera ziolarik. Krasnodar eta Genk kanporatu ostean, Celta finalaurrekoetara heldu zen; hala ere, Manchester United, gero UEFA Europa Leagueko txapelduna geratu zenaren kontra kale egin zuten urdin-argiek. Badirudi Europan zehar egindako bidaiak jokalari galiziarrei erregulartasuneko txapelketan oztopatu egin ziela.