undefined

Premiatik onbidea sortzen

Premiatik onbidea sortzen

Eta kluba, gainera, Europako bost liga handietako batean maila gorenean ari bada eta sailkapenean Europako…

Eta kluba, gainera, Europako bost liga handietako batean maila gorenean ari bada eta sailkapenean Europako postua eskuratzeko lehian badabil, aitorpen horrek are oihartzun handiagoa izango du. Athletic Clubek harrobiko futbolariei aukera gehien eskaintzen dien taldeen zerrendako lehen postua hartzen duen bakoitzean (nazioarteko ikerketa-zentroek, hala nola Suitzako CIES Football Observatoryk, osatzen dituzte zerrenda horiek), Lezaman egindako lana, bertako instalazioetako baliabide teknikoak eta giza baliabideak nabarmentzen dituzte; alabaina, ez dira konturatzen badagoela beste funtsezko faktore bat Athletic harrobia lantzen duten kluben estatistiken gorenean egoteko. Izan ere, taldea nahitaez bertako futbolariez hornitzera behartu eta nazioarteko merkatura jotzeko aukera baztertzen duen kirol-filosofia da gakoa. Horiek horrela, premiatik onbidea sortzea da klubarentzako konponbiderik biribilena, berorrek aukeratu duelako bide hori eta berorrek erabaki duelako bide horri eustea, maila goreneko beste talde bakar batek ere ildo hori jorratu ez arren.

80ko hamarkadan Ligako azken tituluak eskuratu genituenetik hona, Lezaman etengabe sentitu dugu, ekaitza dakarren laino beltza balitz bezala, lantegi zuri-gorriak gainbehera motel baina geldiezina jasateko beldurra. Bi argudiok elikatu dute, funtsean, beldur hori: lehena demografiari eta garai berrien ohiturei lotutakoa da. Izan ere, jaiotze-tasa nabarmen murriztu da eta belaunaldi berriek, kopuruan gutxiago izateaz gain, entretenitzeko askoz ere aukera gehiago dituzte, futbolaz bestalde. Ondorioz, nabarmen murriztu da goi-mailako futbolariak trebatzeko aukera. Bosman legearen ondorioz Athleticen filosofiak gainbehera egingo zuela iragartzen zuen bigarren argudioak; bizirik irautea bera miraria izango zela.

Ia bi hamarkadatan, bazirudien datuek arrazoia ematen zietela beldurra helburutzat hartu zuten horiei: 1996an Bilbao Athletic Bigarren B mailara jaitsi zen eta hurrengo hamabost urteetan birritan baino ez zen egon igotzeko posizioetatik hurbil. 2011/12 denboraldian Zigandak talde filialaren zuzendaritza hartu aurreko bost denboraldietan, Bilbao Athleticek taularen erditik beherako postuak hartu zituen: hamabosgarrena, hamabosgarrena, hamaikagarrena, hamabosgarrena eta hamabigarrena. Eta are kezkagarriagoa: Joaquin Caparros Athletic zuzentzen egon zen lau urteetan, Bilbao Athleticen egondako lau lehoikume baino ez ziren finkatu lehen taldean: Iturraspe, Susaeta, Muniain eta Ekiza. Beste bi, Iñigo Pérez eta Jon Vélez, beste talde batzuetara joan ziren, lagata. Bilbao Athleticen eta Athleticen arteko tarteak gero eta handiagoa eta gero eta gaitzagoa zirudien. Azken pauso hori gero eta zorrotzagoa eta gero eta mugatuagoa ikusten zen.

Alabaina, amaitu berri den denboraldian lehen taldean jokatu duten hogeita zazpi jokalarietatik hamabi (Williams, Yeray, Kepa, Lekue, Núñez, Saborit, Sabin Merino, Vesga, Simón, Córdoba, Gil eta Andoni López) egon dira Bilbao Athleticen, lehen mailako taldean zuten entrenatzaile berarekin: Kuko Zigandarekin. Bere ardurapean, filialak erditik gorako postuak eskuratu izan ditu: zortzigarrena, hirugarrena (igotzeko bigarren kanporaketan penaltien aldian gelditu zen kanpoan), bosgarrena, bigarrena (eta Bigarren A mailara igo zen 19 urte eta gero), azkena (zilarrezko mailako talde filial bakarra) eta zortzigarrena. Azken denboraldian, Gaizka Garitano mister-lanetan dabilela, igoerako playoffetarako sailkatu da berriro Bilbao Athletic: mailako laugarren postuan gelditu da eta Villarreal B taldeak utzi du kanpoan, kanporaketa-fasean.

Azken urteetan demografiak ez du gora egin eta neska-mutilei ez diete bideojokoekin edo smartphoneekin jolastea galarazi; hartara, beste faktore batzuek eragingo zuten, ezinbestean, dinamika-aldaketa hori.

Azken zazpi urteetan José María Amorrortuk gidatu du Athletic Clubeko eskola. Lezamatik igaro eta lehen taldean sartu diren jokalarien ehunekoak urtetik urtera gora egin du: % 58 ziren 2011/12 denboraldian eta % 85 2017/18 denboraldian. Tarte horretan, batez beste 15,5 urterekin sartu izan dira gazteak eskolan. Gainera, 80ko hamarkadatik ikusi ez ditugun kirol-arrakasta etengabeak, besteak beste 3 final (bata Europan) eta Bartzelonan eskuratutako Superkopako titulua. 24 jokalari hasi dira lehen taldean, eta horietako 14k jarraitzen dute Lehen Mailan.

Emakumeen futbolaren aldeko apustua ere berretsi egin da azken urteetan; hala, umeen talde berri bat sortu da, Klubaren filosofia indartu eta geroz eta harrobi-egitura zabalagoa eta antolatuagoa lortzeko. Proiektuaren asmoa: Athleticeko emakumezko jokalariek, gizonezkoek bezala, kimuen maila guztietako taldeak edukitzea, etorkizunean lehen taldeko futbolarien ehunekorik handiena Lezamako eskoletatik etor dadin.

Azken buruan, emakumezkoen futbolean ere maila gorenean lehiatzeko asmoarekin bat, harrobiko lanean oinarrituko den proiektu sendoa sortu nahi da, bertan ere gauzatzeko Athletic Cluben filosofia.