undefined

Rafa Escudero

Rafa Escudero

Urteak joan urteak etorri, Rafa Escuderoren istorio zuri-gorria gero eta zailago ulertzea izango da baina…

Urteak joan urteak etorri, Rafa Escuderoren istorio zuri-gorria gero eta zailago ulertzea izango da baina inolaz ere ez da izan behar ahaztu beharreko horietarikoa. Rafael Escudero Bilbon jaio zen 1919an, eta Athletic Cluben bakarrik urtebetez jokatu zuen, 1943/44 denboraldian, eta orotara Ligako hamahiru partida eta Kopako beste hamarretan aritu zen, zortzi eta sei gol sartuz, hurrenez hurren; hortaz, partida bakoitzeko batez besteko 0,61 gol, orduan erabakigarria izan zena. Hala ere, Rafa Escudero aurrelariaren ezaugarri handiena zera izan zen: Athleticek izan duen azken futbolari amateurra izana.

Bere ekarpenari esker Lehen Mailari eustea lortu zen garai latz batean. 1943ko azaroan, eta amaitzeko zazpi jardunaldi falta zirela, azken postuan sailkatuta geunden 14 taldeko txapelketan, soilik lau puntu gehituz. Zarra eta Gainza bezalakoak ez zeuden bere sasoian onean, lesioak medio. Gauzak horrela, zuzendaritza batzak 100 partidatik gora jokatu zituen Indautxu taldeko jokalari afizionatu bat fitxatzea erabaki zuen golak egiteko zuen gaitasuna aintzat hartuta: Rafa Escudero. Zelai erdian, edo erdilari erasokorra eta aurrelariaren postuetan jokatu ohi zuen.

Hasiera batean, eta harrigarria bada ere, aurrelari honek uko egin zion Roberto de Arteche presidenteak Athleticeko lantaldearekin bat egiteko proposatutako eskaintzari. Izan ere, Escudero Athleticeko bazkide eta lehoien zale sutsua zen, eta horrez gain, bere osaba German, ‘Maneras’ ezizena zuena, elastiko zuri-gorria jantzi zen. Dena den, Rafa Escudero amateur izaeraren aldeko jokalaria zen, kirol espiritua gogotik defendatzen zuena eta profesionaltasuna eta dirua kirolaren nobletasunatik urrun ikusten zituena. Are gehiago, Indautxu taldea berriro fundatu zuen adiskide talde batekin futbolaz gozatzeko zoriontsu egiten zitzaion moduan, hau da, bere anaia eta lagunekin gizalegez lehiatuz. Harentzat zoriontasun horrek ez zeukan preziorik, eta ez zuen ukorik egin nahi, ez eta bazkide zen taldean jokatzeko ere.

Hain zuzen ere, Roberto de Arteche presidenteak fitxaren ordainsariaz ahazteaz gain, jokalariaren eta Indautxuko bere lagunen sentimendu zuri-gorria, tartean Jaime Olaso presidentearena, gogora ekarri zionean, Rafa Escuderok iritzia aldatu eta erronka onartu egin zuen baina baldintza negoziaezina batekin: elastiko zuri-gorria defendatzea Athleticenganako estimuagatik, dirurik jaso gabe eta bakarrik denboraldiaren amaiera arte, gero Indautxura bere lagunekin bueltatzeko.

Escuderok ekarpen handia egin zuen: lehen partidan, 8. jardunaldian eta hiru porrot jasan ostean, azkena Espanyolen aurka 4-0eko emaitzaz, Athleticek 5-1 Celta mendean hartu zuen, eta Escuderok bi gol sartu zituen. Hurrengo sei neurketetan lehoiek garaipena lortu zuten, hau da, zazpi elkarren segidan, Real Madrilen aurka Chamartin zelaian barne, Escuderoren gol batekin (1-3).

Behin Ligan norabidea egonkortuta, Athleticek Kopan jarri zuen bere arreta talde faboritoen artean egon ez arren. Barakaldo, Arenas eta Granada aurretikoetan kanporatu eta gero, finalerdietan Atletico Madril (Club Atletico de Aviacion izenaz) gogorra egokitu zitzaien lehoiei. Madrilen 3-1 kale egin zen baina San Mamesen 2-0 irabazi zenez, berdinketa apurtzeko partida jokatu zen Bartzelonan, eta lehoiak 3-2 gailendu ziren, azken minutuan Escuderok sartutako golari esker.

Valentziaren aurkako finalean, Montjuic zelaian, Athletic Clubek 2-0 irabazi zuen, Zarraren golarekin eta bigarrena Escuderoren eskutik. Athletic Clubeko Kopako hamaseigarren titulua zen, Rafa Escuderoren lehena eta azkena lehen taldearekin denboraldia amaitu zenean zuri-gorriekin jokatzeari utzi baitzion, hark prometitu zuen bezala. Hirugarren Mailako Indautxura itzuli zen lagunen eta senitartekoen taldera, alegia. Bere agurrean, Athleticek erloju bat oparitu zion esker ona emanez, azken jokalari amateurrak onartu zuen objektu bakarra.

Escudero San Mameseko soropilara bueltatu zen urtebete geroago azken aldiz, Indautxurekin eta Espainiako Afizionatuen Txapelketaren finala Bartzelonaren kontra jokatzeko. Bilbotar zaleei buruz idatzi den orrialderik lausoenetako bat izan zen 1945eko ekainaren 29 gertaturikoa. Orduko kroniken arabera, Escuderok txapeldunen garaikurra hartu zuenean bildutakoen zati baten txistualdiak entzun behar izan zituen. Zergatik? Antza denez, ez zuten onartu Athletic talde afizionatu bategatik aldatzea, nahiz eta legezko zein ohoragarri arrazoi pertsonalen ondorio izan.

“Aldageletan Rafa bere aurpegia eskuekin estaltzen eserita zegoen, nahigabe handiz negar egiten zuen bitartean”, idatzi zuen Jaime Olasok une haiei buruz.

Rafa Escuderoren istorioa ahalik eta modu tristeenean amaitu zen, zortzi urte geroago, 1953an, aurrelaria Aviacoko Bristol batean zihoala Somosierran hegazkin-istripua izatean, 34 urte zituela.

Rafa Escudero Athletic Clubeko batzordekidea zen hil zenean.