undefined

Kirol muinarekin bat eginez

Kirol muinarekin bat eginez

Diruak futboleko klub profesional guztien lantaldeak baldintzatzen duen zirt edo zarteko faktorea da, Athletic Club…

Diruak futboleko klub profesional guztien lantaldeak baldintzatzen duen zirt edo zarteko faktorea da, Athletic Club barne; izan ere, edozein talde bezala aurrekontua egiterakoan eliteko futbolaren exijentzia ekonomikoak aintzat hartu behar dira.

Hala ere, gainerako aurkariek ez bezala, Athleticek arau bat jarri du bere baitan, bere taldeen futbolariak aukeratzeko oraindik ere gehiago baldintzatzen duena. Mendeurreneko filosofia zuri-gorriak modu erabakigarri batez mugatzen du erabil dezakeen kapitala, hainbesteraino egiten duen non, ahal izatekotan, Messi fitxatzeari uko egingo liokeen munduko talde bakarra Athletic izango bailitzatekeen. Eta Messi adibide bat da, lehoien kirol filosofia betetzen ez duen jokalarien zerrenda amaitezina sartzen dugu balizko kasu honetan. Athletic Clubeko berezko mendeurreneko identitate bera da lantaldea osatzeko faktore ukiezina den filosofiak diruaren gainetik lehentasuna hartuz, denboraren poderioz eliteko talde bakarra bihurtu diona.

Muga objektibo honek, futbol garaikidearen zurrunbiloan Athletic gainerako taldeetatik bereizten duena, bistako diren zailtasunez gain, Kluba erakartzeko areagotzen duten aldeko zenbait ezaugarri dakartza. Logikoa denez, Champions Leaguen lehiatzeko talde hautagaien artean agertu ez izanak egun dagoen publizitate-erakuslehio eta mediatiko handienetik kanpo uzten dio, baina, era berean, bere filosofia bereziak erakuslehio desberdin eta benetazko ateak zabaltzen dizkio, eta aipagarriago, futbolak aurre egiten dien arrisku eta paradoxetatik zertxobait urrunago. Handituz doan erakargarritasun horren barruan, Athletic Cluben eskaintzaren atalik berriena eta aipagarriena, beharbada futbolaren kirol naturarekin bat datorren ereduaren ordezkari izateko ahalmena da.

Klub boteretsuek egindako azken fitxaketen gehiegizko prezioak adierazten du diruak edo futbolaren negozioa deritzonak, kirol lehiaketaren oinarrizko printzipioak zartatzeko mehatxua egiten duela. Ikuskizunaren erakarpen-boterearen helburua telebista-audientzia handitzea den bitartean, ez du ematen lehiakideen arteko berdintasun ezak industriak finkatutako norabidea aldatuko duenik, baina egia da Against Modern Football (Futbol modernoaren aurka) mugimenduarekin gero eta atxikimendu gehiago daudela Europan zehar. Industria kirolarekin orekatzeko beharra oraindik konpontzeko zain dagoen arazoa da. NBA-k, adibidez, draft delakoaren bitartez berdintasuna sustatzen du, eta horren arabera, sailkapenaren azken postuetako taldeek etorkizun oparoago duten saskibaloilariak aukeratzeko lehenak dira. Futbolean, Fair Play Finantzarioak kluben kaudimena bermatzen du, baina ez du merkatuaren inflazio-espiralarik gelditu, ez eta lehiaketa bereko taldeen arteko desberdintasun ekonomikoa gutxitu ere. “6+5” delakoa, Platinik bultzatutako neurria hamaikako bakoitzean gutxienez herrialdeko sei jokalari izateko, Europar Parlamentuak bertan behera utzi zuen eta legez kanpokotzat jo, 2008. urtean. Inbertsio-funtsen debekua (Third Party Ownership izenaz ezaguna direnak, bitartekoen eskutik futbolarien eskubideen jabetza) 2015. urtean, jokalari eta kluben mendekotasunik eza babesteko eta txapelketen eta partiden zuzentasuna bermatzeko asmoz, kolokan geratu da nola futbolak hartu duen norabideagatik hala azken epai-eskeengatik (horietatik garrantzitsuena, Dupontek aurkeztutakoa, Bosman auziko abokatua, Seraing talde belgikarraren eta Doyen Sportsen izenean FIFA eta UEFA erakundeen aurka, eta datorren maiatzean epaitza ezagutzera ematea espero dena).

Egoera honen aurrean, bere merkatua mugatua den heinean, Athletic Club diruaren gehiegizko sarrerari egiturazko geldiketaren eredu da, eta jokoaren kirol muinarekin apustu bateragarriaren aldarrikapena egiten du. Zifra borobiletan, futbolaren merkatua orokorrean berrehun milioi futbolaritik gora daude, eta horietatik %0,1etik behera Euskal Herrian jaio edota hazitakoak dira.

Athletic Clubek fitxaketak egiten ditu eta deuseztatze klausulak gauzatu halako beharrean egonez gero, edozein entitatek egiten duen bezala, baina bere filosofia bereziak joera orokor hori erregulatzen du kirolaren oinarrizko printzipioren baten arabera: ez du balio edozein modutan irabaztea; garaipena bezain garrantzitsua da nola lortzen den. Izaeraren berezko modua da merkatuari mugak ezartzen dizkiona, eta muga horiek dira klub eredu bat edozein kirol lehiaketaren zentzuarekin bateragarri izaten laguntzen dutenak, hau da, parte-hartzaileen arteko berdintasuna.

Munduko zaleak futbolaren kale nagusitik doaz eta klub aberatsenen eta sarituenen erakuslehio distiratsuengandik liluratuta daude, baina urrearen itxurarik ez duela eta industria eta ikuskizuna kirola gutxitzen ari direnaren susmoa badago, inork jakin gabe ez ote den benetazko mehatxua, edo bestela, beste mende bateko futbolagatik nostalgia-karga hutsala.

Edozelan ere, kale horretako beste aldean, erakuslehio desberdinean, beste edozein bezain modernoa baina artisau-moduan argiztatua, Athletic Clubek bere identitatea indarrean dauka futbolaren kirol naturarekin funtsez bateragarri izanez.