undefined

Ekitaldi hunkigarriak bazkideekin

Ekitaldi hunkigarriak bazkideekin

Bazkide hauentzat urrezko intsigniak eta oroitzapenezko plakak emateko antolatu ziren ekitaldietan Athletic denaren funtsa zehaztasun…

Bazkide hauentzat urrezko intsigniak eta oroitzapenezko plakak emateko antolatu ziren ekitaldietan Athletic denaren funtsa zehaztasun handiz islatzen dela esan daiteke. Ibaigane Jauregia, XX. mendearen hasierako euskal arkitektura tradizionalean oinarritutako eraikin historikoa, leku egokia da Klubak lehiatzeko modu bakarrak finkatutako norabideari, urteak joan urteak etorri, zentzua ematen dienei eskertu eta zoriondu ahal izateko.

Anselmo Guinea artistak euskal motiboz margotutako beirate ikusgarripean, jauregiaren erdiko atarian, omendutako pertsonak ekitaldirako egokitutako aulkietan kokatzen dira barruko patioan, eta horietatik askok senitarteko hurkoez lagunduta etorrita. Josu Urrutia Athletic Clubeko Presidentearen harrerako berbaldiaren ostean, bideo bat proiektatzen da garaiko zuri-beltzezko argazkiekin eta bizipen eta oroitzapenezko irudiekin batera, horretarako aukeratutako abesti batez lagunduta: ‘Izarren hautsa’ izenburukoa, Mikel Laboak hilezkortu zuen bertsioan.

Ez da edozein aukera izan. Doinu lirikoari, koplariaren ahots bereziari, zuri-gorri izatearen ideiari ezin hobeki datorkion letra gehitu zaizkie. Athletic berezkoa dela sentitzen duen edozeinek Xabier Leteren bertsoetan identitatearen zati bat ulertzeko inspirazioa aurkituko du. “Eta horrela bizitzen gera sortuz ta sortuz gure aukera atsedenik hartu gabe: lana egiñaz goaz aurrera kate horretan denok batera gogorki loturik gaude”, aipatzen da Laboak kantatutako abestian. Ekitaldietan bertaratuetako batzuen antzinako irudiak botatzen diren bitartean, tartean Iribar, Argoitia eta Igartua, ‘Izarren hautsa’-ren letrak soinu-banda izango balira balio du, publikoaren keinu nostalgikoen, irribarre hunkigarrien eta begirada arretatsuen aurrean. “Gu ere zerbait bagera eta gauden tokitik hemendik bertan saia gaitezen ikusten: amets eroak bazterturikan, sasi zikiñak behingoz erreta bide on bat aukeratzen”. Ibaigane Jauregian izandako ekitaldietan bildutako bazkideen artean, bakoitza jatorri desberdinarekin, nolabait klubaren inguruko ideia zehatzarekin egiten dute bat eta, oso ondo jakin gabe zergatik, identifikazio hori futbola baino harago doa eta bizitza berarekin, lehenago egon zirenekin eta bizirik iraungo direnekin erlazioa dauka: “Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak, burruka hortan iraungo duten zuhaitz-ardaska gazteak. Beren aukeren jabe eraikiz ta erortzean berriro jaikiz ibiltzen joanen direnak”.