undefined

Susaeta, 500 partida zuri-gorriz

Susaeta, 500 partida zuri-gorriz

Markel Susaetak (1987/12/15) dagoeneko 500 partida ofizial bete ditu Athletic Club-ekin eta kopuru biribil hori…

Markel Susaetak (1987/12/15) dagoeneko 500 partida ofizial bete ditu Athletic Club-ekin eta kopuru biribil hori eskuratu duten legendazko talde baten partaidea bihurtu da. Lorpen hau eskuratu duen bosgarren lehoia da. Eibartarraren aurretik hona hemen Joxe Anjel Iribar 614 partidekin buru duen zerrenda: Txetxu Rojo, 541ekin, eta, hirugarren eta laugarren tokietan eskuin hegaleko kide ezagun bi, gipuzkoarrak hauek ere, Joseba Etxeberria, 514ekin eta Andoni Iraola, 510 neurketekin.

Susaeta Lezamako kumeetan hasi zen, 10 urte zituela. Orduztik, mailaz maila gora egin zuen 2007an lehen taldearekin debuta egin arte. Joaquin Caparrosen eskutik izan zen, Camp Nou futbol zelaian FC Bartzelonaren aurka (3-1), eta debutarekin batera lehendabiziko gola ere sartu zuen partida hartan.

Hala ere, hamabi urteko ibilbidean, Susaetaren alderik esanguratsuena ez da golegilearena izan, baizik eta gol zerbitzariarena: mende honetan gol-aurretik azken pase gehien eskaini duen jokalari zuri-gorria da. Halaber, bere eskuragarritasunak ere saria izan du. Marcelo Bielsaren lehen denboraldian (20011/12), Athletic Clubek jokatu zituen partida guztietan lehiatu zen eibartarra. Guztira 63 izan ziren eta orain arteko gol kopuru altuena erdietsi zuen hamahiru golekin. Eskuragarritasunaz gain, joko onak ere beste errekor bat ezartzeko abagunea eskaini dio Susaetari: orain arte europar neurketa gehien jokatu duen futbolaria da. Guztira 75 partida izan dira; horietatik 67 UEFA Europa Leaguen izan dira hamaika golekin eta gainerako 8ak UEFA Champions Leaguen, gol batekin.