undefined

Garitano: “Eskerrak emateko eguna da”

Garitano: “Eskerrak emateko eguna da”

Aitor Elizegi Athletic Clubeko presidenteak, Rafa Alkorta Kirol Zuzendariarekin batera, gaur goizean Gaizka Garitano 2020.

Aitor Elizegi Athletic Clubeko presidenteak, Rafa Alkorta Kirol Zuzendariarekin batera, gaur goizean Gaizka Garitano 2020. urteko ekainaren 30era arte sinatu duen kontratu berritzea aurkeztu du. Eguneko protagonistek berba egin aurretik, San Mameseko Jose Iragorri prentsa aretoan bildutakoek Garitanoren jokalari zein zuri-gorrien entrenatzaile modura bere ibilbidea omentzeko prestatu den bideo hunkigarri bat izan dute ikusgai. Bruce Springsteen bere kantari kuttunenaren musikak girotutako “Gure ametsak aurrera dirau” titulupeko ikusentzunekoak Gaizkaren ibilbide profesionala laburbiltzen zuen, non besteak beste, Angel Garitano “Ondarru” aita, Ander Garitano edota Patxi Ferreira bigarren entrenatzailearen irudiak emozio haundiz ikusi ditu Derioko entrenatzaileak. Aipatu, kontratu berri honetan, Juan Angel Iribarrenek (prestatzaile fisikoa) eta Aitor Iruk (atezainen prestatzailea) ere euren kontratuak 2020. urterarte berritu dituztela.

Derioko entrenatzailarentzat, “gaurkoa eskerrak emateko eguna da”, eta zoriontasunez betetako une honetan gogora ekarri nahi ditu “Kluba, gure aldeko apustua une latzetan egiteagatik, talde teknikoa, jokalariak eta baita zaleak ere”. Bere ohiko apaltasunez, Garitanok onartu duenez “etziko partidan erabat kontzentratuta nago”, eta azken hiru hilabeteetako errendimendu ikusgarria azaltzeko aipatu du bere jokalariak “oso onak dira eta pertsona bikainak”. “Hemen denok Athleticen interesak behar pertsonalen gainetik jartzen ditugu eta hori da gure Klubaren bereizgarri nagusiena”, gaineratu du.

Bestalde, Aitor Elizegik adierazi duenez “oso egun haundia da”, eta pozarren hartu du Gaizka Garitano datorren denboraldirako zuri-gorrien entrenatzailea izana; izan ere, “Athletic ekosistemaren esanahiari errespetua eta ingurua ezagutzen duten etxekoek” taldea zuzentzeko ardura hartzea izan da Zuzendaritza Batzaren betiko nahia.
Azkenik, Rafa Alkortak azpimarratu duenez “talde tekniko honen aldeko apustua ona izango zela argi neukan lehenengo momentutik, eta egun hau noiz iritsiko irrikan nengoen. Orain beste gauza batzuetan lanean has gaitezke. Gaizka, entrenatzaile ona da eta talde bikaina dauka”.

Prentsaurrekoaren amaieran, talde teknikoaren aldageleko gune gorrian Aitor Elizegik eta Rafa Alkortak Gaizka Garitanori oparitxo bat eman diote. Hain zuzen ere, joan den urtarrilaren 27an Betisen aurkako garaipena ospatzeko entrenatzailea bera, Iñaki Williams eta Iker Muniainen artean emandako besarkada beroa markoan jarrita agertzen den argazkia da.