undefined

Nazioarteko XLVII Peñen Biltzarraren inaugurazioa Baionan

Nazioarteko XLVII Peñen Biltzarraren inaugurazioa Baionan

Aitor Elizegik, Athletic Clubeko presidenteak, eta Jean René Etcheragaryk, hiriburu lapurtarraren auzapezak, hiru egun luzez egingo den biltzar disdiratsuari hasiera eman diote gaur bertan.

“Iparraldea zuri-gorria da, eta izango da” bota zuen irmotasunez Iparraldeko Peñako kide den Lander Mendiolak asteburu honetan Baionan egingo den Nazioarteko Peñen Biltzarraren nondik norakoak azaltzeko Athletic eta Atletico Madrilen arteko partidan bisita egin zigutenean. Izan ere, gaur arratsaldean modu ofizialean martxan jarri den ekitaldi hau, ezbairik gabe, aukera peregabea da peñista giroaren osasun aparta dastatzeko.

Aitor Elizegik, Athletic Clubeko presidenteak, eta Jean René Etcheragaryk, hiriburu lapurtarraren auzapezak, hiru egun luzez egingo den biltzar disdiratsuari hasiera eman diote gaur bertan. Gogoan izan Nazioarteko Biltzarrak lehenengo aldiz egiten duela jauzi hegoaldetik iparraldera.

Baionako Herriko Etxean egin zaie Biltzarreko parte-hartzaileei ongietorri eta harrera ekitaldia, non Athletic Clubeko ordezkaritza Aitor Elizegi presidenteak eta Jose Angel Iribar eta Jose Mari Argoitia jokalari ohiek osatu duten.

Athletic Clubeko 60 peñek baino gehiago eman dute jada izena Iparraldeko Peñak antolatu duen Biltzarrean parte hartzeko, eta gogo biziz gerturatu dira Baiona aldera ekitaldi ugariz betetako hiru egun zuri-gorri hauek ospatzeko. Merkatu tradizionala bisitatu, hiriko gune historikoak ezagutu, Biarritz aldean osteratxoa egin edo Euskal Museoan antolatutako erakusketarekin gozatzeko parada izango dute bertaratzen direnek. Larunbatean batzarkide guztiek batera ikusiko dute San Mamesen jokatuko den Athletic Club eta Alavesen arteko neurketa eta igandeko lan-jardunaldiak galdu ezinezko hitzorduak dira. Edonola ere, une garrantzitsuenetariakoa, ekitaldiari amaiera emango dion afaria ere memento garrantzitsua izango da, bertan emango baitzaio Aspe-ko Peñari datorren 2020. urteko Nazioarteko Peñen Biltzarra antolatzeko aginte-makila.