undefined

Aduriz: “Poza ematen dit elastiko hau janzteak”

Aduriz: “Poza ematen dit elastiko hau janzteak”

Aritz Adurizek, Aitor Elizegi presidentearekin eta Rafa Alkorta Kirol Zuzendariarekin batera, prentsaurrekoa eskaini du San…

Aritz Adurizek, Aitor Elizegi presidentearekin eta Rafa Alkorta Kirol Zuzendariarekin batera, prentsaurrekoa eskaini du San Mameseko Jose Iragorri prentsa-aretoan bere kontratu berriaren nondik norakoak azaltzeko. Elizegiren eta Alkortaren ongi etorri eta esker oneko hitzen ostean, aurrelari zuri-gorriak onartu du hausnarketa sakon baten ostean erabaki duela bere kontratua beste urtebetez luzatzea, eta “aste honetan bertan hartu dut erabakia” adierazi du.

20 zenbakidun jokalari mitikoak eskerrak eman nahi izan dizkie Klubeko denei, Alkortari eta entrenatzaileari, noski. Hori dela medio, “oso pozik nago amets honetan jarraitzeagatik” nabarmendu nahi izan du. Bere hitzetan, denboraldia zaila izan da oso, eta jasandako bi lesio larrien ondorioz kosta egin zaio desiratutako egoera fisiko aproposa berreskuratzea. Urtarrileko lesioa eta ondorengo errekuperazioa hiru hilabete eta erdiko buruhaustea izan da harentzat; gainera, aurrelariak jasan duen lesiorik luzeena izan da, eta ez da gauza bera 38 urterekin edo 28rekin pairatzea. Aduriz, ohikoa den moduan, argi eta garbi mintzatu da, esate baterako “ez naiz gustura geratu nire denboraldiarekin, eta ez nago harro zelaian emandako errendimenduarekin” adierazi duenean.

Sevillaren kontra azken jardunaldian galdu ostean sentitutako atsekabea izugarria izan zela azpimarratu nahi izan du. Taldeak Europako lehiaketetan sartzeko gogo bizia zeukan arren, “zentrimeto batzuengatik baloiak norabide bat edo bestea hartu bazuen ere, gure ikuspegia ez dugu aldatu behar, ondo amaitu dugu, irmotasuna eta nortasuna erakutsiz”. Taldeak, egoera larriari buelta emateko egindako lan gogorrari balioa eman nahi izan dio, Lehen Mailan horrelakoa egitea ez baita batere erraza.

Aritzek Klubarekiko beti sentitu duen erantzunkizuna ez du sekula ahaztu, eta gaur ere prest agertu da “beti, nire esku dagoen guztia Klubaren onurarako emateko”, eta horregatik, aintzat hartzeko hitzak dira “ez dakizue zer nolako ilusioa egiten didan elastiko hau janzteak”, gaztelaniaz adierazi duenean. Golak sartzeko gosea oraindik ere badaukala aipatu du, baita taldekako zein bakarkako erronka asko ere.