
“Peñista Eguna”-k zuri-gorriz margotu du Sestao
“Peñista Eguna”-k zuri-gorriz margotu du Sestao
Bizkaian urteko egunik beroena izan dugu gaur, baina oraindik ez dago argi tenperaturak jasan duen…
Bizkaian urteko egunik beroena izan dugu gaur, baina oraindik ez dago argi tenperaturak jasan duen gorakada hori eguraldi kontua edo Sestaoko kaleetan bildu diren zale zuri-gorri mordoaren ondorioz izan ote den. Athletic Clubeko Peñen Elkarteak urtero, denboraldiari amaiera biribila emateko antolatzen duen “Peñista Eguna”-k termometroek eztanda egin arteko giro-beroa sortu du ezkerraldeko herrian.
Itzalpean edota itsas-ertzeko freskotasunetik gertu egoteko egun apropos honetan bazter guztietatik iritsitako zale zuri-gorriek Athletic Clubeko elastikoak eta txapelak jantzita jai giroan ekin diote jardunaldi berezi honi.
Udaletxeko ordezkariek Aitor Elizegi presidentearekin Sestaora joan diren Goyo Arbizu eta Itziar Villamandos batzarkideak agurtu dituzte, Peñen Elkarteko ordezkariekin zein XXV. urteurrena ospatzeko egun eder hau antolatu duten Valverde Peñako kideekin batera “Peñista Egunari” hasiera emateko.
Zaleen gozamenerako egun berezi honek txupinazoa, kalejira, Athletic Club Fundazioak etxeko txikienentzat antolatutako Herriz-Herri ekimena edo Benedicta Frontoian bildutako bazkari herrikoi jendetsua bezalako irudi gogoangarri mordoa utzi dizkigu.
Atsedenik hartzeko unerik gabe, Peñen Elkarteak urtero jokalari nabarmenei egindako omenaldian parte hartu dute. Aurten sarituak Peru Nolaskoain eta Lucia Garcia izan dira, baina batak zein besteak, konpromiso pertsonalak zirela eta ezin izan dituzte sariak jaso. Lucia aurrelaria, esate baterako,jada espainiar selekzioarekin Frantziar Estatuan dago bertan jokatuko den Munduko Txapelketa prestatzen.