undefined

Athletic Club Bastia-ren bisita

Athletic Club Bastia-ren bisita

Gaur, ekainak 3, Italiako Athletic Bastia taldeak gure Klubeko instalakuntzak bisitatu ditu.

Gaur, ekainak 3, Italiako Athletic Bastia taldeak gure Klubeko instalakuntzak bisitatu ditu. Eguna San Mames zelaian egindako bisitarekin hasi dute, ondoren Museoaren Tour osoa egin eta Ibaiganera joateko. Bertan, talde “bianco-rossi”-ak klub biak lotzen dituzten istorioak bertatik bertara ezagutu dituzte, Aitor Elizegi presidenteak ongi etorria egiten zien bitartean.

“Prima Categoria”-ko talde honen nondik norakoak hobeto ulertzeko 2012. urterarte atzera egin beharko genuke. Garai hartan, herriko lagun talde batek ordurarteko taldea birsortzeko ardura hartu zuen, eta eredu modura Athletic Club aukeratu zuten. Giancarlo Natalini, egungo presidenteak hasieratik argi izan zuen herriko taldea defendatzeko jokalari aproposenak bertan jaio edo hazitakoak izango zirela. Izan ere, Perugia eta Asis artean dagoen 20.000 biztanle inguruko herri honek historia luze eta zabala dauka. K.a. 11 mende inguru Chiascio ibai ertzean sortutako Bastiako herriak jada bazuen Comunale zelaian bertakoen ohorea defendatuko zuen futbol proiektu berri bat. Athletic Clubek egiten duen moduan, arbasoen harrotasuna defendatuko zuen taldea. Herritik sortua, eta herriarentzat.

Edonola ere, Natalini-k eta adiskideek bazuten hartu beharreko beste erabaki arantzatsu bat: Taldeak jantzi beharreko elastikoa eta koloreak. Konponbidea ere erraza bezain azkarra izan zen: Athletic Cluben filosofia oinarri modura hartu bazuten, zergatik ez erabili elastiko berdina? Kitto! Bilbotik 1.586 kilometrora herriko gazteekin lehiatu eta kolore zuri-gorriak jantziko zituen taldeak lehenengo pausoak eman zituen. Giancarlo Natalini presidenteak onartu duen moduan “Nire erlazioa Euskal Herriarekin oso aspaldikoa da. Lan kontuak medio beti izan dut erlazio estua Bermeoko herriarekin, eta bertara joaten nintzen bakoitzean txundituta entzuten nituen Athletic Cluben inguruko kontuak. Bertakoek Athletic Club bihotzez maite zutela sentitu nuen eta horixe bera nire herrian sortu nahi nuen. Talde apala gara bai, baina harrotasunez defendatzen dugu gure elastikoa”.

Taldea, duela sei urte sortu zenetik, azpiko mailetatik irten eta gora egiteko saiakera egiten du urtero. Edonola ere, zaleentzako hori ez da garrantzitsuena, Bastia defendatzea baizik. Eta horren adibide, Comunale zelaiko harmailan letra larriz idatzita dagoen leloa, “lottare e soffrire per vincere” alegia. Lehiatu eta sufritu irabazi arte.