undefined

Barbollako peñak gure emakumezkoen taldea omendu du

Barbollako peñak gure emakumezkoen taldea omendu du

Barbolla, Athletic Clubeko zaleak edonon jaio eta hazten direla azaltzen duen adibide magiko horietakoa litzateke….

Barbolla, Athletic Clubeko zaleak edonon jaio eta hazten direla azaltzen duen adibide magiko horietakoa litzateke. Madrilera doan N1 errepidearen alboan, Bocegillas-etik gertu, Segoviako herri txiki honek Athletic Clubeko peña itzela dauka. Eta peña itzela dela esatea ez da doako kontua. Basilio del Olmo, Barbollako alkate jaunak argi eta garbi azaltzen du peña honen jatorria: “Lauzpabost zale zuri-gorri hasi zirenbertako bazterrak nahasten eta egun, neguan 120 biztanle dituen herri honek, 70 zalek osatutako peña osatzen dute”. Esan beharrik ere ez dago, alkatea bera ere peñako kidea dela.

Barbollako peñak ekainean antolatzen ditu beti bere urteurrenaren ekitaldi nagusiak. Juan Estebaranz, peñako presidentearen eskutik, urtero festa ederra antolatzeaz gain gure Klubarekin erlazioa duen norbaitek beti jasotzen du omenaldi beroa, eta aurten, emakumezkoen taldeari gorazarre egiteko hitzordu bikaina zenez, Eli Ibarra jokalari ohia Barbollara hurbildu da jai zuri-gorri honetan parte hartzeko.

Barbollako peñak duen egoitzara gerturatu ziren guztiek elizako kanpandorrearen inguruan bueltaka zebiltzan zikoinen ikuskizun ederraren lekuko izateaz gain, jai giro ederrean ospatu zuten egun berezi hau. Ez oso urrun dagoen Sepulveda herriko adiskideak ez ezik Bilbotik joandako zale zuri-gorri mordoa bildu zen Barbollako kaleetan. Uda partean gertatzen den moduan, ekaineko egun seinalatu honetan, Barbollako biztanleria izugarri haunditu zen, eta bertakoek botatako lehoiaren orroari esker beste behin erakutsi zuten Segovian, N1 errepidearen alboan, sentimendu zuri-gorriak nahitaezko geltokia duela.