undefined

Athletic Cluben txirrindulari taldea

Athletic Cluben txirrindulari taldea

Iragan mendeko 20. hamarkadan txirrindulari talde bat eduki zuen Athleticek, mallot zuri-gorria soinean hainbat txapelketa antolatu eta irabazi zituena

Athleticen hasierako estatutuek mota guztietako kirol atletikoak sustatzea zuten helburu,  beti ere ‘Fut-ball’ izenez ezagutzen zenari lehentasuna emanez. Hori dela eta, futbolaz gain, bestelako kirol alor batzuk garatu zituen Athleticek: atletismoa, alpinismoa, txirrindularitza, igeriketa, arrauna, pilota eta hockeya. Horietako batek ere ez zuen luzaroan iraun: 20. hamarkadan loratu ziren denak eta Gerra Zibilarekin bukatu. Hala ere, garaipen zerrenda oparoa utzi zuten atzean, bai eta kirolari handi eta zale ugari ere.

1924ko martxoaren 12an, prentsa-iragarki baten bidez, Athleticek dei egin zien klubeko kide ziren txirrindulariei biharamunean sozietatearen aretoetan batzeko. Domingo Gutierrez, Eduardo Rubio, Fernando Ibañez, Angel Errasti, Adolfo Urrutia, Jose Arechavaleta, Aurelio Miranda edota Marcelino Loroño bezalako txirrindulariak azaldu ziren bertan eta hala, 1924ko martxoaren 13an, Athleticen txirrindulari taldea sortu zuten.

Gogotsu ekin zion taldeak, Bizkaiko eta Espainiako txapelketetan parte hartuz, bai eta Euskal Herriko Itzuliaren lehen edizioan ere. Garaipenei dagokienez, Zumarraga, Tolosa, Gernika, Areeta,  Plentzia edota Getxoko zirkuitu ospetsuetan gailendu ziren Athleticen txirrindulariak.

Taldearen egonkortzea

Parte hartzeaz gain, Athleticen txirrindulari taldeak zenbait lasterketa antolatu zituen ere: beregain hartu zuen, adibidez, 1924ko Bizkaiko txapelketa. Txapelketa bukatzearekin batera, irailaren 28an, amaiera eman zioten Athleticen txirrindulari taldearen lehen urteari. 1925 urtea denboraldi garrantzitsua izan zen Athleticen txirrindularientzat: klubeko Txirrindularitza Batzordearekin elkarlanean, euskal egutegiko lasterketarik garrantzitsuenetako bat antolatu zuten: Bizkaiko Sari Nagusia. Lasterketa honek estatuko txirrindulari onenak bildu zituen bi urtez, eta Demetrio del Val eta Ricardo Montero nagusitu ziren horietan.
Bestelakoan, Athleticen txirrindulariek lasterketa askotan parte hartu zuten, bai eta horietako asko irabazi ere: bederatzi lehen sari eta zazpi gizarte txapelketa eskuratu zituzten 1925ean (Bizkaiko Txapelketa, Lekeitio, Amorebieta, Mungia, Eibar, Getxo, Muskiz…).

Jarraikortasunik gabeko garaipen-zerrenda oparoa

Gure txirrindulariek bolada onari eutsi zioten 1926. urtean: Domingo Gutierrez bigarren sailkatu zen Espainiako Iraupen Txapelketan, Ricardo Montero irabazlearen marka bera lortuta. Bizkaiko Txapelketan Cesareo Sarduy nagusitu zen iraupen eta abiadura modalitateetan eta Fernando Ibañez zuri-gorriarentzat izan zen ere abiadura probako brontzezko domina.

Gipuzkoako III. Itzulian lortutako garaipenak (Gutierrez), bai eta lasterketa horretan lortutako gizarte sariak ere, Iruñeako Udaleko Sari Nagusiak, Eibarresa lasterketako gizarte sariak, Enkarterriko Itzuliko garaipenak…  Hauek guztiek gerian utzi zuten Athleticen txirrindulari taldeak zuen nagusitasuna.

1927ko denboraldia ere arrakastatsua izan zen txirrindulari zuri-gorrientzat: Sarduyk Bizkaiko Txapelketako abiadura proba irabazi zuen bigarren urtez jarraian eta Cepedak gauza bera egin zuen iraupen lasterketan. Sarduy nagusitasunez gailendu zen ere Ibaiondoko belodromoan ospatutako nazioarteko iraupen lasterketan.

Txirrindulari zuri-gorriek erakutsitako abileziak eta ahaleginek, ordea, ez zuten lortu txirrindulari taldeak behar zuen arreta eta bultzada guztia bereganatzea. 20. hamarkadaren bukaeran futbolarien profesionalizazio prozesuan murgildu zen Athletic eta horretara bideratu zituen bere baliabide ekonomiko guztiak. Hala, bestelako kirol alorrak diruz laguntzeari utzi zion klubak eta apurka apurka desagertu egin ziren Athleticen gainontzeko kirol talde guztiak.

* Asier Arrate AC Museoaren presidenteak Athletic Club aldizkariko 105. zenbakian idatzitako artikulutik hartutako pasartea.